Kutsazergaren ordez bidesari baten sortzea gibelatze demokratiko eta ekologiko larri bat da. Kutsazergaren geroa finkatzeko Hollande gobernamenduak plantan eman zuen legebiltzarreko ikerketa lan taldeak berak eginiko gomendioei kasu egin gabe eta garraio, hazkurrigintza eta saltegi handien nagusien lobby oldarkorrenen aintzinean amore emanez Hollande gobernamenduak ezeztatu du legebiltzar kideen gehiengo haundi batek bozkatutako lege bat.
Emaitza harrigarria da: diru sartzeek bakarrik ekarriko dituzte 500 milioi euro urtero, 1,2 miliar euroren ordez eta 300 milioieko urteko etekin garbiaren ordez (FNAUT-en arabera)! Alta herritarrek eta zerga ordaintzaleek behar dute jakin datu garrantzitsu bat, usu gordetua dena: ia 800 milioi euro urteka oparituak izan ziren bidezko garraioetako lobby-ei kutsazergaren plantan emaitearen aintzinetik konpentsatzeko (FNE-ren arabera)!
Opari horietaz, bide garraioetako lobby-a urtero gozatzen da, plantan emana izanen ez den kutsazergaren konpentsazio gisa! Biktimak, herritarrak dira, zeren haien zergek dute ordaintzen oparien arteko eta bidesarien sartze ttipien arteko diferentzia, bideen andeatzearen ardura nagusiena duten kamioiek normalean beren gain bideen mantentzea behar luketelarik hartu.
Garraio kolektiboen proiektuen finantzamenduak ez du gehiago kutsazergatik etortzekotan ziren sartzeen gainean kondatzen ahalko. Beren bide sare gero eta andeatuagoen mantentzeko ere lurralde kolektibitateek ere ezingo dute kutsazergarekin kondatu. Merkantzien bidezko garraioak SNCF-ari, itsas edo ibaietako garraioari egiten dien konkurrentzia desleialak lasaiki jarraitzen ahalko du.
Gure buruzagiek ez ote dute deus ulertu arazo ekologiko, klimatiko eta energetikoaren larritasunaz, edo beren erabakien finkatzeko bakarrik konduan hartzen dituzte nagusien eta industria eta finantza lobby ezberdinen nahien asetzea? Egia erran, bi hipotesiak segurrenik ere bali dira.
Edozoin kasutan, emaitza orokorra aintzinetik jakiten ahal zitekeena da: Hollande gobernamendua arlo ekologikoan eta trantsizio energetikoan, Sarkozy gobernamendua baino oraino guttiago egiteko… untsa partitua da!