Bizi Mugimendua

Bizik hautagai diren zerrendei 2026ko Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko ituna sinatzeko deia egiten die, herriko bozak aitzin

Herriko bozen lehen itzulirako hiru hilabete falta direnean, Bizik gaur argitaratu du 2026ko Klimaren eta Euskal Herriko Biztanleen aldeko Itunaren behin betiko bertsioa. Bertan agertzen diren 19 neurrietarik bakoitzak, gauzatu beharreko ekintzak ez ezik, baliabideak eta adibideak azaltzen dituen fitxa zehatz bat badu. Elkarteak hauteskundeetan aurkezten diren zerrenda guziei Itun hau sinatzeko deia luzatzen die, indarrez eta determinazioz ekitera engaia daitezen, etorkizun bizigarria bermatzeko denen ongizatea eta osasuna hobetuz.

IPCC erakundearen azken txostenaren arabera, etorkizun erresiliente eta bizigarria gure helmenean dugu oraindik, “hamarkada kritiko” honetan berotegi efektuko gasen isurketa handizki, laster eta modu iraunkorrean murrizten badugu. Ipar Euskal Herriko herrietan eta Euskal hirigune elkargoan, hautetsiek ekintza-bide anitz dute okerrena saihesteko. 

2026ko herriko bozek boterean eman beharko dituzte ahal bezainbat zerrenda boluntarista, klima krisiaren mailan jarduteko beharraz konbetzituak, justizia soziala xede izanen dutenak, aitzinean dugun erronka itzelari erabakitasunez buru egiteko prest direnak, eta herritarrei gardentasun osoz beren ekintzen berri ematea hitzematen dutenak”. esplikatzen du Anthony Lubrano Biziko bozeramaileak. 

Gogo horrekin da sortu Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko ituna. Helburutzat du programen anbizio ekologikoa handitzea eta hautagai zerrendak tresnez hornitzea. Herritarrentzat, tokiko erakundeen boterearen maila hobeki ulertzeko lagungarri izanen da, eta kontzienteki bozkatzeko aukera emanen die.

2026ko Ituneko 19 neurriek lehenetsi behar diren esku-hartze eremuak zehazten dituzte: adibidez, eremu berriak kontsumitu gabe etxebizitza eskuragarriak sortzea, garraio publikoak garatzea, tokiko energia berriztagarria ekoiztea, jantokietan elikadura osasuntsu eta eskuragarria bermatzea, tokiko monetaren erabiltzea orokortzea edota erronken mailan ekiteko behar diren baliabideak (bereziki giza eta finantza baliabideak) bermatzea.

Ituneko neurri bakoitzarentzat, herriaren araberako ekintzak badira, 1.000 biztanlez peko herrientzat ez hain zorrotzak, hirixkentzat gotorragoak eta 3.500 biztanlez goitiko hirientzat anbiziotsuenak.

Neurri bakoitzak, gainera, zerrenda guziek euskal elkargo mailan gauzatzeko engaiamendua hartzen duten ekintzak barne hartzen ditu.

2026ko Itun hau 2025eko maiatzean argitaratu zen lehen aldikotz. Bizik ekarpen hau hauteskunde kanpaina aitzin egitea hautatu du zerrenden lana hasieratik laguntzeko, beren programari buruzko gogoeta hasten zuten unetik beretik.

Neurrien fitxak geroztik aberastuak izan dira adituen, elkarteen, hautetsien edota lurraldeko herritarren ekarpenei esker, truke, elkarrizketa eta bilkura publikoetan bilduriko iritziekin. Fitxa horiek erronka nagusiak gogorarazten dituzte, eta osatu dira Ipar Euskal Herriko zein beste leku batzuetako kolektibitate eredugarrien adibideekin, elkarteen edo erakundeen gomendioekin eta dokumentazio aberats batekin, horrela 60 orrialdeko liburuxka bat osatuz.

Herriko bozak heldu arte, Bizik erregularki zerrendatuko ditu pacte2026.bizimugi.eu/eu webgunean 2026ko Ituna beren programan txertatu duten hautagai zerrendak. Hautagai zerrendek otsailaren 28ra arte badute beren engaiamendua elkarteari helarazteko.

2026ko martxoan, herriko bozak baino zonbait aste lehenago, Bizi!k zerrenden engaiamenduen jarraipen barometroa argitaratuko du, programak larrialdi ekologikoari buru egiteko heinekoak diren ala ez adieraziz. Kargua uzten duten zerrenden bilana ere agertuko da bertan, iraganeko gauzatzeen arabera engaiamenduen sinesgarritasuna neurtzeko.