«Hobeki aloitzea eta gutiago eraikitzea, posible da!» hitzaldi-eztabaidak 100 lagun bildu ditu apirilaren 25 honetan, asteartarekin, Baionako Züzülün. Bizi!, Alda, Urritasun zoriontsu eta sortzailearen aldeko mugimendua eta COL Etxebizitzaren Langile Batzordeak elkarrekin aztertu dituzte Euskal Herrian etxebizitzaren erronkak, aldaketa klimatiko testu inguruan. Hitzaldi hau urriaren 7an eta 8an iraganen den Euskal Herria Burujabe ekitaldia aitzin eginen diren zazpi topaketen edo 7 jauzien, lehen hitzordua da.
Astearte arratsean, 100 lagun elkartu dira Züzülün, Bizik gomitaturik, Euskal Herriko etxebizitzaren gaiaren inguruan. Klima-aldaketak gure biziak itzulipurdikatzen eta desberdintasun sozialak handitzen dituelarik, gomitatuek beren diagnostikoak eta lurraldeak bere ganatzen ahal dituen aterabideak aurkeztu dituzte. Planetaren mugak eta biztanle guziak errespetatuz, Euskal Herrian bizitzeko moldearen kolektiboki eraikitzeko arloan aitzina pauso ederra.
Philippe Madec, Urritasun zoriontsu eta sortzailearen aldeko mugimenduaren sortzaileetarikoa den hirigile eta arkitektoak, eraikuntzak eta birgaikuntzak geografia, klima, baserri giro eta hiri testuingurura egokitzen dituen arkitektura aurkeztu zuen. Bizi-kalitatea, energia eta ur-kontsumoa zaintzen duten eta berriztagarri eta berrerabilgarrien gaiaz arduratzen diren etxebizitzak diseinatzen dituen ikuspegia.
Gure hiriak birpentsatzeko, jadanik hor denetik abiatzea posible da. Materialak berrerabiltzeko, laborantza lurrak eta eremu naturalak zaintzeko, baina baita etxebizitza sozialen ekoizpenaren alde borrokatzeko eta Euskal Herriko higiezinen espekulazioari buru egiteko. Alda elkarteko Léa Vavasseur-ek joan den otsailean alokairu turistikoen kopurua mugatzeko martxan ezarri den konpentsazio legea betearaztearen garrantzia nabarmendu du.
Imed Robbanak ordezkatzen duen COL kooperatibak, bere aldetik, tokiko saila (FILOHA) sortu du eko-eraikitako etxebizitza sozialarentzat, etxebizitza osasungarriagoak eta ekologikoagoak eskaintzeko (tokiko materialak eta jatorri biologikoak dituztenak erabiliz) eta energia guti kontsumituz. Aniztasun soziala eta belaunaldien arteko elkartasuna Ipar Euskal Herrian bultzatzen duen etxebizitza sozial ekologikoak ekoizten eta babesten dituen proiektua.
Biziren Etxebizitza-Habitata taldea, gaualdiaz baliatu da sintesi lan pedagogiko baten aurkezteko, sktechnote deituriko marrazki baten moduan. Bertan, Euskal Herri jasangarri, burujabe eta solidario baten eraikitzeko problematikak, erronkak eta altxaprimak bilduak dira. Gero, hizlariekin ukan trukaketak luzatu dira dokumentazioekilako erakusmahaietan… pintxo eta trago zonbaitzutaz lagundurik.
Hitzaldi honek Euskal Herriko zazpi probintzietariko bakoitzean ospatuko diren 7 gertakari edo hitzorduren “7 jauziak” sekuentziari hasiera eman dio. 2. jauzia ekainaren 2an eginen da Arabako Agurainen, gai ekonomikoen inguruan. ELA sindikatuko Nazio Kontseiluaren karietara, bertan ekonomia fosil eta estraktibistaren trantsizio ekosozialerako bide-orri proposamen bat hurbildua izanen delarik.
Urriaren 7 eta 8an, Euskal Herria Burujabe 2023 ekitaldiak Baionako hirigunea animatuko du bi egunez lurralde proiektu hau ezagutarazteko eta milaka lagun mobilizatzeko. Ekitaldi hau elkarrekin eraikitzen laguntzeko, maiatzaren 6tik 8ra prestaketa tailerretan parte hartzera gomitatuak dira herritarrak.