Bizi !

Bruno Le Maire-en bigarren etxebizitzaren aitzinean aberatsak zergapetzea galdatzen dute Bizi eta Aldak

Bizi! eta Aldako 15 militantek ekintza sinboliko bat burutu dute Bruno Le Maire-en bigarren etxearen aitzinean, Senperen. Ekonomia eta Finantza ministroak iragarri atzerapauso sozial berriak  eta azken honek “ongizate Estatua” desegiteko adierazi duen nahia salatu dituzte. Aberatsak zergapetzeko deia egin dute, eta maiatzaren 1ean, asteazkenarekin, Baionan. lelo horren gibeletik saldoan  manifestatzeko deia ere.


Egun, apirilaren 25an, Bizi! eta Aldako 15 militante sartu dira ekonomia eta finantza ministroaren  Senpereko bigarren egoitzaren aitzinean. “Aberatsak orain zergapetu!” edo “Klima, justizia soziala, dirudunak zergapetu!” aldarrikatzen zuten pankartak zabalduz, bi euskal mugimenduek egungo gobernuaren politika bidegabea gaitzetsi dute, eta diru ugari dagoen lekura doan fiskalitatea eskatu dute, aberatsengana.


Gobernuaren eta Bercyren politikak aitzinkontuen egungo defizitak nahitara areagotzen ditu: dirudunei eta CAC 40ko enpresa handiei behar den bezala zergapetzeari uko eginez, enpresa handi horiei tira-ahala dirulaguntza publikoak banatuz, neholako ordain sozial edo ekologikorik gabe, zerga ihesari begiak hetsiz, Estatua beharrezko diru sarrerarik gabe uzten du, eta gero defizitak larriagotzen direnean asaldatzen hasten dira eta orduan behartsuenei are gehiago sosa hartzea eta haien eskubide sozialak murriztea justifikatzen dute“, azaldu du Oihana Driolletek Biziko bozeramaileak. “Horrela, desberdintasunak are gehiago handitzen dira, eta Gobernuak emendatu beharko liratekeen aitzinkontuak murrizten ditu, hala nola trantsizio ekologikoa, eraikinen isolamendu termikoa, etxebizitza sozialen ekoizpena, osasuna eta elkartasun soziala“.

Mugimenduko militanteek tokiak utzi dituzte maiatzaren 1ean, asteazkenarekin, 11:00etan Baionan manifestaziorako deia zabaldu eta gero. «Aspertuak gira gobernu honek gure auzoak, izan daitezen langabetuak, etorkinak, funtzionarioak, etab. gure gaitz guzien jatorri gisa aurkeztea, jakinez zonbaitzu gure bizkar asetzen direla eta berdinek, sozial, ingurumen, klima eta mota orotako krisiei buru egiteko  mobilizazio esfortzurik ez dutela egiten». adierazi du Xebax Christyk, Aldako bozeramaileak ondokoa zehaztuz “Bada garaia berriz ofentsibara pasatzeko eta eztabaida publikoan eta erabakitzaileen agendan justizia eta elkartasuna ezartzeko. Gure bi mugimenduek dei egiten diete beren kide eta jarraitzaile guziei maiatzaren 1ean azkarki mobilizatzeko eta 11:00etan topatzeko, geltoki aldean den San-Izpiritu zubiaren puntan, jende-lerro animatu eta deliberatu baten osatzeko lelo argi eta zehatz baten gibeletik: ABERATSAK ZERGAPETU!”.