Bizi !

Bizikutzu 38 – 2022ko urtarrila

“Bla, bla, bla…horra ustezko buruzagien ahotik entzuten duguna ” Greta Thunberg – COP 26 

Editoriala:

«Hastapenean hitza zen» (Joaneren ebanjeliotik). Erlijio-mezua baino haratago, horra goraki erraten dugun guziari garrantzi handia emateko gomita. Are gehiago politika arloan.

BIZIn, gure anbizioa da politikariak beren hitza betetzera sutsuki bultzatzea. Hori bera da gure militanteen eguneroko lana, aloimenduaren sailean, mugikortasunaren sailean… Hori ere da deiadarra jotzen duten gure Begirale ekologikoen rola. Politikariek metamorfosi ekologikoaren itunaren karietara eman hitza bete arte, erne egon. «Hitza hitz» erran zuten…eta gero deus guti.

Maila zabalagoan, gauza bera gertatzen da bat bestearen ondotik antolatzen diren anbiziorik gabeko COP biltzarren kasuan. Tokiko zein hexagono mailako agintariek denen ongiaren alde lan eginen ez duteno, hitza janen duteno, eztabaida publikorako eta kontzientzia hartzerako deiadarra joko dugu.  

Potreta: Ione, 27 urte, Uztaritze

«Digitala oraino sobera kukutua den klima-krisiaren alde iluna da, nahiz eta denak zuzenean hunkitzen gaituen, gure ohiduren, gure lanaren eta erabiltzen ditugun zerbitzuen bidez… Funtsezkoa iruditzen zait praktika horiek zalantzan ezartzea.»

Urtebete Biziko kide naizela. Eskualdean jin-berria izanik, gogoa nuen tokiko elkarte militante, sozial eta ekologista batean sartzeko. Biziren ekintzek eta jarrerak interesatu naute. Orduan, Hilabeteko biltzar batera joan nintzen, gero beste batera… eta horrela hasi zen. Hastapenean, harritu nintzen martxan diren lan sailen kopuruagatik, eta horretarako behar diren laguntzaile, indar eragile eta denbora kantitate handiagatik.

Beste lan sail batzuetan, edo libro naizelarik, ekintzetan eskukaldiak emaiten baditut ere, ene engaiamendu nagusia digitala da. Sortu zenean talde digitalean sartu nintzen, oraino sobera kukutua den klima-krisiaren alde iluna baita, nahiz eta denak zuzenean hunkitzen gaituen, gure ohiduren, gure lanaren eta erabiltzen ditugun zerbitzuen bidez… Funtsezkoa iruditzen zait praktika horiek zalantzan ezartzea. Lantaldea bere lehen urratsetan da. Lehenbiziko lana, beraz, informazioak biltzea da, jokoan dena ulertzea… Ikasketa prozesu bikaina da. Horri esker, zenbait gairi buruzko ezagutza sakonagoak eskuratu ditut.
BIZIk zinez gisakoak diren pertsonen ezagutzeko parada ere eman dit!

Kanpoko Berri: AHT, errealitatetik kanpo den proiektua


Hainbat urtez eztabaida publikotik kanpo egon eta gero, AHT proiektua berriz martxan ezarri du gobernuak, lehendakaritzarako hauteskundeak baino hilabete batzuk lehenago. GPSO (Grand Projet du Sud-Ouest) izeneko asmo baten barnean kokatzen da proiektua: Bordele-Tolosa, Bordele-Akize eta Akize-Hego Euskal Herria lotzeko xedea du. Akitania Berriko Eskualde Kontseiluak eta Departamenduko Kontseiluak GPSO horren ustezko onurak defendatzen dituzte, kostua orotara 14 miliar eurokoa delarik, oraino onura publikoko deklaraziorik izan ez duen Euskal Herriko zatia kontuan hartu gabe. Aldiz, Ipar Euskal Herriko hautetsien % 78k kontra bozkatu du. BIZI bozka horretaz pozten da. Azterketak lagun, CADE elkarteak frogatu du proiektuaren denbora-onurak eta ondorio ekonomikoak ñimiñoak liratekeela. Kolektibitatearen parte hartzearen kostua izugarria izanen litzateke, kostu ekologikoa aipatu gabe. CADE elkartearen arabera, GPSO horrek «janen» duen eremu osoa 6300 hektareakoa izanen da, “1500 ha laborantza lur (470 etxalde), 3300 ha oihan, 370 ha hezegune, 90 aintzira barne”. Gaur egun elikadura burujabetzaren eta ingurumenaren babesaren arloko gaiak erabakien erdigunean direlarik, AHT proiektua berriz ere errealitatetik kanpo dela ageri da. Eragin arriskutsuak dituen proiektu ikaragarri horren ordez, CADEk eta BIZIk egungo lineak berritzearen eta eskualdeko tokiko garraio sarea sendotzearen alde jokatzen dute. Joan den abenduaren 19an, CADE elkarteak AHTaren kontrako martxa antolatu zuen. Borrokak segituko du!

