Bizi !

Maiatzaren lehena, konfinaturik baina aldarrikatzaile: Berrabiatze ekologiko eta solidarioaren alde!

Karrikan egin ezinik, manifestazioa balkoi eta leihoetan egin da maiatzaren leheneko ostiral honetan. Hiritar anitzek horrela adierazi dute jarduera ekonomikoa molde ekologikoan, solidarioan eta feministan berriz hasteko borondatea.

Lemak eta musikak ozenki hedatu dira leihoetatik, maiatzaren lehen honetan, 12:00etan, ondoko aldarrikapenen agerrarazteko: aberastasunen banaketa hobea, krisiak jo pertsonak lehentasunez sustengatu beharra, eta Estatuak inbestimendu sendoak egin behar dituela osasun alorrean, zerbitzu publikoetan eta metamorfosi ekologiko eta solidarioaren aldeko jardueretan.

Elkarretaratzeko ezintasunak pertsona guzi horiek ez ditu geldiarazi, eta beren balkoi eta leihoak mezu aldarrikatzailez apaindu dituzte, Aitzina gazte mugimenduak, Bizi ! elkarte ekologistak, CGTk, EBA mugimendu feministak eta LABek zabaldu deiari erantzunez.

Bizi ! elkarteko Adrien Cherenq bozeramaleak zehaztu duenaren arabera: “Krisia ez dute pobreek ordaindu behar! Agintari politikoek aberatsei opariak egitetik gelditu behar dute eta funtsezko alorretan inbestitu behar dute, hala nola osasunaren eta trantsizio ekologikoaren eremuetan. Klima, langileen eskubideak eta zerbitzu publikoak suntsitzen segitzen duten egitasmo guzien kontra ihardukitzera dei egiten dugu, eta Ondoko Eguna eraikitzeko borondate deliberatua dugu.” Egun osoan, argazki eta mezu aldarrikatzaileak bata bestearen ondotik agertu dira sare sozialetan, #M1etxetik​ traolari loturik.

Ekintza hori Euskal Herritik kanpoko lurralde anitzetara zabaldu da, bereziki 16 sindikatu eta elkartek abiatu “Plus jamais ça, pour un jour d’après écologique et solidaire” petizioari oihartzun emanez: gaurko egunean 154 000 sinadura baino gehiago bildu ditu.