Bizi !

Ezohiko berria: justiziak frantses Estatuari CO2 isuriei dagokienez Estatuak berak harturiko engaiamenduen betetzeko agindua eman dio

Bizik ongi etorria egiten dio Parisko Auzitegi Administratiboaren erabaki historikoari: hemendik goiti, gobernuek ezingo dute larrialdi klimatikoaren gaia saihestu. Ostegun honetan, urriaren 14an, Parisko Auzitegi Administratiboak Frantziako Estatua kondenatu du Parisko Akordioaren karietara Estatuak hartu engaiamenduen betetzerat eta Estatua alfer egoteak eragindako kalte ekologikoen “konpontzerat”.  

Alabaina, 2015 eta 2018 artean, Frantses Estatuak 15 milioi tona CO2 gehiago isuri zituen bere buruari ezarritako mugarekin alderatuta. 2022. urterako, beraz, Estatuak kalte horiek konpondu beharko ditu karbonoaren aurrekontua 15 milioi tonaz murriztuz. Beste molde batez erranez, bere isurketak erdira murriztuz hasierako engaiamenduekin alderatuta. Baina afera ez da hortan bukatzen. Aurrekaririk gabeko epaiketa honek, geroan etorriko diren gobernuak ere behartzen ditu, edozoin izanikan ere haien kolore politikoa, Frantses Estatuak hartu klimaren aldeko engaiamenduen errespetatzerat ez dadin Estatua legez kanpo egon eta zigor berriei aurre egiterat behartua izan.  

Mendeko Aferaren azken atala  

Joan den otsailean, Mendeko Aferaren karietara, lau GKEren —Greenpeace France, Oxfam France, Notre Affaire à Tous eta Fondation Nicolas Hulot pour la nature et l’homme (FNH)-ek bi milioitik goiti izenpetzaileren sustenguarekin, Estatua klimaren arloan alfer egotea gatik kondenatua izan zen, ber auzitegiaz. Baina gaitzespen horrek ez zuen inolako betebeharrik suposatu Frantziak hartutako engaiamenduak betetzen direla segurtatzeko. Horregatik gaia berriz epaitegietara itzuli da. Oraingoan, epaia ezin zen argiagoa izan: Estatuak ekin behar du, oraindanik. Mezu sendoa hurrengo presidentgorako hauteskundeei begira.  

Ipar Euskal Herrian, Herriko Etxeek eta Euskal Elkargoak ere ekin behar dute  

Euskal Elkargoko hautetsiek Klima Planaren bidez lurralderako daramaten asmoa 2030erako isurketak %19az murriztea da, Europar Batasunak bozkatutako isuriak %55ez murrizteko helburutik urrun. 2020ko martxoan 46 zerrendek beren Herriko Etxeko gehiengoa lortu dute Metamorfosi Ekologikoaren Ituna sinatu ondoren! Egintza horren bidez, hautetsiek ekiteko engaiamendua hartu dute, Herriko Etxeko eta Euskal Elkargoko hautetsi gisa. Hitza Hitz batzordeko Begirale ekologikoen jarraipen lanaren ondotik, Bizik COP 26a iraganen den ber momentoan, 2021eko azaroaren 6an, larunbatez, Euskal Herrian metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko lehen txostena argitaratuko du. Karia horretara, ohoratuak izanen dira beren ekintzaren gatik edo ekintza eskasarengatik “merezimendutsuenak” diren Herriko Etxeak.

Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, egin klik hemen edo xehetasun gehiagorentzat gurekin harremanetan sartu posta elektroniko bidez hitzahitz@bizimugi.eu helbidean.