Huts egin behar ez dena: agorrilaren 17tik 18ra,  Alternatiba Itzuliak geldialdia egiten du Ipar Euskal Herrian!

Ekain hasieran Nantesetik ateratua, Alternatiba taldeak frantses Estatua zeharkatzen du  4 hilabetez larrialdi klimatikoaren mezua herriz herri eramateko, herritarretaz ahal bezain hurbil. Alternatiba Itzuliak Ipar Herrian etapa bat eginen du agorrilaren 17 eta 18an. Ezagutu egitaraua!

Zer da Alternatiba Itzulia?

Alternatiba Itzulia 2024 herritarren mobilizazio garrantzitsua da lurraldeak elkarrekin molde konkretu, jasangarri eta desiragarrian eraldatzeko! Bizikletaz, Alternatiba mugimenduak 5.000 km baino gehiago eginen ditu ekainetik urrira, Nantesetik Marseillara, ateak zabalduko dizkiguten hiri, auzo, herri, herrixketan geldituz.

“Hamarkadetako abisuak eman arren, klima-aldaketaren garaian sartu gira eta lehen ondorioak jasaten ari gira […] Bidegurutze batean gira: bakoitza beretzat ari den, desberdintasun eta injustizia larriagotuen jendartea eraikitzen ari gira, edo elkarrekiko laguntza, partekatzea, elkartasuna eta justizia sozialarena? […]

Gure aldekoei, gure kideei, gure aliatuei, gure partzuerrei dei egiten diegu alternatiba hauek bizi araz  eta handiaraz ditzaten Alternatiba Itzuliaren 2024ko etapetan. Geldialdi horiek, elkarlanean, trebatzeko eta garatzeko aukerak izanen dira baita herritar ekintza dinamikak indartzeko paradak justizia klimatiko eta sozialaren arloan!

Bizi!k, Alternatiba mugimenduko kide sortzaileak, ezin du Alternatiba Itzuliari harrera egitea huts egin!

Egitaraua

Agorrilaren 17an, larunbatarekin

16:30ean: Txirrindiraultza. Ateratzea, Baionako Merkatu estaliko plazatik. 

19:00etan: “Zer estrategia eskuin muturrari eta klimaren desafioari buru egiteko?”  Alternatiba Itzuliaren taldearen eskutik + lagunarteko giroko gaualdia Baionako Zizpa Gaztetxean. 

 Agorrilaren 18an, igandearekin

11:00 Eskuin muturrari buru egiteko, nola eraiki herri mugimendua?”. Ikuspegi gurutzatuak Alda eta Bizi! Patxa plazan, Baionan. 

12:30 Bazkari partekatua. Patxa plazan, Baionan. 

Arratsaldean:  “Bigarren etxebizitzak: Stop ! Aski!” Se loger au Pays – Herrian Bizi plataformaren ekintza. Parte hartu nahi dutenentzat hitzordua 15:15ean Sainte-Eugénie plazako kioskoaren aitzinean, Biarritzen.