Bizi !

Modernitatea ospatzen Gure geroa zilatu dezagun autoentzat!

Herritar maiteak,

Jean-François Irigoyen jaunaren pertsonan batuak diren Mugikortasunen Sindikatuko Lehendakariak, Mugikortasun Iraunkor eta Berritzaileen Lehendakari Ordeak eta Donibane Lohizuneko auzapezak, beren Urrezko Ostruka Métam’Or Trofeoaren eskuratzeko ospakizun zeremoniara gomitatzen zaituztete atsegin handiz:

Otsailaren 12an, larunbatez, 11:00etan Donibane Lohizuneko Luis XIV. Plazara

Sari hau Bizi! elkarteak eman zion, 2021ean Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoeraren emaitzen argitaratzean garraiobide alternatiboen alde ukan duen inbertsio aktiboa azpimarratzeko. Karia horretara, Irigoyen Jaunak Donibane Lohizuneko eta oro har Ipar Euskal Herriko jendartearekin partekatuko du ausardiz eta modernitatez betea duen ikusteko moldea.

Programan: 

  • Ostrukaren goraipatzea – txori dibertigarria zuzenkontra gaizki ulertua – eta garapen iraunkorraren arloan ildo urratzailea den Georges Pompidou-ri omenaldia.
  • Abangoardiako proiektu bati inaugurazio aitzinatua: Foch guneko urpeko aparkalekua

 Ekitaldi honetan, Donibane Lohizuneko auzapezak bere aterabide berritzaileak aurkeztuko ditu hiriaren erdigunean 300 aparkaleku gehigarri ezartzeko, hori guzia Mugikortasunen Sindikatuko Lehendakariak ezarritako helburuak betez. Azken honek, bakarkako autoaren erabilpeneko mugikortasuna beste garraio moldeekin ordezkatzearen sustatzea duelarik helburu nagusi, bere Euskal-Aturri Mugikortasun Planean, 2030ean autoaren erabilera % 70etik % 52ra pasatzea aurreikusten du. 

Ekitalditik landa, Foch lurpeko aparkalekua inauguratuko du Mugikortasun Iraunkorrerako eta Berritzailerako Euskal Elkargoko presidenteordeak. Portu eta arrantzaz arduratzen den hautetsiak, bere funtzio osoa landuko du asmamen handiko proiektu esperimental honetan murgilduz. Proiektuaren sektorea Urdazurik uholdeekin gainezka egiteko arriskuak, itsas urek gainditzeko arriskuak eta lurpeko urak igotzeko arriskuak hunkitzen dutenez, Donibane Lohizuneko auzapezak, klima nahasmenduak sortu iraulketei aurre egiteko egokitzeen arloan herriaren anbizio aitzindaria agerian utziko du. 

Programaren izaera berritzailea dela eta, Office de Radiodiffusion-Télévision Française erakundeak ere hedatuko du ekitaldia. 

Mugikortasunen Sindikatuko Lehendakariak, Mugikortasun Iraunkor eta Berritzaileen Lehendakari Ordeak eta Donibane Lohizuneko auzapezak numbrean itxoiten zaituztete kontraerranekiko iragazgaitza den beren anbizio eredugarria ospatzeko!