Bizi !

Rio+20 : “Bai Naturaren Pribatizazioari”: Naturaren merkantilizazioaren kontrako ekintza Miarritzeko BNP-n


 

 
  Bizi! euskal mugimendu altermundialistako dozena bat aktibistek ekintza ikusgarri bat burutu dute ekainaren 22an ostiral hontan Miarritzeko hiri erdian kokatua den BNP bankuaren kontra, herriko etxetik eta komisaldegitik hurbil.
 
  Zurubi handi batekin bankuaren teilaturat igan dira eta eraikinaren aintzinaldea berriz estali dute alimaleko kanpo estalki batekin… nahiz eta banku agentziako zuzendariaren eta haren zonbait laguntzaileren interbentzio indartsu eta bereziki agresiboa hor izan. Azken hauek lortu dute kanpo estalki honen gainean ezarri behar zen banderola «Banque Niquons la Planète ! Natura ez da salgai !» urratzea.
 
  Anartean, beste batzuek ezohizko gertakari horri beha ziren lekukoei eskuorri bat banatu diete ekintzaren zergaitia esplikatuz.
 

 
  Bertan Bizi!k salatzen du BNP-k Londresen sortu duen filiala zehatz bat, naturaren ontasunen gaineko espekulazioan berezitua dena. Filiala hori Rioko Populuen Gailurrak gaitzesten duen lurraren eta bizitzaren merkantilizazioaren etapa berria den “ekonomia berdearen” aintzindari bat da. Bizi!k gaitzesten du ere BNPk laborantza arloko lehen gaiei lotuak diren gero eta gehiago finantza-produkturen eskaintzea, horri esker elikagaien gaineko espekulazioa sustatuz eta ondorioz munduan zehar gosetea eta elikapen eskasa larriagotuz.
 
 
  Xabier Harlouchet, Bizi!ko ekintzalarien bozeramailearentzat “bakotxak errefusatzen ahal du holako politika baten laguntzaile zuzena izaitea BNPan kondurik ez ukanez eta ondorioz humanitatearen eta planetaren kontrako krimenak finantzatzea errefusatuz. Eta Rion iragaiten ari den Populuen Gailurrean bildu diren hamar milaka militanteen eredua jarraikiz behar gira kolektiboki mobilizatu elikagaien eta natur ontasunen gaineko espekulazioa debekatzeko, denen ontasunen pribatizazioa saihesteko, eta, krisi ekologiko eta klimatikoaren kontrako egiazko neurrien inposatzeko.”
[:]