Bizi !

Krisia ? Zein krisia ? Bizi!-k bere gisara ospatzen du Ferrari-ren 2012ko salmenten errekorra

Larunbat huntan apirilaren 20an 11:00etan Baionan, Bizi ! euskal mugimendu altermundialistako 35 militante Baionako Ferrari saltokiaren gelan sartu dira, auto marka horrek historian sekulan lortu ez dituen emaitza hoberenen ospatzeko, 2012an lortuak. Krisia eta murrizketak baliatuz, guttiengo bat gero eta gehiago aberasten dela nahi izan dute salatu, eta gehienezko soldata baimenduaren ezartzea fermuki galdegin dute.

 Pacman ultra aberats bat irudikatzen zuen pertsonai bat hasi da hiru Lurra planeten jarraitzen erakutsiak ziren Ferrari desberdinen artean, marka honen serie modeloak 183 000 eta 320 000 euroren artean saltzen direlarik, neurrigabetasunaren eta harrokeriazko kontsumoaren lasterketaren irudiak dira, planetaren oreka klimatiko eta ekologiko haundiak lanjerrean ezarriz.

Anartean eta salmenta eta etekin historikoen ospatzeko, golf jokalariek, jet-set zaleek eta ultra aberatsek aulki zabaletan etzanik xanpaña edaten zuten saltokiaren aintzinekaldeko zelaiaren gainean. Izan ere, Ferrari-ren salmentak %4,5az emendatu dira 2012an -krisi bete-betan beraz- eta marka horren historiako emaitza hoberenak lortu ditu, jakinez duela 66 urte sortudela(urtekonegozioaren zenbatekoaren emendatzea +%8z, eta +%17,8 emaitza garbien aldetik).

Maiatzaren 1ean Baionan, gehienezko soldata baimenduaren aldeko manifestaldia:

Memento berean, beste 4 aktibistek markaren armarria agertzen den metalezko egitura haundia eskaladatzen hasi dira banderola haundi baten zintzilikatzeko, nun irakurtzen ahal zen : « Krisia ? Zein krisia ? ». Beste banderola batzu finkatuak ziren luxuzko garajea inguratzen duten hesietan, gehienezko soldata baimenduaren alde maiatzaren 1ean Baionako manifestaldirat deitzen zutenak.

« Aberastasunen metatzeari muga ezak mundu eskandalugarria eraikitzen du, nun ultra aberatsak gero eta gehiago aberasten diren.

Miliardunen kopurua zartatu da 25 urtetan, 125etik 1226rat (2012an) pasatuz, haien artean 4600 miliar dollar metatzen dituzte » esplikatzen zuen eskuorriak, beste militanteek banatzen zutena auto gidariei eta ondotik pasatzen zirenei.

« Mugarik ez izaite hau ez da gure planetaren ahalekin bateragarria, baliabideen eta satsuduren xurgatzeko ahalen ikuspundutik. » azaldu du Séverine Duchêne-k, manifestarien bozeremaileak. « Horrek baditu ondorio zehatz batzu : laster etorriko den uzkailketa klimatikoa, sekulan ezagutu ez den bio-aniztasunaren hondamendia, ozeanoen egoera kezkagarria, bai eta ur baliabideena, etab. Eta horrez gain, « beti gehiago »ri buruz doan lasterkaldiak sekulan asetzen ez duen frutrazio bat segurtatzen du : hiper-kontsumoaren biktimen miseria morala eta aberastasunen partekatzetik at egoiten direnen miseria materiala hor ditugu ».

Adrien Kempf Bizi!-ko kidearen arabera, « Gaur egun, neurrigabetasunari buruz doan lasterketa buru-hiltzaile honi « Aski da ! » erran behar dugu. Maiatzaren 1ean asteazkenarekin Baionan, gehienezko soldata baimendua kopuru haundian aldarrikatuko dugu manifestaldian,aberastasunaren banatzeko, ezberdintasunen ttipitzeko, planetaren mugen errespetatzeko eta datozen belaunaldien bizi baldintzen babesteko.

eskuorria: