Euskal Herri-Aturriko mugikortasunen Sindikatuak helburu hau duelarik : “mugitortasun eskaintza modernoa eta emaitza onekoa eraiki « autoa nagusi »-ren alternatiba gisa ”, % 20ko beherapena eskaintzen du autobideko tarifetan, 1,5 tonako SUV batean bakarrik daudenei ere! Alabaina, “Pass Rocade 50” delakoarekin, ez da auto partekatze edo intermodalitate praktikarik eskatzen, aski da hilabeteko bidaia bera 20 aldiz egitea, bizilekua edo edo lantokia lurraldean ukanez.
Mugikortasunen Sindikatuaren eta Vinci Autoroutes-en artean sinaturiko hitzarmenetik landa, 2019ko urriaren 1etik indarrean den “Pass Rocade 50” delakoak, beraz, % 50eko ttipitzea eskaintzen die A63 / A64 autobidea erregularki erabiltzen duten auto gidariei, baldintza bakarrak direlarik, gutienez 10 joan-jin (edo 20 bidaiaren baliokidea) hilabetean egitea, lehentasunezko ibilbide batean, eta Hirigunearen lurraldean bizilekua edo lantokia badela frogatzea. %50eko apaltzean, %30 Vinci Autoroutes-ek egiten ditu eta %20 Mugikortasunen Sindikatuak, hots, kolektibitateak, ordaintzen ditu. Sindikatuaren arabera, neurriak zergarik gabe, 480.000 euroko kostua izan du, plantan emana izan denetik geroz.
Zertan laguntzen du diru publikoarekin egin gastu honek  Sindikatuaren lehentasunezko misioa den “oro autoz” logikaren ordezko mugikortasun alternatiboa garatzen?
Esperientzia gisa hartu ituna, 4 gehigarrirekin luzatu da 2025eko martxoa arte. Hasierako deliberazioan xedatu zen “sistema honi multimodalitatea sustatzeko neurri gehigarriak gehitzen ahal dira, auto-partekatzea eta garraio publikoaren erabiltzea uztartuz sistema aberasteko 2020an. %20ko merkatze gehigarria egin lezake Mugikortasunen Sindikatuak, horrela, orotara, %70eko merkatzea eskainiz geroan zehazturiko baldintzen arabera”. Dena den, Pass hori ez da intermodalitatea edo auto-partekatzea sustatzen duen baldintza bakar bati lotua.
Garraio publikoan Txik Txak eskaintzaren garapena begi onez ikusten badugu, zaila da ikustea nola laguntzen duen Pass honek Mugikortasunaren Planaren helburuen kausitzen, hots banakako autoaren erabilpena % 77tik (2020an) % 52ra (2030ean), oinez ibiltzearen ehunekoa %15etik %25era, bizikletaz ibiltzearena %1,3tik %8ra eta garraio publikoen erabilpena %4,5etik %11ra pasatzea.
Neurria SMPB Mugikortasunaren Sindikatuak justifikatzen du, “autobidea hiri-saihesbide bilakatzeko eta bide sareak hunkitzen dituen hiri barneak autoetarik libratzeko”.
22/06/16ko deliberazioan, Pass Rocade-aren “emaitza bihotz-altxagarriak” aipatzen ditu, harpidetzak gero eta handiagoak direla eta, baina hiriaren erdigunean trafikoaren neurketarik ez da aipatzen, dispositibo honek apaldu behar lukeelarik.
Badirudi erabaki hau autoen ber mailako trafikoaren eta autoendako ibilbide baten gehitze edo kentzearen arabera zirkulazio guti gorabehera arinagoaren ikuspegiarekin hartu dela. Dena den, kontzepzio intuitibo hori kasu askotan gezurtatua da eta hirigintza-antolatzaileen ikerketek untsa dokumentatzen dute askotan kontrakoa gertatzen dela. Izan ere, erabakitzaile publikoek egiten dituzten planifikazio-hautuek mugikortasun-jokaeran eragiten dute. Lerro edo ibilbide berri bat gehitzeak edo sarbidea errazteak (hemen gertatzen den bezala) aire sartzea sortzen du, non azpiegiturak autoen trafiko handiagoa erakartzen duen azkenean. Alderantziz, lerro edo ibilbide baten kentzeak trafikoaren murrizketa orokorra dakar, bidaia batzuk beste molde batzuetara (ibiltzera, bizikletara edo garraio publikora) aldatzearen ondorioz. Espero dezagun, oraindik ere botere publikoek guti ezagutzen duten fenomeno hau, hobekio aintzat hartuko dutela mugikortasun aktiboaren alde errepideak hobeki partekatzeko.
Begirale ekologikoei juntatzeko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, klika gustian hemen edo sar zaitez gurekin harremanetan hitzahitz@bizimugi.eu helbide elektronikoan informazio gehiago lortzeko.