Astearte honetan, urriaren 4an, goizeko 10:00etan, Biziko 16 militantek Angeluko Brindos etorbidean “Legea bete! Brindos etorbidearen arraberritzeak ingurumen kodeko L228-2 artikulua bete behar du!” margotu dute. Ekintza horrekin argi utzi nahi dute bide hori arraberritzen ari direlarik Españako etorbidearen eta Belay parkearen artean bizikletaz ibiltzeko antolaketarik ez dela aitzinikusia, nahiz eta legeak hori galdatzen duen. Auzapezak ez duenez legea bete nahi, Bizik gaia auzitara eramaten du.
Legeak argi eta garbi dio: “Hiri bideak eraikitzen edo berritzen direnean, autobideak eta bide lasterrak ez badira, plantan emanak izan behar dira, bizikleta bideak, edo bizikletentzat antolatuak diren bideak, marka berdeak edo elkarguneak edo, norabide bakarrekoak diren galtzadentzat, markak lurrean, zirkulazio beharren eta mugen arabera.[…] Bizikleta-bide horien antolaketa-motak kontuan izan behar ditu mugikortasun-planaren orientazioak, azken hau plantan delarik.»
Brindos etorbidearen antolaketaren baitan, Angeluko Herriko Etxeak bi norabide dituen bizikleta bidea eraiki berri du Belay parkeko ibiltokiaren eta Tour de Lannes karrikaren artean. Elkarteak, mugikortasun aktiboa sustatzeko eta klima eta energia larrialdiei buru egiteko, begi onez ikusten ditu hiriguneak zeharkatu behar dituzten antolaketa mota horiek. Halere, bizikleta bidea Españako etorbideraino luzatzeko ordez, bizikletentzat mozturarik gabeko bide segurua segurtatzeko, auzapezak Españako etorbidearen eta Belay parkearen ibiltokiaren arteko zatian aparkalekuak gehitzea aitzinikusten du, legeak galdatzen dituen bizikletendako antolaketen ordez.
Agorrilaren hasieran gutun artamendatuaren bidez Bizik abisatu zuen Claude Olive, Angeluko auzapeza. Azken honek bere hasierako proiektua atxikitzen zuela erantzun zion: jadanik bazen 30 km/o. eremua atxikiz eta legeak galdatzen dituen bizikleta-antolaketarik gabe.
«Iragan dugun erretzeko beroekin zen uda eta gero, ez dugu ulertzen auzapez batek larrialdi klimatikoari kasu egin gabe segitzea eta jakinean, legea urratzea» erran du Alexia Tosinik, Biziko bozeramaileak. «Lanak gelditzea galdatzen dugu, legeak errespetatzen ez dituzteno».
Elkarteak deitoratu du auzapezak ez dituela errespetatzen Ipar Euskal Herriko Mugikortasun Planaren orientabideak. Azken hauek bizikletaz ibiltzeko mozturarik gabeko antolaketa seguruak garatzea aitzinikusten baitute. «Garraioa euskal kostaldean berotegi-efektuko gasen isurpenen 1. sektorea delarik, onartezina da Claude Olive bezalako auzapezek Ingurumen Kodeko L.228-2 artikulua urratzen segitzea eta herritarrei mugikortasun ekonomikoa errazten dieten eta osagarria eta klima zaintzen duten antolaketak kentzea» dio Teddy Atlani Biziko bozeramaileak.
Auzapezak, Biziren lehen errekurtsoari erantzutea errefusatu eta gero, Bizik auzi-errekurtsoa aurkeztu du Paueko administrazio epaitegian, epaileari galdatzeko auzapezak legea errespeta dezan bizikletaz ibiltzeko antolaketak integratuz. «Herriko etxeek gutienez egin behar dutena, indarrean diren legeak errespetatzea da: Angeluk eredu izan behar du!» uste du Alexia Tosinik.
Legearen urratzea azkenean geldi dadin, Bizik animatzen ditu herritarrak obra proiektu bakoitzarentzat bide antolaketak aintzin ikusiak diren segurta dezaten eta hala ez diren kasuak ohartaraz ditzaten.