AHTari ez, eguneroko tren zerbitzuei bai

Hego-Mendebaldeko Proiektu Handiko (frantsesez: GPSO) Abiadura Handiko Trenbidearen (AHT) proiektua, Bordeleren eta Gipuzkoaren arteko zatia barne, beharrezko aurrerapen gisa aurkezten dute. Aldiz, gero eta herritar gehiagok ikusten dute GPSO proiektua kaltegarria dela: finantza, ingurumen, ekonomia arloetan, baina baita lurralde antolamenduan eta eguneroko mugikortasun beharrei erantzuteko moduan ere. 

Euskal Herrian 30 urte baino gehiago daramatzagu proiektu horren kontra borrokan, garapen-eredu zaharkitua, bidegabea eta suntsitzailea delakotz, ondoko arrazoi hauengatik:

1. Ezin itzulizko ondorioak dituen hondamen ekologiko eta klimatikoa

AHT proiektua ingurumenaren kontrako suntsiketa programatua da, batez ere.

  • Eraikitzeak milioika tona CO2 isuriko ditu lehen trenak abiatu baino lehen. Proiektuaren karbono-oreka oso zalantzazkoa da: hamarkadak iragan beharko dira positibo bihurtzeko.
  • Garraiobide-aldaketa (autoaren edo hegazkinaren ordez trena erabiltzea), sustatzaileen argumentu ekologiko nagusia, gehiegi estimatua da eta oso zalantzazkoa da.
  • Proiektuaren azalera osoa izugarria da: 6300 hektarea lur sakrifikatuko dira. Horien artean:
    • 1500 hektarea laborantza-lur, gure elikadura-subiranotasunerako eta 470 etxalderen jarduerarako ezinbestekoak direnak.
    • 3300 hektarea oihan, karbono-hobi naturalak direnak.
    • 370 hektarea hezegune eta 90 ur-gune.
  • Suntsiketa masibo horrek ekosistemak zatikatuko ditu eta bioaniztasuna ahulduko.
  • Aurreikusten dira, halaber, ur-sareetako nahasmenduak, zenbait guneren iragazkortasunaren galtzea eta lurraren baita uraren kutsatzea.
  • Harrobi berriak ireki beharko dira eta milioika m³ material eraman, linea eraikitzeko beharrezkoak izanen baitira.

AHTak sustatzen du “gero eta fiteago” logika, energia-kontsumo ikaragarria duena. Alta, IPCCk (frantsesez: GIEC) ohartarazi du joera hori lehenbailehen gelditu behar dela. Eredu horrek ez du bat egiten planeta-mugak errespetatuz biziko den gizarte xume eta errespetutsua eraikitzeko asmoarekin, are gutiago, nahi dugun gizarte xume eta errespetutsu hori baliabideen berlokalizazioan oinarritu behar baita. AHTaren aurkako borroka, alabaina, lurzoruaren artifizializazioa geldiarazteko, ekosistema ahulak babesteko eta berotegi-gasen isuriak gutitzeko borrokaren parte da.

2. Finantza-zuloa eta bidegabekeria ekonomikoa

Proiektu horren kostua faraonikoa da: 14 miliar euro, eta kopurua handitu liteke gainera, ahantzi gabe “finantzaketari buruzko buruhauste” handia dagoela.

  • Frantziaren “dena AHT” politika da tren-sare klasikoaren hondamendia ekarri duena, trenbideak gero eta zaharragoak eta gainbeheraren mugan baitira. Politika horrek SNCFren zorpetzea ere eragin du.
  • AHTaren kostuaren % 40 tokiko erakundeek finantzatuko dute, tokiko zergen bidez eta zerga gehigarri baten bidez. AHT geltoki batetik ordubetera bizi diren herritarrek 2 urte daramatzate jada (eta 40 urtez segituko dute) TSE hori ordaintzen, higiezinen zergaren bidez. Tokiko erakundeek, gainera, engaiamendua hartu dute, Europak bere zatia (% 20) ez badu osorik ordaintzen, diferentzia konpentsatzeko, baita kostuaren igoerak eta kudeaketa-gastuak beren gain hartzeko ere. Akize-Gipuzkoa zatia oraindik ez da kuantifikatu eta 14 miliar horiei gehituko zaie.
  • AHT lineek zeharkatzen dituzten lurraldeek onura gutxi jasotzen dute, baina finantza-karga beraiek daramate: hori bidegabekeria handia da.
  • Diru publikoa beste behar askoz ere funtsezko eta erabilgarrietan erabil daiteke: ospitaleak, eskolak edo hurbileko garraioak finantzatzeko, adibidez.

