Bizi !

Ipar Euskal Herria, metamorfosi ekologikoaren 0 fasean da: 2021eko txostenaren emaitzak

Larunbat honetan, azaroaren 6an, COP 26aren erdian eta urtebeteko kargualdiaren ondotik, Bizik Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko bere lehen txostena aurkezten du. Txosten hori herritarren lanaren emaitza da. Elkarteak, larrialdi klimatikoaren aitzinean beharrezkoa den metamorfosi ekologikoa martxan ezartzeko geldirik egoite orokorra salatzen du. Metamorfosi ekologikoarekin engaiatuena den herriari, larrialdi ekologikoaren aitzinean burua gehienik hondarrean sartu duen herriari, eta bere ekintzei buruz mutuenik egon den herriari saria emateko parada izan da.

Berotegi-efektuko gasen (BEGen) isuri globalak izigarri goititzen direlarik eta klima-aldaketa aurrekaririk gabeko erritmoan lastertzen eta areagotzen den heinean, tokian tokiko politika gehienek oraindik ez dute, berotze globalaren kontrako borrokan parte hartzeko eta lurraldearen prestatzeko premiazko neurririk hartzen.

Kagualdiek lehen urtea gainditu dutelarik, Biziren Begirale Ekologikoek Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko 1. txostena argitaratu dute: Euskal Elkargoak eta herriko etxeen gehiengo handiak ez dute hasi datozen nahasmenduei aurre egiteko bizileku edo habitat bizigarri eta egokitu baten segurtatzeko beharrezkoa den metamorfosi ekologikoa. Alabainan, segituak diren 56 herriko etxeetarik (Euskal Elkargoaren biztanleriaren %87), herrien gehiengo zabala (40) ekintzarik gabeko 0 fasean da.

Herriko Etxeen metamorfosiaren batez besteko puntuazioa 4etarik 0,3 da: Ipar Euskal Herriko metamorfosia ez da oraindik hasia! Baiona eta Itsasu dira metamorfosiaren 1. fasera -arroltze mailara- osoki heltzen diren bi herri bakarrak, batez beste 4 etarik 1,1 dutelarik.

Baliteke ekintza batzuk gutxietsia izaiteak, Herriko Etxeek eskaturiko adierazleentzat emaniko informazio eskasa gatik. Alta, informazio gehienak interes orokorreko datuak dira eta, 2016ko Errepublika Digitalaren Legearen arabera, jadanik sarean argitaratuak izan behar litaizke 3.500 biztanletik goitiko kolektibitateentzat.

“Herriko Etxe gehiegik ez dituzte Itunaren engaiamenduak errespetatzen eta ez dute legea errespetatzen ere, deitoratu du Sabine Endara Biziko bozeramaileak. eta Sarako Begirale ekologikoak. Ez dute bizikletentat antolamendurik aurreikusten bideen sortzeko edo berritzeko garaian (ingurumenaren L.228-2 eta L.228-3 artikuluek dioten bezala); ez dute astero menu begetarianorik eskaintzen edo janari biologiko eta kalitatezko nahikoa eskaintzen beren jantokietan (EGalim legea). Ez da borondate politiko falta soilik: legeak manatzen duena ere ez da errespetatua!».

Zertan da ene herria metamorfosi ekologikoaren arloan?

Begirale Ekologikoen arabera, oraindik bide luzea bada egiteko lurralde forma berri erresiliente bat sortu arte. Herri ezberdinen emaitzak sareko mapa honen bidez eskuragarri dira eta QR Kodeen bidez ere eskuragarri izanen dira txostenaren bilduman eta hedatuak izanen diren afitxetan.

Metamorfosi ekologikoaren egoeraren bilduma Ipar Euskal Herrian 2021

Herritarren jarraipen hori koordinatzen duen Hitza Hitz batzordeak txosten osoa ere argitaratzen du, emaitzen xehetasunekin eta erdietsitako metamorfosi fasea finkatzeko begirale ekologikoek plantan eman metodologia zorrotzarekin.

Txostenaren aurkezpenaz gain, Bizik “merezimendutsuenak” diren herriak ohoratu ditu denboraren aurkako klima-lasterketaren aldeko beren engaiamenduarentzat.

  • 2021eko Urrezko Tximeletaren irabazlea Itsasu da. Sari hau Itsasuri emana zaio bere asmoak bere PLUaren zonifikazio eta araudietan molde eraginkorrean gauzatzeko sustapen gisa eta lurraldearen elikadura burujabetzan zinez lagundu nahi duten herrientzat segitzekoa den eredu bat baita.
  • 2021eko Urrezko Ostrukaren irabazlea Donibane Lohizune da. Sari honek bereziki ohoratzen du Jean-François Irigoyen jauna, Donibane Lohizuneko auzapeza, ««oro autoz» moldearen ordezkatzeko mugikortasun eskaintza moderno eta eraginkorra eraikitzea.» xede nagusitzat duen Mugikortasunen Sindikatuko presidente gisa duen engaiamenduarentzat!
  • 2021eko Urrezko Karparen irabazlea Biarritz da. Agintaldiko lehen urte honetan zehar Hitza Hitz batzordeak harekin harremanetan sartzeko saiakera ezberdinei isiltasun handienarekin erantzun duen Itunaren izenpetzaile den hiri bakarra da.

Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, egin klik hemen edo xehetasun gehiagorentzat gurekin harremanetan sartu posta elektroniko bidez hitzahitz@bizimugi.eu helbidean.