Bizi Mugimendua

Relay kiosko-dendak, geltokietan, Bollorérentzat eta haren eskuin muturreko ideientzat erakusleiho

Alternatibak bultzaturiko “On prend le Relay” frantses Estatu mailako kanpaina abiatu den honetan, Bizi! mugimendua larunbat honetan Baionako geltokian mobilizatu da Relay dendetan eskuin muturreko ideologiak duen gehiegizko presentzia salatzeko. Vincent Bolloré-k kontrolatzen duen markak Frantziako geltokietan prentsa eta liburuen salmentaren kasik  monopolioa badu, SNCF-rekin duen kontratuari esker. Petizione bat helarazi zaio Jean Castexri, SNCFko zuzendari nagusiari.

Larunbat honetan, uztailaren 4an, Biziko hainbat militante Baionako geltokiko Relay dendaren aitzinean elkartu dira. Mahai baten inguruan, bidaiariak hurbildu dituzte oporretako koadernoak banatuz eta petizionea sinatzera gomitatuz. “Relay eskuin muturraren zerbitzura, SNCF konplize” zioen pankarta zabaldu dute, seniale faltsuak gehitu eta geltokietako iragarkietan oinarrituriko soinu-deia zabaldu dute. Oporretako joan-etorrien egun honetan mezua argia da: Relay kide pribilegiatu gisa hautatuta, SNCFk Bolloréri erakusleiho bat eskaintzen dio haren eskuin muturreko borroka ideologikoa zabaltzeko.

«Presidentetzarako hauteskundeak hurbiltzen ari diren honetan, eskuin muturreko prentsa eta liburuak izigarri lehenesten dira Relay dendetan. Denda horiek frantses Estatuko geltokietan dira, hau da, SNCFk kudeatzen duen espazio publiko batean. Horrek arazo demokratiko larria sortzen du!», azaldu du Dominika Durrutyk, Biziko bozeramaileak.

Militanteek Observatoire des multinationales, erakundeak ekainaren 30ean, asteartez, argitaraturiko ikerketa batek erakusten du Relayk eta Frantziako tren geltokietan banatuak diren 320 denda baino gehiagok desinformazioa, gezurra eta gorrotoa zabaltzeko eta indartzeko tresna direla. Ikerketak azpimarratzen du SNCFk espazio komertzial horietan neutraltasun politikoa segurtatzeko ez duela mekanismo eta bermerik.

Eskuin muturreko ideia arrazistak zabaltzeaz gain, Vincent Bolloré miliardunaren esku diren egunkariek klima gaiari ikusgarritasuna kentzen diote (Observatoire des Médias erakundearen azterketaren arabera) eta klimari buruzko desinformazioa hedatzen dute (Data For Good erakundearen txostenaren arabera).

Ikerketa hau testuinguru berezi batean argitaratu da: zinemaren munduko ia 3.500 profesionalek Vincent Bolloré akziodunaren eta Canal+ katean duen kontrolaren aurkako iritzi-artikulua sinatu dute; 170 idazlek liburu berriak ez argitaratzea erabaki dute Grasset argitaletxean, Olivier Nora kargugabetua izan denetik geroz; eta Prisma Media taldeko kazetariak greban dira miliardunak ezarri duen kaleratze plan zabalaren kontra. 

Ondorioz,  Alternatiba herri-mugimenduak —Bizi! haren parte delarik—, Les Soulèvements de la Terre, SUD-Rail, Syndicat National des Journalistes CGT eta beste hainbat erakunderek, liburu eta aldizkarien banaketa eta salmentaren auziari heldu dio, Désarmer Bolloré” kanpainaren jarraipen gisa.

«Informazioaren pluraltasuna eta espazio publikoaren neutraltasuna demokraziaren oinarrizko baldintzak dira. Prentsa-askatasunaren, egia zientifikoaren eta eztabaida demokratiko biziaren alde diren pertsona guziak “On prend le Relay!” kanpainara hurbiltzera deitzen ditugu. Lehen urratsa petizionea sinatzea da», gehitu du Dominika Durrutyk.