Bizi !

«Estatuko buruzagiari laido» batentzat inkesta bat idekia da itxuraz Baionan:

Anti-sarkozystak diren bi militante bederen Baionako komisaldegirat deituak dira apirilaren 17 huntan asteartarekin


  Bizi! mugimendu altermondialistako eta ekologistako guttienez bi militantek, Baionako komisaldegira joaiteko dei bat ukan dute apirilaren 17ko asteartarekin, iduriz, «Estatuko ordezkariari laido» batentzat idekia den inkesta baten barnean.
 

  Bietarik bat joan den apirilaren 14an larunbatarekin arrastatu zuten Bizi! mugimenduak editatu «Sarkozy kanpora» esku-orrien banatzen ari zela (Testu osoaren ikusteko: https://bizimugi.eu/?p=5295#more-5295) merkatu estalian. Bestea Merkatu estalian kokatua zen panelaren argazkien hartzen ari zen «Sarkosy kanpora! Milesker Baiona!» mezua zuena frantsesez. Panel horrek Nicolas Sarkozy itxuratzen zuen, Baiones anonimo batek ostikokatzen zuelarik; denek haren tokia hartzen ahal zuten burua hortarako egina zen zilo batean sartuz. Hogei bat polizia gizon panelaren kentzera entseatu ziren bainan gibelerat egin behar izan zuten merkatuan erosketen egiten ari zen jendeen protestak ikusirik.
 
  Bizi!k Euskal Herrian maiatzaren 6a arte eramaitea erabakia duen kanpainaren kontra eraman larderiatze entsegu hori salatzen du. Estatuko buruzagiari laido egite delitua (horrentzat zigorra 45 000 euroko isuna ordaintze arte joan daiteke) arras oinarririk gabekoa da, kanpaina horrek argiki joan den martxoaren 1eko Nicolas Sarkosyren Baionara jiteari erreferentzia egiten baitio, hain zuzen lehendakari hauteskundeetako hautagai gisa egin zuen bisita bati eta ez Estatuko buruzagi gisa.
 
  «Gehiago lan egin, aberatsek gehiago irabaz dezaten» eta «inguramenarekin aski da» ideiak defenditzen dituen hautagaiaren kontrako lanaren uzteko partez, Bizi! heldu den apirilaren 21an leku berera berriz joanen da (Baionako merkatu estalira) eta tenore berean (11:00etan). Denak gomit dira Nicolas S. eta Carla B. bikote famatuak animatuko duen kaderen jokoan parte hartzera, iragan bosturtekoaren bilan soziala eta ekologikoa musikatuko baitute.
 
  PS : Bistan da, gure Cordiers karrikako 20-22 egoitzan errekuperatzen eta bakotxaren auzoan, enpresan, lizeoan etab. banatzen ahal diren “Sarkozy kanpora! Milesker Baiona!” esku-orrien banatzen segitzen dugu. Eta denak «Dégage Sarkozy !» manifestaldirat deitzen ditugu heldu den maiatzaren 1ean asteartarekin, San Izpirituko zubian, geltokiko aldean.