AHTa gastu publiko ikaragarrietan oinarritzen da, baina horien onuradunak erabiltzaile guti eta eraikuntza-sektorea dira (BTP). Alabaina, eraikuntza-enpresa handiek obretatik etekin handiak aterako dituzte. Hori guztia lurraldearen eta bertako biztanleen benetako beharrei bizkar emanez.

3. Ondorio sozial hondatzaileak, bereziki etxebizitzaren alorrean

AHTak ez die erantzuten Euskal Herriko biztanle gehienen eguneroko mugikortasun-beharrei: Estatu osoan tren erabiltzaileen % 6 soilik ibiltzen dira abiadura handiko lineetan.

  • Proiektu horrek zuzenean mesede egiten die goi-kargudunei eta metropoli handietako biztanleei, baita AHTko txartel garestiak ordaindu ditzaketenei ere. Geldialdien kopurua ahalik eta txikiena da bidaiaren denbora murrizteko, eta ordutegiak metropoli handietako erabiltzaileentzat optimizatzen dira.
  • AHTak metropolizazioa areagotzeko arriskua du: lanpostuak eta jarduerak tren-zerbitzu ona duten hiri handietan pilatuz, eta zeharkatutako lurraldeak hustuz, azken lurralde horiek batez ere trabak ukanen baitituzte.
  • Gainera, metropoli eta hiriburuetako populazioa kostalde erakargarrira lekualdatzea bultza lezake, COVID ondoko telelanaren orokortzeak bidea errazturik.
  • Bordelen izan esperientziak erakutsi du AHTaren etortzeak etxebizitzen prezioa anitz igoarazi duela (+%13z 2018an), klase herrikoientzat bertan bizitzea ezinezko bihurtuz. Euskal Herrian, non etxebizitza-krisia oso larria baita jadanik, eta espekulazioak herritar askorentzat etxebizitza eskuragaitz bihurtzen baititu, proiektu horrek gentrifikazioa areagotzeko arriskua dakar. Horrek zuzenean mehatxatzen du bertako biztanleek beren lurraldean bizitzeko aukera.
  • AHTa eraikitzeak ehunka desjabetze eraginen ditu; familiaren etxeak hunkituko dituenean, sufrimendu handiak ekar ditzake. Halaber, inguruko biztanleentzat traba handiak sortuko ditu.

Proiektu horrek eredu sozial bat elikatzen du, non zerbitzuak eta aberastasuna metropoli handietan pilatzen diren, populazio ahulenak bazter periferikoetan utziz, eta lurraldeen arteko haustura areagotuz.

4. Hurbileko demokraziaren ukazio larria

AHT proiektua biztanleek eta haien ordezkari askok bipilki baztertu dute.

  • Inkesta publikoetan, % 90etik gorak eman zuten iritzi negatiboa.
  • Proiektua indarrez pasatu zen “Interes Publikoko Deklarazioaren” bidez, errekurtso anitzen gainetik.
  • Euskal Hirigune Elkargoak, 158 herri ordezkatzen dituenak, AHTaren kontra bozkatu zuen, gehiengo handiz (% 80 kontra 2021eko abenduan).
  • Euskal hautesbarrutietako hiru diputatuak proiektuaren aurka daude.
  • Departamenduko hautetsi guztiek bozkatu zuten bide zaharren modernizazioari lehentasuna ematearen alde.
  • Proiektu hexagonal honen ondorioz tokiko erakundeen aurrekontuak xurgatuko dira.
  • 634 hautetsik sinatu dute Bordele, Baiona eta Irungo auzapezek bide zaharren modernizazioa eskatzeko egin deialdia.

Herritarren oposizioa oso indartsua da: lau manifestazio handi egin dira, horietatik bi 15.000 lagunekin, eta petizio batek 23.600 sinadura baino gehiago bildu ditu. Halako oposizio-mailari, bai herritarrenari eta bai tokiko hautetsienari, bizkar ematea eta “ahots herritarra” ez entzutea tokiko demokraziaren ukazio larria da.

5. Euskal Herriko kultura- eta hizkuntza-dinamikaren kontrako mehatxua

AHTa “hipermugikortasunean” eta hazkundean zein metropolizazioan oinarritutako garapen-eredu zaharkitu baten parte da, eta gure asmoaren  kontra doa erabat: alabaina, Euskal Herri burujabe, jasangarri eta solidario bat, nahi duen ororentzat irekia eraikitzearen kontra doa.

