Abenduaren erdialdean, Baionako Herriko Etxeak seinaleak ezarri zituen Baiona Ttipiko eta Handiko oinezkoen eremu osoan txirrindulariei sartzea debekatzeko, 10:30etik 19:15era eta 22:00etatik 6:00etara. Txirrind’Ola eta Biziren protesten ondotik, Herriko Etxeak debekuaren ordutegiak aldatu zituen, 22:00etatik 6:00etara arteko funts gabeko tartea kenduz, baina debekua etengabe zabaldu zuen 10:00etatik 22:00etara. Jean-René Etchegaray auzapezak erabaki hori justifikatu zuen Bizik zalantzan ezartzen dituen adierazpen batzuetan oinarrituz, eta elkarteak zenbait daturekin egia berriz finkatu du.
France 3 Nouvelle-Aquitaine hedabidean argitaraturiko artikulu batean, Jean-René Etchegarayk dio agindu horrek «hiperzentroaren barneko ehunka metro batzuk besterik ez» dituela ukitzen.
→ Hori gezur hutsa da: udal erabakiak Baiona Ttipi eta Handiko berrogeita hamar bat bide hartzen ditu, orotara kasik 6 kilometroko luzeran.
Gorriz, bizikletendako debekua duten oinezkoen eremuko berrogeita hamar bat bideak (kasik 6 km).
Neurri hori «ezinbestekoa» dela dio auzapezak, izan ere, «mugikortasun murriztua duten pertsonentzat eta pertsona ahulentzat arriskua» dela egiaztatu du, «bereziki jende pilaketa handiko orduetan».
→ «jende pilaketa handiko orduetan»? Udal erabakiak ez ditu inondik ere ordutegi horietara mugatzen debekuak: egunero aplikatzen da, igande eta astelehenak barne —hiribarnea gutiago erabiltzen den egunetan—, eta 10:00etatik 22:00etara arteko tarte zabalean. Bai eremuaren hedaduragatik bai aplikazio-denboragatik —kasik egun osoan—, neurria arras izariz kanpokoa dela dirudi.
→ «Ezinbesteko» neurria?
Oinezko zein txirrindulari askoz gehiago dituzten metropoli handiek ere ez dute halako debekurik. Parisen, agenteek txirrindulariei bizikletatik jaisteko eska diezaiekete oinezkoen pilaketa handia denean. Bordelen, banderolek txirrindulariei eta patineteei oinez ibiltzeko eskatzen diete, soilik Sainte-Catherine eta Porte Dijeaux kaleetan, «jendetza den orduetan».
Oso hiri gutik ezartzen dute oinez ibiltzeko baitezpadakotasuna halako ordutegi zabaletan eta halako eremu handian. Ber maneran, Herriko Etxe oso gutik ezarri dute hain zigor handia: Udal erabakiak aitzinikusten duen 150 euroko isuna 2. mailako arau-hauste baterako gehienezko kopurua da.
Jean-René Etchegarayk dio «kexa eta salaketa franko» lortu dituela «fiteegi joaten ziren pertsonei buruz».
→ Arazo erreal bati emaniko erantzun okerra
Fiteegi doazen txirrindulariek eta patineteek oinezkoengan segurtasun-ezaren sentimendua sortzen dute, eta hori zinezko arazoa da. Baina zer egin du Herriko Etxeak orain arte, informazioari eta zigorrari dagokienez, oinezkoen eremuan emeki ibiltzeko betebeharra errespetarazteko? Gogorarazteko, oinezkoen eremua oinezkoek lehentasuna duten gunea bada ere, txirrindulariak oro har onartuak dira, baina emeki ibili behar dute eta ez dituzte oinezkoak oztopatu behar. Debeku oso honek txirrindulari guziak zigortzen ditu eta bizikleta erabiltzea etsiarazten du.
Gainera, debeku-eremuaren inguruko bide gehienek —Ravignan karrikak, des Lisses karrikak, Génie zubiak, Amiral Jauréguiberry kaiak, Amiral Dubourdieu kaiak, Bernède karrikak, Iruñeko etorbideak, Gouverneurs karrikak— ez dute oraino bizikletendako azpiegitura seguru egokirik. Bizik gogorarazten du 2025ean des Lisses karrika eta Paul Bert plaza berritzean, Baionak Ingurumen Kodeko L228-2 artikulua urratu zuela, inolako bizikleta-ibilbiderik ez baitzuen antolatu.
Txirrindularientzat oinezkoen eremua saihesteko ibilbide eraginkor eta seguruak sortzea, ordea, lehentasunezko neurrietako bat da Mugikortasun Aktiboen Akademiak (ADMA-k), Arrisku, Ingurumen, Mugikortasun eta Antolaketarako Azterketa eta Aditu Zentroak (Cerema-k) eta Bizikleta eta Oinezkoen Sareak, hainbat hiri frantsesetan egin tailer eta tokiko bisitetan oinarrituriko «Oinezkoen eta txirrindularien arteko tentsioak aitzindu eta konpondu» izeneko liburuxkan gomendatu bezala. Oro autoz-aren nagusitasuna oraino izigarri handia da, eta garraioa da berotegi-efektuko gasen emisioak apaltzen ez dituen sektore bakarra. Bizik Baionako Herriko bozetarako hautagai diren zerrendei dei egiten die bizikletaren praktikaren kontrako agindu hori indargabetzeko eta larrialdi ekologikoari zinez buru eginen dioten mugikortasun politikak martxan ezartzeko, Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko Itunak galdatzen duen bezala.