Bisita gidatua: Begirale ekologikoak

Gaur egun, Iparraldean 40 bat militanteren artean banatuak dira segituak diren Iparraldeko 56 Herriko Etxeak. Begirale Ekologikoen eginkizuna, beraz, hautetsiak eta herritarrak informatzen eta sentsibilizatzen laguntzea da, beren kazeta eta jarraipenaren emaitzak banatuz, biztanleriarengana ahal bezainbat heltzeko eta hautetsiak ekintzara pasatzera bultzatzeko.

Zehazki, Begiraleak hautetsiekin elkartzen dira, Herriko Etxeen ekintza eredugarrien berri ematen dute besteen inspiratzeko eta klima-suntsitzaileak diren proiektuak salatzen, behar izanez gero, indarkeriarik gabeko ekintzen bidez. Beren lana Herriko Etxeetatik lortu informazioetan, elkarte mundutik lortu elementuetan, herritarrek eman abisuetan eta begirale ekologikoek berek bildu informazioetan oinarritzen da. Helburua lurraldearen (hots Herriko Etxeen eta Hirigune Elkargoaren) metamorfosi ekologikoa sustatzea da. Hots, gaurtik goiti, eta etorkizunari begira, denentzat bizileku iraunkor, erresiliente eta solidarioa bermatzeko gai den metamorfosia sustatzea.

Biziren webgunean, informazio praktiko andana eskaintzen duten kazeta, txosten eta militanteei luzatu gomitak kontsultatzen ahal dira.

Egin dugu: Ipar Euskal Herrian Metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko bilanaren argitaratzea

Hainbat hilabetez lan ikaragarria eginik, Herriko Etxeek eta Hirigune Elkargoak Metamorfosi ekologikoaren Itunaren karietara hartu engaiamenduen jarraipena egiten duen Biziren Hitza Hitz batzordeak bere txostena plazaratu du. Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %87 ordezkatzen duten lurraldeko 56 Herriko Etxeen engaiamendu eta ekintzak aztertu dira.

COP26aren karietara, Bizik txosten honen laburpena aurkeztu zuen jadanik. Zeremonia bat antolatu zuen trofeoen eskaintzeko : «urrezko tximeleta » proaktiboena den Herriko Etxeari, “urrezko karpa” bere ekintzei buruz mutuenik egon den Herriko Etxeari, “urrezko ostruka” ingurumen arloko gaien aitzinean burua ondarrean gehien sartu duen Herriko Etxeari.

«Geldirik egotearen «errealismotik» atera» txostenean, Bizik salatzen du larrialdi klimatikoari aurre egiteko gauzatu behar den metamorfosi ekologikoaren arloan geldirik gaudela, 40 Herriko Etxe trantsizioaren 0 fasean baitira. Lurraldeko zenbait Herriko Etxek jasandako uholdeek larrialdi-egoera hori oraino gehiago azpimarratu dute.

Hitzorduak:

  • Urtarrilaren 5ean, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Biziren Hilabeteko Biltzar irekia MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan
  • Urtarrilaren 6an, ostegunez 19:00 – 21:00 Migranteak – Etorkizuna lantaldearen bilkura, Bizi!-ren egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan
  • Urtarrilaren 7an, ostiralez, 19:00 – 21:00 Bizi! Barnekalde Biziren tokiko lantaldearen bilkura, EHLGko egoitzan
  • Urtarrilaren 10ean, astelehenez, 18:30 – 20:30: Hitza Hitz / Begiraleak –Lurralde trantsizioa lantaldearen bilkura, Bizi!-ren egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan
  • Urtarrilaren 17an, astelehenez, , 19:00 – 21:00: Jakazan/k Logistika lantaldearen bilkura, Biziren egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan
  • Urtarrilaren 19an, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Kide berriei harrera MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan
  • Urtarrilaren 19an, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Euskaraz Bizin lantaldearen bilkura Bizi!-ren egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan
  • Urtarrilaren 20an, ostegunez, 19:00 – 21:00: Komunikazioa lan taldearen bilkura Bizi!-ren egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan
  • Urtarrilaren 24an, astelehenez, 19:00 – 21:00: Habitat-Etxebizitza lan taldearen bilura MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan
  • Urtarrilaren 27an, ostegunez, 19:00 – 21:00 Bizi! Barnekalde Biziren tokiko lantaldearen bilkura, EHLGko egoitzan
  • Otsailaren 2an, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Biziren Hilabeteko Biltzar irekia MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan
  • Otsailaren 10ean, ostegunez 19:00 – 21:00 Migranteak – Etorkizuna lantaldearen bilkura, Bizi!-ren egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan