Angeluko auzapezak, Claude Olive Jaunak, Brindos etorbidea berritzeko asmoa du – Espainiako etorbidearen eta Belay parkeko pasealekuaren artean-, aparkalekuak gehituz, ez haatik bizikleta bide bat eraikiz. Proiektu hau lege (CE L.228-2 artikulua) hauste bat da, eta hirigintza dokumentuekin eta mugikortasun aktiboak (mozturarik gabekoak, segurak eta adin guzietako angeluarrentzat egokituak diren antolaketak) sustatzeko harturiko engaiamendu publikoekinarras kontraerranean da.
Brindos etorbidearen antolaketa-proiektu honek Espainiako karrika eta Lannes-eko Torrearen karrikaren artean Bizik txalotzen duen bi norabideko bizikleta bidea sortzea aurreikusten du Belay pasealekuaren eta Lannes-eko Torrearen karrikaren artean. Baina Espainiako etorbidearen eta Belay parkearen artean den zatian aparkalekuak gehitzea bizikleta bidea Espainiako etorbideraino luzatzearen ordez, bizikleta bidearen jarraikitasunaren hauste bat litzateke.
Holako proiektuak ez ditu legezko antolakuntza-baldintzak betetzen: Ingurumen Kodeko L. 228-2 artikuluak xedatzen du hiriguneetan «Hiri-bideak eraikitzen edo berritzen diren momentuan [.. .] bizikleta-bideak plantan emanak izan behar dira ondoko antolaketekin: bizikleta bide, bazterbide, bide berde, topaketa eremu […] zirkulazio beharren eta hertsaduren arabera”.
Era berean, hirigintzako dokumentuen orientazioekin kontraerranean da. Angeluko ​​Tokiko Hirigintza Planak hauxe aurreikusten du: “bide-sarearen zinezko partekatzea bereziki lehenetsia da, eta horrek ahalbidetuko luke:[…] mugikortasun eztien lehenestea (oinbideak, bizikleta bideak)” (18. or.).
Proiektu hori Euskal Aturri Mugikortasun Planaren kontra doa ere. Azken honek bere Ekintza Planean (18. or.) dio “hiriguneen erdian mozturarik gabeko bizikleta biderik ez egotea lurraldean bizikletaren erabilpenaren garapenerako oztopoa da. Noiztenkakoa eta partziala den antolaketa logika batekin hausteko, zinezko bizikleta bideak sortzea programatua, lehenetsia eta bazkideen artean partekatua izan behar da». Horrez gain (20. or.) hauxe dio: “erosotasunaren eta segurtasunaren jarraipena bermatzen duten ibilbideen garapena ezinbestekoa da biztanleen gehiengoak bizikleta erabil dezan, jadanik konbentzituak direnetarik haratago“.
Mugikortasun Planak (25. or.) hauxe deitoratzen du ere : «Aparkalekuen eskaintza hain da handia non autoa bere garraiobide modu naturalean indartua den: kasik nonahi prezio apalagoan aparka daiteke. Alta bada, autoen trafikoa mugatzea lortu duten lurraldeek garraio publikoko zerbitzuak masiboki garatu dituzte zalantzarik gabe, baina aparkaleku politika boluntario eta anbiziotsu baten bidez autoak ere mugatu dituzte». Horregatik (42.or.) “aparkalekuak ere erabili beharko lirateke trafikoa kudeatzeko tresna gisa. Eskaintzak hobeki bereiziko dira, halaber, honako hauek egiteko: […] autoaren erabiltzeko gogoa urritu alternatiba eraginkorrak eskaintzen zaizkienei.” Alta, aipaturiko obra proiektuekin harremana duen zatia, Donibane kirol zelaiaren heinean kokatzen da, kirol partida garaian jendetza handia erakartzen du eta hainbat autobus geltokitatik 500 metro edo gutiagora da.
Proiektu hau, azkenik, auzapezaren hauteskunde proiektuarekin kontraerranean da. Angeluko ​​Aldizkariaren 159. alean, hain zuzen ere, Herriko Etxearen Bizikleta Plana nabarmentzen da, eta horri buruz (8. or.) hauxe agertzen da:
“Helburua, batez ere, diren zati ezberdinen arteko mozturen murriztea da eta sare koherentearen sortzea.[…] Ber izpirituan, bi gurpilekoen praktika garatzeko, eta ez bakarrik aisialdirako, baina bai etxetik lanerako joan-etorrientzat, errepideen antolaketa guziek bizikletaren lekua hartzen dute kontuan, eremuak toki aski uzten duen heinean».
Ulertezina da aparkaleku batzuek pribilegioak izatea mugikortasun aktiborako instalazio seguruen kaltetan. Erabaki hau hirigintza arloko gomendio guzien kontra doa, Angeluarrentzat harturiko engaiamenduen kontra, legearen kontra, baita Historiaren norabidearen kontra ere. Hautu hori oraino justifikaezinagoa da, kirol-eremu batean sartzeko parada ematen duen eta Cantau Lizeora heltzeko erabiltzen den bideari lotua baita; beraz, gazteei eta familiei mozturarik gabeko bizikleta bide seguruak kenduko lituzke jakinez Herriko Etxearen bizikleta planak diola azken hauek garatu nahi dituela.
Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, klika gustian hemen edo sar zaitez gurekin harremanetan hitzahitz@bizimugi.eu helbide elektronikoan informazio gehiago lortzeko.
Begirale ekologikoei juntatzeko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, klika gustian hemen edo sar zaitez gurekin harremanetan hitzahitz@bizimugi.eu helbide elektronikoan informazio gehiago lortzeko.