Bizi !

Herri Hauteskundeak 2020: Bizik hautagai diren zerrendak Metamorfosi ekologikoaren Itunaren izenpetzerat eta lehen 43 izenpetzaileen juntatzerat gomitatzen ditu

Larunbat honetan, otsailaren 22an, Herri Hauteskundeak aintzin iragan den azken Elkargoaren Kontseiluaren karietara, Biziko 6 ekintzaile etorri dira Euskal Elkargoko hautetsien eta datorren Herri hauteskundeetako hautagaien  topatzera, eta trantsizio ekologikoaren arloan, engaiamendu handinahien hartzerat gomitatu dituzte. 

Mugimendu ekologistaren kideek deitu dituzte Herri hauteskundeetarat aurkezten diren zerrendak Ipar Euskal Herriaren Metamorfosi ekologikoaren aldeko Itunaren izenpetzerat lehen izenpetzaileak juntatuz.  Haien mezua, Ituna oraino izenpetu ez duten zerrendentzat argia da: “Jada 43 zerrendak izenpetu dute, eta zuk?

Anthony Lubrano elkartearen bozeramailearentzat, “Klimarentzat, azken kargualdia da. Gure lurraldean ekitea baitezpadakoa da, gure berotegi efektuzko gasen isurketek ingurumenaren gan dituzten ondorioen ttipitzeko. Horregatik, hautagai diren zerrendei galdegiten diegu 7 temaktiketan engaiatzerat, Ituna izenpetuz eta herrietarrei, ikusterat zein zerrendek Ituna izenpetu duten, bozkatu aitzin  (pacte2020.bizimugi.eu). Azken kargualdian engaiamenduen gauzatzearen arloan eraman duen jarraipen lana eta gaur egungo egoeraren azterketa dela eta, Bizik baloratuko ditu Ituna izenpetu duten hautetsien ekintzak, baina sustut, indarrak bikoiztuko ditu datorren kargualdian klimaren alde mugitzea aintzat hartzen ez duten hautetsiak hurbiletik segitzeko, azken hauek Ituna izenpetua badute edo ez ere. 

Mobilizazio hau jarraituko da, astelehenetik larunbatera, martxoaren 2tik 7ra, Mauletik Baionara iraganen den Martxa Herritar batekin. Martxoaren 7an, Baionan, manifestaldi familial eta aldarrikatzaile bat abiatuko da 15:00etan, Herriko Etxe aitzinetik. Manifestaldiak larrialdi klimatikoaren mezua eramanen du hautagai diren zerrendak animatzeko Itunaren izenpetzerat eta hautesleak animatzeko ikusterat, bozkatu aitzin, ea zerrendak zinez Itunaren izenpetzaileak diren. Manifestaldiko parte hartzaile bakoitza gomitatua da lurraldearen metamorfosi ekologikoaren aldeko Itunaren 7 tematiketarik bat bere maneran aurkeztea.