Udako muturreko gertakari klimatikoak hor dira horren baieztatzeko: premiazkoa da gure berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea! Bizik Donibane Lohizunen, irailaren 25ean, igandez iraganen den Txirrindiraultzan parte hartzeko deia luzatzen du, herrian bizikletaz ibiltzeko antolaketa seguru eta ezin hobeak izateko plan handi baten aldarrikatzeko.
42,9°C Biarritzen ekainaren erdialdean. Landesetako eta Gironde-ako oihanetan “mega-suteak”. Frantzia metropolitar osoa idorte alertan ezarria. 2022ko uda honetan, Euskal Herrian, Frantzian eta Europan, hondamendi klimatikoak aurrekaririk gabeko mailan biderkatu dira. Berriz ere frogatzen du egoeraren premia erabakigarria. Alta, aldaketa horri ahal bezain untsa egokitzeko eta aurre egiteko jarraibideak argi eta garbi markatuak dira. Horregatik, beharbada, etsigarria da hainbat erabaki-hartzaile austrukaren politikarekin tematurik beren burua hondarrean sartzen ikustea.
Donibane Lohizunen, Jean-François Irigoyen auzapezak eta haren gehiengoak autoa lehenesten segitzen dute –Foch guneko aparkalekuaren, hots, hiriguneko autoen uzteko 427 tokiren eraikuntzak erakusten duen bezala– mugikortasun eztien kaltetan. Aldi berean, oraindik aztertua izaiten ari den hiri-bizikleta mugikortasun planak, antolaketei dagokienez gutienekoekin aski du momentuz. Eta bere gauzatze osoa 2028 inguru aitzin ikusia da!
Bizik ber maneran, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak egoera horretan duen erantzukizuna argi utzi nahi du. Azken honek du, hain zuzen, Charles-de-Gaulle zubia bikoiztuz, Donibane Lohizune eta Ziburu arteko oinezkoendako eta bizikletendako zubiaren proiektuaren burutzearen ardura. 2018az geroztik “lo” den proiektua, jendarteak galdatzen du, baina oraino geldirik da. Hala ere, alternatiba baketsua eskainiko lieke gaur Charles-de-Gaulle zubi arriskutsua zeharkatzeko beren bizikletatik jautsi behar diren txirrindulariei.
Oroitarazten dugu euskal kostaldean berotegi-efektuko gasen isurketen lehen jatorria garraioa dela. Bizikletaz ibiltzeko antolaketa seguruak sortzen badira, gure eguneroko bidaietan (lanarendako, erosketendako, etab.) autoak duen leku inportantea azkarki ttipitzen ahalko da.
Horregatik Bizik dei egiten die mugikortasun eztien eta garraiobide alternatiboen defendatzaile guziei bai eta klimaren atzera biderik gabeko nahasmendua errefusatzen duten guziei, irailaren 25ean, igandez, giro alai eta aldarrikatzailean Donibane Lohizuneko Verdun plazatik 15:00etan abiatuko den bizikleta martxan parte hartzera. Helburua: mozturarik gabekoa eta behar bezain segurua den sare bat galdatzea, lehenbailehen denek Donibane Lohizunen bizikletaz ibiltzeko parada ukan dezaten.
Aldaketa, mundu osoan hasi da.
Donibane Lohizunetik ere pasatu behar da!