Astelehen honetan, urtarrilaren 17an, 7:45ean Bizi! mugimendu altermundialistaren 26 militantek Pauen ekintza ikusgarri bat burutu dute Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluari fermuki galdatzeko argiki errefusa dezan AHTren Bordale-Akize bide berriaren finantzaketa.
Elkarteko kideek lortu dute instituzioaren egoitza nagusienetariko baten teilatura heltzen eta haietarik hiru handik arrapelez jautsi dira. Ekintzaileek lortu dute « CD64 : à votre tour de dire NON à la LGV ! (= CD64: zuen aldi EZ erratea AHTri!) Treina maite dugulako, gelditu AHT» banderola erraldoia zabaltzea aitzinalde edo fatxadan.
Azkenik, beste militante batzuk 8:30k arte iraun duen ikusgarri honetaz harrituak ziren oinezkoei esku paper bat banatzen zuten bertan ekintza honen arrazoinak esplikatuak zirelarik. Ekintza oztoporik gabe iragan da eta ekintzaileak nortasun kontrol baten ondotik joan dira.
Biziren bozeramailea den Romain Dussault-en arabera, «Departamenduko Kontseiluak proiektu honen kontra argiki eta behin betiko aritzearen hautua egin behar du, edo, alderantziz, publikoki bere gain hartu behar du proiektuaren finantzatzea onartzen badu! Guretzat, AHT proiektu hau arras jokoz eta jendartearen beharretarik kanpo da. Kolektibitateak bere gain hartu beharko dituen gastuen heina izigarria izanen dela aitzin ikusten da, ingurumen-kostua aipatu gabe. Etxebizitza krisiak jadanik kaltetzen duen lurralde batean, AHT berri bati ezetz errateko arrazoi bat gehiago da hori. Tokiko biztanleentzat beren jarduera-lekutik hurbil etxebizitza aurkitzea gero eta zailagoa den arren, AHT baten garapenak prezioen gorakada eta etxebizitza aurkitzeko zailtasunak beti indartuko ditu.».
Ekintza hau gertatzen da 3 aste Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak AHT linearen alde hartu deliberamendua eta gero, hainbat baldintza eman zituelarik, bereziki AHT proiektuaz hunkituak diren kolektibitate guziak haren alde engaiatu behar zirela Baina geroztik, hainbat kolektibitatek proiektuaren kontra bozkatu dute. Alabaina, Lot-et-Garonne-eko Departamendu Kontseilua, Akize-Handiko Hirigune Elkargoa eta Euskal Elkargoa proiektuaren eta haren finantzaketaren kontra agertu dira.
Bizi! elkarteak inposatua den behargabeko proiektu hori gaitzesten du eta gaur egun diren tren bideen arraberritzea bai eta lurraldean hurbileko garraio sareen indartzea sustengatzen du.