Maiatzaren 17ko Biziren Biltzar Nagusi estrategikoak urtebeteko eztabaida, gogoeta eta topaketa prozesuaren bukaera markatu zuen. Mauletik Urruñara eta Ainiza-Monjolosetik Baionara hainbat bilkura egin dira. Haietarik testu bat atera da eta datozen urteetarako bide orri gisa baliatuko da. “Haize kontra norabidea tinko atxiki”.
Azken lau urteak klima aldaketaren okertzearen, agintari politiko eta enpresa handien geldirik egotearen, desberdintasunen hazkundearen eta eskuin muturraren gorakadaren urteak izan dira.
2020an idatziriko bide orri ausarta (“Trantsiziotik metamorfosira”) kasik osorik gauzatu da lau urteko lan bizi eta mamitsuan. Bizi! elkarteak 130 kide gehiago ditu azken 4 urteetan (+% 20) eta 808 kide zituen 2024ko maiatzaren 31n.
Datozen 4 urteendako erronkak
- Euskal Herria Burujabe lurralde proiektua biziaraztea. Bizik tokiko burujabetzak eraikiko ditu kapitalismotik eta erregai fosiletatik ateratzeko, tokiko politika publikoetatik onena ateraz eta gizarte zibilean aliantza berriak garatuz. 2026ko Herriko Etxeen eta Euskal Elkargo mailako hauteskundeak erabakigarriak izanen dira ardura postu horiek beharrezkoak diren aldaketen sakontasunaz eta premiaz jakitun diren taldeek kudea ditzaten.
- Klima klase herrikoien borroka bilakaraztea. Bizik alternatiba eko-sozialak sustatuko ditu, metamorfosi ekologikoaren alde eta herritarren beharrei (lana, garraioa, etxebizitza, digitalizazioa, elikadura… arloan) erantzuteko. Horrez gain, klima aldaketaren ondorioei buru egiteko erresilientzia eta egokitzapena antolatuko ditu.
- Politika klimatizidei buru egitea eta eskuin muturraren ideiak borrokatzea. Lurralde iraunkor eta erresiliente bat eraikitzeak politika klimatiziden okertzea eta aterabide faltsuen hedapena eragoztea ere eskatzen du. Bereziki, Bizik GPSO AHT proiektuaren eraikuntzari irmoki buru eginen dio. Elkarteak gizarte zibilaren beste eragileekin batera eskuin muturraren ideien gibelaraztean parte hartuko du eta 2027ko presidentetzarako hauteskundeetarako eta krisi politiko berrietarako prestatuko da.
Bizik bide orri honetan bere burua ikusten duen oro mugimenduarekin bat egitera, elkartea sostengatzera eta indartzera deitzen du (https://bizimugi.eu/eu/bizi-ren-ekintza-sustenga-ezazue/)
Haize kontra ere norabidea tinko atxik dezagun
Bizi!