Igande honetan, bozka dezagun metamorfosi ekologikoaren alde!

Herriko bozetako lehen itzulia igande honetan iraganen da, eta hauteskunde honen garrantzia argi eta garbia da.

Frantses Estatu mailako eta nazioarteko aktualitateak egunero etsitzeko arrazoi berriak ematen dituela dirudienean, Herriko Etxeek eta Elkargoak dituzten eskumenak beren ahalmen osoz erabili behar dira.

Birtokiratzea, energia-burujabetza, neurritasuna, laborantza politika, garraioak: gure bizi-baldintzen atal handi bat tokiko erabakien bidez finkatzen ahal dugu.

Bizi! mugimenduak igande honetan bozkatzera eta baita ere bakoitzak bere hurbilekoak bozkaraztera deitzen du, zerrenden engaiamendu ekologikoak kontuan hartuz.

Gure herriek botere handiak dituzte!

Etxebizitza berriak sortu, denentzat eskuragarriak, lur eremu berririk kontsumitu gabe.
Elikadura ekoizteko lurrak babestu, tokiko laborantza herrikoi, biologiko eta dibertsifikatuaren faboretan.
Garraio publiko praktikoagoak eta egokiagoak garatu denentzat, oinezkoak, bizikletariak eta garraio publikoak lehenetsiz.
Ekonomia zirkularra garatu –konponketaren, berrerabilpenaren eta hondakinen murrizketaren bidez– tokiko enpleguaren faboretan.
Tokikoa, herritarra eta berriztagarria den energia ekoiztu burujabetza energetikorantz aitzinatzeko.

Hauek dira hautetsi bilakatuko direnek plantan ematen ahalko dituzten 19 neurrietako batzu.
Bizi! mugimenduak neurri horiek osorik gauzatzeko engaiamendua hartzea eskatu die.

61 zerrenda Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko Itunarekin engaiatu dira

Ipar Euskal Herriko hiru probintzietako 39 herritan aurkezten diren 61 zerrenda azken finean engaiatu dira Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko Itunaren alde.

Bizik plantan eman duen barometro ekologikak, Ipar Euskal Herriko 158 herrietan aurkezten diren zerrenda guziak biltzen ditu. Ondoko ezaugarriak aitzinean ematen ditu: 

  • Larrialdi ekologikoak galdatzen duen heinean ekiteko den  Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko Ituna, zein zerrendek izenpetu duen. 
  • Metamorfosi ekologikoaren arloan, zer emaitza lortu duten Bizik 2020-2026 kargualdian segitu dituen gehiengoan ziren 56 taldek
  • Suntsitzailea, behargabea eta biziki kario den AHTren proiektuari buruz zerrendek duten iritzia.

Horrela, bakoitzak hautagai-zerrenden sinesgarritasun ekologikoa jujatzen ahalko du. 

Bizi! mugimenduak herritarrak deitzen ditu igande honetan bozkatzera, eta beren ingurukoak ere bozkatzera bultzatzera, zerrenden engaiamendu ekologikoak kontuan hartuz.

Euskal Herri jasangarri, burujabe eta solidarioaren alde, Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen alde, bozka dezagun metamorfosi ekologikoaren alde!