Bizi Mugimendua

Susan George-i omenaldia

Atsekabe handiz jakin dugu Susan George zendu dela, gure mugimenduaren lagun fidela, intelektual engaiatua eta justizia sozial eta ekologikoaren aldeko ezin akituzko borrokalaria izan da.

Alternatibaren lehen urratsetatik beretik, Baionan sorturiko ekimen honetan ekitaldi hutsa baino askoz gehiago ikusi zuen: klima-larrialdiari eta bidegabekeria sistemikoei buru egiteko gai izanen zen herritarren altxamendu baten promesa. Bere hitzek, presentziak eta eman zigun konfiantzak indarra eta zilegitasuna eman zizkioten gaur egun gure mugak aise gainditzen dituen dinamika bati.
Pentsamendua eta ekintza uztartzen dituzten horietakoa zen. Ihes fiskala salatzea, trantsizio ekologiko bidezkoa defendatzea edo gure jendarteak eraldatzeko behar diren baliabide ekonomikoak existitzen direla gogoraraztea ez zuen inoiz zalantzarik izan zinez ekiten dutenen ondoan kokatzeko. Euskal Herrian, bere ezagutza eskuzabaltasunez partekatzera etorri zen, hitzaldiak eman eta babesa eskaini zuen beti arras gogotik, aldaketa historikoak lurraldeetatik eta tokiko engaiamenduetarik ere sortzen direlakoan uste osoa zuelarik.

Halanola, bere presentziaren gainean kontatu ginuen 2010eko urriaren 10ean egin zen lehen Alternatiben Herrian, amabitxi gisa etorri zelarik; aulki-bahitzaileei emaniko babesean; 2017ko apirilaren 8an Bakegileek antolaturiko armagabetze egunean; eta baita 2019an Baionan, G7aren testuinguruan, potreten martxan ere.

Susan Georgek errotik sinesten zuen antolaturiko herritarren indarrean. Gogorarazten zigun batzuetan elur-maluta bakar batek abiarazten duela elur-jausia, ezusteko gertakari batek horizonte politiko berria ireki dezakeela. Bere begirada zorrotzak eta itxaropen argiak etsipenari uko egiten dutenak laguntzen segituko dute.

Gaur, eskerrak eman nahi dizkiogu. Milesker bere konfiantzaz, bere ausardia intelektualaz eta gure ondoan erakutsi elkartasun aktiboaz.
Hark xedetzat zuen bidea segituko dugu: ezkila dorrez ezkila dorre eta hiriz hiri, gero zuzen, bizigarri eta solidarioaren argia pizteko gai izanen den mobilizazio herritarraren bidea.