Ekainaren 20an asteazkenarekin 19:00etan Miarritzen (hondartza nagusian) jende kate bateratua osatzeko deia zabaldu dute publikoki ostiral hontan Baionan 24 elkarte, kolektibo eta erakunde desberdinek.
Ondoko hauek dira : Amis de la Terre, ATTAC Pays Basque, ATTAC Landes Côte Sud, ATTAC Marsan, Avenir Garazi-Baigorri, Bizi !, CADE, CCFD, Cimade, CGT Education 64, Collectif Féministe contre les Violences Sexistes, Coordination anti-LGV, EHLG, ELB, Inter-AMAP, LAB, Ligue des Droits de l’Homme, Mouguerre Cadre de Vie, PAF, Terre et Humanisme-Colibris, Surfrider Foundation Antenne Côte Basque , Txirrind’ola, UDE Ustaritz Defendre l’Environnement, Vegan Pays Basque.
Alabainan, Nazio Batuen Konferentzia ofizialarekin (Rio+20 izendatua) batean, “justizia sozialaren eta ekologioaren aldeko, biziaren merkantilizazioaren kontrako eta denen ontasunen defentsaren aldeko populuen gailurra” iraganen da ekainaren 15etik 23rat Rio de Janeiron.
ATTAC Pays Basqueko Claire Deruy-k azaldu duenez, ekainaren 20a mundu mailako ekintza eguna da Herrien Gailurrak deiturik, konferentziaren erronketaz deiadarra jotzeko eta beste etorkizun bat nola gauzatzen ahal den erakusteko!
CADE-eko Victor Pachon-entzat, naturaren eta biziaren merkantilizaziorantz urrats berri bat ukatu behar da, hots Rio+20 konferentzia ofizialak proposatzen duen ekonomia berdea ukatu behar da : karbonoaren merkatua eta espekulazioa, agroerregaiak, naturari eta biziari patenteak ezartzea, lurra eta oihanen pribatizazioak etab…tokiko komunitateen eta ingurumenaren kaltetan.
Azkenik, Bizi!-ko Txetx Etcheverry-k zehaztu du mundu osoan zehar antolatuko diren ehunka ekintzekin batean antolatuko dela Miarritzeko jende katea, naturaren ontasunak, izan daitezen ura, zoruak, airea ez direla ez merkantziak ez finantza aktiboak, denen ontasunak direla azpimarratuz.
Jende kate horrek justizia soziala eta ekologikoa aldarrikatuko du, hazkundearen lasterketa eroa ongizaite eta neurritasunarekin ordezkatuz, laborantza iraunkorra elikadura burujabetza, denen ontasunen berganatze kolektiboa, trantsizio energetikoa, ekonomiaren bertokiratzea etab…
Toki mailan batez ere, egiazko alternatiba eta aterabideak ez dira eskas : tokiko garraio kolektibo neurritsuagoak, garraio mota eztiak eta AHT suntsitzailea, xahutzailea, ezertarako ez denaren kontrako borroka; itsasoko eta erreketako uraren kalitatea berreskuratzeko borroka erreserbak babestuz ere, tokiko monetak, tokiko laborantza iraunkorraren sustengua, AMAP-en biderkatzea, banatze zirkuitu laburrak, ondarkinen bereixketaren aldeko borroka eta gasaren espekulazio eta merkatuaren kontra (gas hodi desberdinak…)
Natura denen ontasuna da, haien “ekonomia berdea”ri ez!
Justizia soziala eta ekologikoaren alde,
denak Miarritzerat ekainaren 20an asteazkenarekin 19:00etan!