Bizi Mugimendua

Eskuin muturraren aitzinean, herri harresia

“Kanon frantsesaren aitzinean, Herri Harresia” herri dinamikak ondoko deialdiak eta kontsignak jakinarazten ditu azaroaren 28an Biarritzen antolaturiko mobilizazioaren harira.

Herri Harresiak Euskal Herriko herritarrei dei egiten die Biarritzera masiboki hurbil daitezen, Kanon frantsesa eta eskuin muturra errefusatzeko. Ikurrina eta jatekoa zein edatekoa ekartzeko deia ere luzatzen du. Izanen diren mobilizazioetan euskal dantzak, kantuak eta hamaiketako erraldoia izanen dira.

Herri Harresiak eta Kanon frantsesaren kontrako Kolektiboak hiru mobilizazio gune amankomun adostu dituzte, honako hauek:

  • Ipar Euskal Herriko barnealdetik heldu den jendearentzat: Eden Villages Bela Basque kanpina (Etchecopar etorbidea 2, Angelu), Pitoys eremutik ateratzean: 43°27’51.83″N / 1°31’57.12″W
  • BABetik (Baiona-Angelu-Biarritz) heldu den jendearentzat: Mousse-Iraty biribilgunea, « Grand Frais » supermerkatuaren ondoan (Pelletier karrika 6, Biarritz): 43°28’2.57″N / 1°32’30.17″W
  • Hego Lapurditik eta Hego Euskal Herritik heldu den jendearentzat: Leclerc supermerkatuaren ondoko biribilgunea, Irati gelaren behealdean, E.Leclerc supermerkatuaren ondoan (Hirondelles karrika 1, Biarritz): 43°27’47.46″N / 1°32’20.24″W

GARRANTZITSUA: Iraty gelara doazen errepideak eta sarbideak 11:00etatik aitzina itxita izanen dira. Beraz, Herri Harresiak 11:00ak aitzin bertaratzeko deia egiten dizue.

Mobilizazio honetara ahalik eta jende gehien autoz etortzeko deia egiten dugu. Autoz hurbiltzen direnei eskatzen diegu ibilgailuan bertan gera daitezen eta, bidaiariak hiru mobilizazio guneetako batean utzi ondotik, aitzinera jarrai dezaten. Gisa berean, Herri Harresiaren Telegram eta WhatsApp kanaletan denbora errealean emanen diren kontsignak segitzeko eskatzen diegu.

HERRITARREI DEIA: Herri Harresiak tokiko herritarrei dei egiten die mobilizazio honetan parte hartzeko asmorik ez badute, eremu osoa saihesteko, hots: Biarritzeko tren geltokiko biribilgunearen, Irati gelaren eta Mousseko biribilgunearen arteko eremua, baita Maignon artisau-gunea ere. Izan ere, eremu horretan trafikoa oso kaltetua izanen da 11:00etatik 14:00etara edo 15:00etara gutxienez.

Herri Harresiak azaroaren 28ko mobilizazioak antolatzeko koadroa eta izpiritua oroitarazten ditu: eskuin muturrari sarbideak irmotasunez, molde baketsuan, herrikoian eta engaiamendu osoz blokeatzea da helburua. Segurtasun zerbitzu bat antolatu da blokeoetan parte hartzen duten pertsonak eskuin muturreko kideen eta jarraitzaileen balizko erasoetatik babesteko.

Kanon frantsesak inportatu nahi duen ikuspegi frantses chauvinista eta baztertzaileari, Euskal Herriko besta eta kulturaren izaera elkartzaile, herrikoia eta irekia kontrajarriko diogu. Azken urteotan, Euskal Herrian herri mobilizazioaren bidez aitzinamendu garrantzitsuak lortu ditugu. Oraingoan ere, herri gisa eta kolektiboki arituz, Euskal Herriak erakutsiko du karrikan eskuin muturrari bidea hesteko gai dela.

Herri Harresiak heldu diren egunetan informazio eta zehaztasun gehiago emanen ditu. Milesker Telegram eta WhatsApp kanalak arretaz segitzeagatik:

WhatsApp kanala: https://whatsapp.com/channel/0029Vb8vfqb6GcGKb2lfpN3T

Telegram kanala: https://t.me/+OWAnbS4eqw45M2U0 

Herri Harresiaren Biltzar Nagusia azaroaren 24an, asteartearekin, eginen da, 19:00etan, Baionako Lan Burtsan (Santa Ursula plaza 10, tren geltokitik hurbil). Herri mobilizazio determinatu honen azken prestaketak eta antolaketa eztabaidatuko dira bertan. Ahalik eta militante gehien bertan izatea espero dugu.