Bizi Mugimendua

Parisko Akordiotik 10 urtera, industria fosilek eta Estatuek klima-berotze kontrolaezinera garamatzate oraino

Bizik bat-bateko bi ekintza burutu ditu ostiral honetan, abenduaren 12an, Total eta Société Générale enpresen kontra, duela 10 urte, Parisko Akordioa sinatu zen egun berean. Bizi! mugimenduak industria fosilen erantzukizuna eta Estatuen –Frantziarena barne– konplizitatea salatzen ditu, Lurraren bizitza-baldintzak mehatxatzen dituen +3°C-ko beroketa-ibilbidea segurtatzen dutelako. Tokiko mailatik abiatuz kolektiboki ekiteko premia gogorarazten du, interes orokorra gutiengo baten etekinen gainetik ezarria izan dadin.

Multinazionalak historiaren kontrako norabidean

Ostiral honetan, Biziko ekintzaileak Baionako gasolindegira joan dira eta “TotalEnergies-ek Parisko Akordioa sabotatzen du” (voir ce qui a été officialisé dans la banderole) mezua zabaldu dute multinazionalaren jarduerak salatzeko. Hamarkadetan zehar, nahiz eta bere jarduera fosilaren ondorio lazgarrietaz kontziente izan, petrolio-konpainiak kosta ahala kosta beti berdin segitzen du. 2024an, munduko seigarren berotegi-gas isurtzaile handiena izan zen. “Interes ekonomikoak lehenesteko baliabide guziak erabiltzen ditu: energia fosilen pisua murrizteari uko egitea, greenwashing-a (Frantziako justiziak kondenatua), zalantza fabrikatzea hamarkadetan, hainbat “bonba-klimatiko”ren ustiatzea, hala nola EACOP petrolio-hodi erraldoia” azaldu du Lilas Dinclaux Biziko bozeramaileak.

Société Générale ere jomugan ezarria izan da; bere aitzindegia  “+3°C financés par Société Générale”. inskripzioz estalia izan da. Aitzinapausu batzuk egin dituen arren, bankuak oraino energia fosiletan inbertitzen segitzen du. Reclaim Finance GKEak adierazi du Société Générale-k petrolio eta gas proiektuen finantzaketa %91 goititu zuela 2023 eta 2024 artean. 2015etik geroz, 1570 petrolio eta gas proiektu berri onartu dira; horiek ez ziren posible izanen banku-sektorearen finantzaketarik gabe –BNP Paribas, Société Générale eta Crédit Agricole buru– eta AXA bezalako asurantzen bermerik gabe.

Estatua konplize

Biziko ekintzaileek Emmanuel Macronen potreta behera begira ezarri dute, Estatuak bere zeregina ez duela betetzen salatzeko: interes orokorra multinazionalen etekinen gainetik pasatzea, hauen jarduera zorrotz arautuz eta arlo guzietan beharrezko eraldaketa sakonak plantan emanez.

Estatu frantsesa, bereziki Emmanuel Macronen 8 urteko presidentzia neoliberalean, bere eskas larriei esker aitzinean eman da: Klimaren aldeko Herritar Konbentzioaren proposamen gehienak 2021eko Klima eta Erresilientzia legeetatik kanpo utziak izan dira; Estatua kondenatua izan da klima-engaiamenduak ez betetzeagatik; mugimendu ekologikoak kriminalizatuak izan dira… Hamarkada batean, aitzinapauso guti batzuk lortu dira, eta horiek,  mobilizazio herrikoi zabalaren presioari esker.” nabarmendu du Lilas Dinclaux-ek.

Azken urtean, eskuinaren eta eskuin muturraren ofentsiba anti-ekologistak politika klimatikoak atzerarazi ditu, ekologia bizi-baldintzen kontra emanez. Jarrera hipokrita eta suizida da, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiak zigortzen dituena. ‘Ekologia’ liberalak klase popularrak beren kabuz moldatzera behartu baditu ere, ZFE bezalako kasuetan, debeku neurriei egokitzeko ez aski laguntza eskainiz, aberastasunaren birbanaketa-politikarekin batera joanen litaiken zinezko metamorfosi ekologikoak mundu zuzenago bat eraiki lezake erronka klimatikoa gainditzea ahalbidetuz.” gehitu du.

Parisko Akordioaren mugak

Parisko Akordioa sinatu zenetik 10 urtera, Bizik gogorarazi du oraino +3°C-ko beroketa globalaren ibilbidean girela, Akordioan adierazitako +2°C-tik beherako —eta ahal balitz +1,5°C-tik beherako— helburutik urrun. Bizi! eta Alternatibak Parisko Akordioaren ahultasuna azpimarratu zuten sinatu zen egun berean: “Akordio hau Estatuen borondatezko engaiamenduetan  oinarritzen da berotegi-gasen emisioak murrizteko. Engaiamendu guziak ezagutuak dira eta horien guzien eragina argi da: +3°C-ko ibilbidean ezartzen gaituzte, eta litekeena da hori ere gainditzea, engaiamenduak ez baitira lotesleak, eta ez dutelako, sekulan hitza jana bada, ondorio gisa zigor izpirik.

COP30ek berriki erakutsi du hau: industria fosilaren lobbyen presentzia masiboa, herrialde garatuen engaiamendu eskasa ahulagoak diren eta emisioetan ardura gutiago duten Hegoaldeko herriekiko, Europar Batasunaren entrabaleko rola eta Parisko Akordiotik ateratu  diren Estatu Batuen oposizio irekia. 

Alternatiba eraikitzea

Tokiko mailan, Bizik uste du gizarte zibilak 2015ean oraindik hasi berria zen alternatiben ekosistema sendo bat eraiki duela: eusko tokiko moneta, herritarren esku den energia berriztagarrien ekoizpena eta hornitzea (I-Ener eta Enargia), berrerabilera-eta konponketa-guneak, auto-partekatzea, supermerkatu kooperatiboak eta beste zerbitzu asko, Herriko Etxeek eta Euskal Elkargoak ere erabiltzen hasten direnak.  “Esperantza galtzea industria fosilaren garaipena onartzea da. Deus ez da trenkatua, nahiz eta testuingurua zaila izan. Tokiko mailatik hasiz, kolektiboki antolatuz eta ekinez,  bere etorkizuna erabakitzen duen gizarte jasangarri eta solidarioa eraiki dezakegu. Horrela molde eraginkorrean presioa emanen dugu botere publikoei eta multinazionalei, sistema aldatzeko eta ez klima.”bukatu du Lilas Dinclaux-ek.