Larunbat honetan, martxoaren 12an, milako bat manifestarik klimaren eta justizia sozialaren aldeko martxan parte hartu dute Baionako karriketan. Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia baino aste batzuk lehenago, larrialdi klimatikoa eta injustizia sozialak eztabaidetarik kanpo gelditzen dira. Ipar Euskal Herria gai hauetan ere gibelean delarik, manifestariek lehentasunen ordena gogora ekarri nahi izan dute, eta agenda politikoen erdigunean klima eta justizia soziala ezartzea galdatu dute.
Larunbat honetan, martxoaren 12an, frantses Estatu mailako mobilizazio egunean, mila inguru manifestarik parte hartu dute, Bizi! eta beste 35 erakundek deiturik, Baionako Geltokitik abiatu den klimaren eta justizia sozialaren aldeko martxan. Gai hauen inguruan presidentetzarako hautagaien isiltasuna salatuz, eta otsailaren 28an plazaratu den IPCCren azken txosten kezkagarria konduan hartuz, aktibistek klima-aldaketak gure bizitzetan dituen ondorioak azpimarratu dituzte “Inaction = humanité en danger ! / Utzikeria = Jendartea lanjerrean!” mezua sutan zaraman banderola batekin.
“Ez badugu deus egiten berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak azkarki murrizteko, klima nahasmendua areagotuko da “, adierazi du Maina Rivière Biziko bozeramaileak. “Hala ere, izan dadin maila globalean edo tokikoan, politikariek larrialdi klimatikoari buruzko abisuekiko axolagabe izaten segitzen dute. Eta egoera ez da hobea Ipar Euskal Herrian: ekintzarik ezaren eta ekintza klimatizidaren artean, gobernatzen gaituztenek larrialdi klimatikoaren aitzinean ostrukarena egiten dute.”, salatzen du Biziko Olivier Hirigoyen bozeramaileak, “burua hondarretik ateratzeko garaia da!”.
Martxa honen karietara salatu da ere Ipar Euskal Herriko hautetsien geldirik egotea eta Departamenduko Kontseiluak eta Akitania Berriko Eskualdeak bultzatutako AHT proiektuaren kontrako jarrera berriz azpimarratua izan da. Biziko bozeramailea den Elise Dilet-entzat, “2017an bere agintaldia hastean Macron presidenteak lurperatu zuelarik, egitasmoa berriz agertzen da. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilua eta Akitania Berria eskualdea itsutuki tematzen dira, bai ekologikoki eta baita ekonomikoki ere, kostu ikaragarriak dituen proiektu hau bultzatzen. Kostu soziala ere kezkagarria da: Paris eta Bordele Ipar Euskal Herriari hurbiltzeak bigarren etxebizitzak biderkatzeari eta etxebizitzen prezioak gora egiteari ateak irekitzen dizkio tokiko biztanleen kalterako.».
Batukadaren erritmoan eta “Alda dezagun sistema ez klima“, “Justizia soziala, eta klima, borroka bakarra!” edota “AHT… beti fiteago hondamendira!” bezalako leloak tartekatuz, jende lerroa ibili da Baiona Handitik Baiona Ttipira, Patxa plazara heltzeko.
Hauteskunde aitzineko garai honetan hainbat aldiz aipatu den energia fosilen, berriztagarrien eta nuklearraren gaia argitzeko elkarteak hitzaldi bat antolatu du mobilizaziotik landa Züzülü gunean, négaWatt egitasmo berriari buruz. Paul Neau, fisikaria eta eolikoari buruzko erreferentzia-gidaren ko-autorea den négaWatt elkarteko kideak, aurkeztu du nola egitasmoak erakusten duen frantses Estatu mailako trantsizio energetikoa lortzen ahal den. Iban Lizarralde Enargiako presidenteak ere hitza hartu du %100 berriztagarria den tokiko elektrizitate hornitzailea aurkezteko.
Bizik hauteskunde garai honetan larrialdi klimatikoaren eta gizarte-injustizien aitzinean aktiboki mobilizatzen segituko du. Ondoko asteetan ekintza berriak etorriko dira.