Bizi !

Biarrizko hondartza handiaren bazterrean banderola erraldoia zabaldu da, bigarren etxebizitza berriei “Stop ! Aski!” errateko

Se loger au pays – Herrian Bizi” plataformaren prentsa agiria.

Banderola erraldoi bat Biarrizko hondartza handitik hurbil zabalduz, Se loger au pays – Herrian Bizi plataformak turismo denboraldiaren erdian eta Alternatiba Itzulia dela eta, Euskal Herriko etxebizitzaren krisian bigarren etxebizitzen ugaritzeak duten ondorio larriak agerian utzi ditu. Lehen ekintza honekin, ataka gaiztotik ateratzeko premiazko aterabideak eskatzen ditu.

 Hamarnaka lagunek bat egin dute Herrian Bizi plataformak egin deialdi publikoari eta ekimenean parte hartu dute. 

Turisten erdian, itsas bazterrean banderola erraldoia zabaldu dute eta bertan “Stop! Aski! Résidences secondaires” irakurtzen ahal da. Haien gainean jendeak  hainbat afitxa agerian jarriak zituzten StopAski  aldarrikapenarekin.

 Etxebizitzen %20a baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Zenbait herritan, gaur egun bigarren etxebizitzen proportzioa etxebizitzen %50aren heinera hurbiltzen da, edota hein hori gainditzen du. Ipar Euskal Herriko hogeita hamar elkarte, sindikatu eta alderdi politikoek, ekintzaren  jatorrian den Se loger au pays – Herrian Bizi Plataforman bildurik, iaztik goiti,beren lehentasuna bezala hautatu dute gaia. 

Airbnb zaharrak bigarren etxebizitza berri bilakatzea urte osoan alokatzen diren etxebizitzen multzoan berriz sartu ordez, edo gehienik eskaintzen duenari saltzeko xedearekin alokatzailearen kanporatzea jakinaraziz, praktika onartezinak dira. Jendeak karrikara botatzen dituzte eta beti urrunago eta gero eta prezio eskuraezinagoetan bizitzera bultzatzen dute. Pertsona orok etxebizitza bat izateko duen eskubidea gutiengo batek hainbat ukaiteko eskubidea baino premiatsuagoa izan behar du» zehaztu du Ainize Butronek, plataformako bozeramaileak.

Lurraldeen eraldaketa ekologikoa bizkortzeko hiru eta lau tokiko bizikletaz 6.500 km baino gehiago egiten dituen Alternatiba Itzulia Euskal Herria zeharkatzen duelarik (1), etxebizitza krisiaren ondorio ekologikoak nabarmentzeko parada eman du. «Bigarren etxebizitzen galdeak prezioak igotzen ditu eta diru-sarrera apalak dituzten biztanleak urruntzera behartzen ditu, lanerako bidaia luzeagoak eta, beraz, kutsagarriagoak egitera behartzen ditu. Gehiago eraikitzera, betoiztatzera gero eta lur gehiago artifizialtzera eramaten du». gehitzen du Emma Tosinik, Alternatiba Itzulia antolatzen duten Alternatiba eta Action Non-Violente COP21 mugimenduetako  bozeramaileak.

Se loger au pays – Herrian Bizi plataformak dei egiten die tokiko hautetsiei eta parlamentariei aterabide zuzenak lehen bai lehen atxeman ditzaten. Jadanik hainbat proposamen formulatu dira norabide horretan: herrika bigarren etxebizitzen kuotak, bigarren etxebizitzen gaineko zerga disuasioa, hirigintzako dokumentoetan urte osorako etxebizitzak atxikitzeko eremuak sortzea, etab. (2)

 Azkenik, plataformak eskatzen die balizko erosleei jadanik diren bigarren etxebizitzak bakarrik erostea, tokiko biztanleen eskura diren etxebizitzetan eraginik ez izateko, eta bizilagunei dei egiten die bigarren etxebizitza berrien berri ematea (3), azken hauek ondoko ekintzen helburu bilakatzen ahalko direlarik.

  1. https://tour.alternatiba.eu/ 
  2. Neurriak zehaztasun guziekin atzemaiteko: http://herrianbizi.com/stopaski/ 
  3. http://herrianbizi.com/signalement/