Bizi !

Euskal preso politikoak : Bizi!k urtarrilaren 7an Bilbon iraganen den manifestaldira deia egiten du



ETAk borroka armatuari erabateko eta baldintza gabeko amaiera baten emaiteaz egin duen adierazpenak Euskal Herriko jendarte osoarentzat esperantzaz eta posibilitatez beteriko aro bat idekitzen du. Hori “estrategia klandestino edo ekintza bortitz oro” (Bizi!ren Hitzarmen sortzailearen pasartea) argiki baztertzen dituen Bizi! bezalako mugimendu batentzat atsegin iturri bakarrik izaiten ahal da.

ETAren borroka armatuaren gelditzeak ez du hala ere erran nahi bortizkeria guzien, giza eskubideen urraketen, norbanakoen eta kolektiboen askatasunen aurkako erasoen, eta Euskal Herriak duela sobera denbora pairatzen dituen tentsio iturri larrien bukaera dela.

Tortura bezalako pratika basatien, alderdi eta mugimendu publikoen ilegalizazioaren edo egunkari edo irratien hesteen iraupenari gehitzen zaizkio kartzela politika ezin onartuzkoak Zuzenbide Estadu moderno ororentzat.

Engaiamendu politiko eta publikoen gatik bakarrik hamarnaka militanteen kartzelan atxikitzea, 700tik goiti euskal preso politikoen urruntze eta sakabanaketa sistematikoa, presoentzat bai eta ere haien famili eta lagunentzat gaztigu gehigarria dena, larriki eri diren edo beren zigorraren iraupen normala bete duten presoen kartzeletan atxikitzea, horren adibide batzu dira.
[:]

Larrialdi klimatiko eta ekologikoaren bai eta justizia sozialaren galdeen arloan lanean ari den Euskal Herriko Mugimendu Altermundialista bezala, Bizi! argiki definitu da, bere Hitzarmen sortzailean, errotik demokraziari eta oinarrizko askatasunei lotua den bortxa-eza aktiboaren aktore eta bortxa-ezaren kulturaren zabaltzaile gisa.

Izpiritu horrekin dugu galdegiten Madril eta Paris-i errotik alda dezaten 700-etik goiti euskal preso politikoek pairatzen duten kartzela politika onartezina. Aldaketa hori preso guzien askatasunaruntz lehen pausua izan beharko delarik, ingles gobernuak IRAk borroka armatua bukatu ondoan segidan egin zuen bezala. Hori jestu azkar bat izanen da, euskal jendartearen tentsioen baretzean eta errekontziliazioan osoki parte hartzen duena.

Euskal Herrian bakeari buruz azken hilabeteetan hartu den bidea, atzerabiderik gabekoa izan behar da, eta dena egin behar da bururaino eramana izan dadin.

2012ko urtarrilaren 7an, larunbatarekin, denak Bilbora!
Bakea, demokrazia eta askatasuna Euskal Herrian orain!

Baionan, 2011ko abenduaren 21an,
Bizi !