  • Proiektu horrek lurralde-antolamendu zatitu baten eredua indartzen du, metropoli handiak lehenetsiz landa eta bazter-eremuen kaltetan; horrela, Euskal Herri osoaren oreka eta bizitasuna arriskuan jartzen ditu.
  • Bioaniztasunaren antzera, hizkuntza- eta kultura-aniztasuna aberastasun eta erresilientzia iturri da, kultura globalizatuaren uniformizazioaren aurrean. Euskal Herria kultura bizi eta sendoa duen lurraldea da, eta bere hizkuntza dauka: euskara, Europako hizkuntza zaharrena da, 700.000 hiztun baino gehiago dituena. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Ipar Euskal Herrian hiztun kopurua egonkor mantentzen da baina proportzioz jaisten ari da biztanleria handitzen ari delako. AHTak, berriz, “postal” irudiaren bidez erakartzen ditu jende aberatsak, edozein metropolitan bizi daitezkeenak eta telelana egiten dutenak; gehienetan ez dute lurraldeko bizi-indarrean parte hartzen, ez dira tokiko kultura- eta hizkuntza-dinamikan txertatzen.

AHTa eredu zentralizatzaile eta ustiatzaile baten ikurra da; guk, aldiz, lurraldearen ezagutzan, elkartasunean, mugimendu kooperatiboan eta harreman sozial, kultural eta linguistikoetan oinarritutako berlokalizazioa defendatzen dugu, errespetuzko eredu alternatibo bat eraiki nahi dugu.

Alternatiba errealista eta errespetuzkoa badago

AHTaren sustatzaileen argumentuen kontrara, gaur egungo lineak ez daude galkaturik. Gainera, bide zaharren modernizazioa alternatiba bideragarria eta askoz zentzuzkoagoa da.

  • Askoz merkeagoa litzateke.
  • Bordele – Baiona zatian kasik denbora bera aurreztuko luke: 1:19 beharko litzateke (gaur egun 1:35) eta AHTarekin 1:15.
  • Ingurumena askoz gutiago suntsituko luke, eta CO2 gutiago isuriko.
  • Askoz traba gutiago sortuko lituzke.
  • Lurraldeko garraio-beharretara hobeki egokituko litzateke, bereziki trenbideko merkantzia-garraioaren garapenera, errepideko garraioa baino ekologikoagoa baita.
  • Oraingo sarean zerbitzuaren kalitatea, zalutasuna eta jariakortasuna hobetuko lituzke.
  • Egunean zehar tren gehiago (TERak, merkantzia, AHTa) zirkulatzea ahalbidetuko luke.

Alternatiba hori askoz hobeki egokitzen da garapen jasangarri baten ikuspegira eta Euskal Herriko biztanleen eguneroko benetako mugikortasun-beharrei erantzuten die, sare zainduagoa eta saretze hobea eskainiz (fidagarriagoa, eraginkorragoa, berant gutiagorekin), Pariserako “minutu batzuk aurrezteko” helburu hutsaren ordez.

AHTa proiektu zaharkitua da: tokiko oposizio handiari muzin eginez inposatua, biztanleen eguneroko beharretarako alferrikakoa, ekonomikoki jasanezina, ekologikoki suntsitzailea, sozialki bidegabea eta gure lurraldearen berezitasunaren eta nortasunaren kontrako mehatxua dena.

Diru publikoa alternatiba jasangarrietan inbertitu behar da: gure hurbileko garraioak hobetzeko, gaur egungo azpiegiturak berritzeko, etxebizitza-krisiaren aurka borrokatzeko, laborantza-lurrak eta lur naturalak zaintzeko eta etorkizuna eraikitzeko, elkartasunean, xumetasunean eta tokiko burujabetzan oinarriturik.

AHTak Ipar Euskal Herriko honako herri hauek zeharkatuko ditu:

  1. Lehuntze / Lahonce
  2. Mugerre / Mouguerre
  3. Hiriburu / Saint-Pierre-d’Irube
  4. Milafranga / Villefranque
  5. Basusarri / Bassussarry
  6. Ustaritze / Ustaritz
  7. Arrangoitze / Arcangues
  8. Arbona / Arbonne
  9. Ahetze
  10. Senpere / Saint-Pée-sur-Nivelle
  11. Donibane Lohizune / Saint-Jean-de-Luz
  12. Ziburu / Ciboure
  13. Azkaine / Ascain
  14. Urruña / Urrugne
  15. Biriatu / Biriatou

Urrunago joateko