Baionako Herriko Etxeak abenduaren hasieran hogeita hamar bat seinale ezarri ditu Baiona Ttipi eta Handian oinezkoen eremu guzian txirrindularien zirkulazioa debekatzeko. Bizi! elkarteak seinale horiek estali ditu neurri horren aurkakotasuna adierazteko, behargabekoak eta sobera murriztaileak direla azpimarratuz. Bizik sentsibilizazio hobeagoa eta oinezko eremuen inguruko bizikleta-azpiegituren indartzea eskatzen ditu.
Astearte honetan, abenduaren 16an, gaueko 22:00etan, Biziko ekintzaileek Herriko Etxeak berriki ezarritako 29 seinale estali dituzte. Seinale horiek Baiona Ttipiko eta Handiko oinezko eremu osoan —hau da, berrogeita hamar bat karriketan— txirrindularien sarbidea debekatzen dute, 10:30etik 19:15era eta 22:00etatik 6:00etara.
Oinezko eremua oinezkoek lehentasuna duten gunea bada ere, oro har txirrindulariak onartuak izaten dira bertan, betiere oinezkoen erritmoan eta haiek oztopatu gabe ibiltzeko baldintzapean. Herriko Etxeak ezarri seinale berriek aukera hori kentzen dute (ikus Herriko Etxearen agindua).
Bizik gogorarazten du garraioa dela lurraldeko berotegi-efektuko gasen emisioen lehen sektorea; hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko Klima Planak apaltzerik handienak aurreikusten dituen sektorea, baina aldi berean jaitsierarik ikusten ez den bakarra. Herriko Etxeen Trantsizio Ekologiko eta Solidarioko Planak, bizikletaren erabilera-kuota %1,3tik %9ra igotzea eta autoarena %77tik %45era jaistea du helburu 2030erako.
«Bizikletazko mugikortasunean atzerapena duen lurralde batean giren bitartean, Baionak erdiguneko zati handi bat txirrindulariei debekatzeko hartu duen erabakia ulertezina da, eta bizikletaren erabilera sustatzeko politiken atzerapauso onartezina», salatu du Biziko bozeramailea den Gabriel Jourdanek. Elkartearen ustez, erabaki hori baieztatuz gero, Herriko Etxeak harturiko engaiamendua urratuko luke: Herriko bide guziak bizikletaz ibiltzeko manera segurtatzea, egokienak diren azpiegituren bidez, Ipar Euskal Herriko Metamorfosi Ekologikoaren Ituna sinatzean adostu bezala.
«Neurri bidegabe honi desobeditzera deitzen dugu, eta oinezkoei lehentasuna emanez bizikletaz ibiltzen segitzera. Oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza errespetuzkoa nahi dugu. Baina bizikletak debekatu beharrean, jadanik diren oinezkoendako eremuak hobeki funtziona daitezenn nahi dugu: seinaleztapen egokiagoarekin eta sentsibilizazio-ekimenekin, sektore honetan oinezkoak direla lehentasunezkoak gogorarazteko», azaldu du Bizi-ko bozeramaile den Oihana Driollet-ek. Horregatik, militanteek seinale berriak —bizikletaren ondoan oinez doan pertsona irudikatzen dutenak, “Oinezkoen eremua, oinez joan beharrezkoa” mezuarekin— ordezkatu dituzte errepide-kodearen araberako oinzekoen eremu seinale klasikoa irudikatzen duten irudiekin, “Eremu oinezkoa, txirrindulariak emeki ibili” mezuarekin.
Elkarteak, gainera, azpimarratzen du aipatutako eremuaren inguruko hainbat ardatzetan Baionak ez duela inolako bizikleta-azpiegiturarik egin. Adibidez, San Andres plazan —eskola, lizeoa, IUTa eta fakultatea diren tokian— eta hara sartzeko bideetan, Ravignan karrikan eta platanes-en etorbidean, edota Bernède karrikan. Hala ere, bizikleta-azpiegiturak sortzeak txirrindularientzat loturak hobetuko lituzke eta oinezkoen karriketan txirrindularien presentzia murriztuko luke.
Azkenik, Bizik deitoratzen du Herriko Etxeak oinezkoen eremuan baztertu nahi duen oinezkoen eta bizikleten arteko nahasketa harek berak paradoxikoki, espaloi gaineko bizikleta-bideen bidez, sortzen duela, San Izpirituko eta Génie zubietan edo Errepublikaren plazan. Horrek zailtasunak eta tentsioak sortzen ditu oinezkoen eta txirrindularien artean.