LAURE legeak (Loi sur l’Air et l’Utilisation Rationnelle de l’Énergie / Airea eta Energiaren erabilpen arrazionalari buruzko legeak) bere 25 urteak ospatu ditu. Bere 20. artikuluaren bidez, bideen sortze edo arraberritzeen karietara, bizikleta bideen obratzeko betebeharra plantan eman du. Azken mende laurdenean, lege hori betearazia izan bazen, bideen kudeatzaile guziek (Herriko Etxeek, Elkargoek edo Departamenduek) molde progresiboan parada ukanen zuten, gauzatuak izanen ziren obren araberan, bizikletendako antolaketekin lurralde guzia saretzea. Alta, legea usu ez da konduan hartua izan eta oraino ere hala da… Alta, berriz baieztatua izana da eta zehaztua Ingurumenaren kodeko L228-2 artikuluan LOM Mugikortasunen Orientatzeko Legearekin:
«Autobide edo errepide lasterrak ez diren hirietako bideen obratzeen edo arraberritzeen karietara, plantan emanak izan behar dira bizikletendako bideak, bazterbideak, bide berdeak, topaketa guneak edo bide bat duten norabide bakarreko galtzadentzat, lurreko markak zirkulazioaren behar eta hertsaduren arabera.»
Hirietako bideak aipatzean, ez dira bakarrik hirietan diren bideak konduan hartu behar. Botere arautuak eta juje administratiboak, hainbat aldiz baieztatu dute ulertu behar dena dela «artikulu hau hiriguneetan aplikatzen dela, errepide kodeak dion moduan, edozoin izanikan herriaren neurria eta edonor sarearen arduraduna». Horrela, herri guzien kontua da lege horren errespetatzea, bidea herriko mugen barnean den heinean, hots, herriaren izenarekin doazen bide seinaleen artean, eta zirkulazio publikoari idekia den heinean.
Iraganean berdin interpretatua izan da bizikletendako antolaketak gauzatuak izan behar zirela zirkulazioaren behar eta hertsaduren arabera. Alta 2020ko azaroaren 30eko erabakiaz Estatu Kontseiluak gaia argitzen du eta baieztatzen du L228-2 artikuluak behartzen dituela kolektibitate publikoak bizikleta bide baten sortzera obrak badirelarik. olektibitateek duten hautua da zer antolaketa mota plantan eman nahi duten ikustea baina ez antolaketa bat plantan eman behar den edo ez.
Legearen urratzea azkenean geldi dadin, Bizik animatzen ditu herritarrak obra proiektu bakoitzarentzat bide antolaketak aintzin ikusiak diren segurta dezaten eta hala ez diren kasuak ohartaraz ditzaten.
Ondoko hilabeteetan ekintzak burutuak izanen dira, lege hau publiko zabalak gehiago ezagut dezan eta kolektibitateek serioski konduan har dezaten. Intersatua bazira, etor gurekin hilabete guziz biltzen den Garraiobide Alternatiboen aldeko lantaldera.
1. 2002ko urriaren 31ko ministerioko agindua, errepide sare nazionaleko bideen garapenean txirrindulariak konduan hartzeari buruz. Ikus, ere, CAA Bordele, 2006ko ekainaren 1a, Castelfranc herria, 03BX01776 zk.; CAA Nancy, 2005eko martxoaren 24a, 00NC01551 zk.; eta erantzuna, 63686 QE zk., 2001eko irailaren 24an Aldizkari Ofizialean argitaratutako erantzuna, 5462 orria.