Bizi !

Bizik eta ANV-COP21ek eskatzen dute AXAk klima suntsitzaile diren proiektuen finantzatzea utz dezan

Insure our Future GKE-aren txostenaren ateratzearen karietara, Bizik eta ANV-COP21ek salatzen dute AXAk energia fosilen proiektuetan parte hartzen duela. Gaur egun ere, larrialdi klimatikoa izan arren, AXAk Gas Natural Likido ustiapen proiektuak asuratzen ditu. Suhiltzaile piromano baten jokamoldea, nahasmendu klimatikoaren erantzuleak asuratzen dituena, baina gero eta gutiago biktimak.

AXA agentziaren aitzinean, Baionan, Biziko ekintzaileak sute baten irudikatzera joan dira gaur goizean. Helburua? Aseguratzailearen jarduera klimatikoak salatzea. Azken honek nahasmendu klimatikoa bizkortzen du eta hondamendi “naturalak” deiturikoak bultzatzen ditu. Gisa bereko ekintza batzuk antolatzen dira frantses Estatuko hainbat hiritan, Bizi! kide den ANV-COP21 mugimenduaren ekimenez.

Banderolak, garrak, irudia argia da: “AXArekin hondamendia segurtatua da”. “AXA nahasmendu klimatikoaren kontrako aseguratzaile gisa aurkezten da“, azaldu du Lilas Dinclaux Bizi! elkarteko bozeramaileak, «Alta, taldeak energia fosilekin lotuak diren proiektuak asuratzen segitzen du. Erokeria hutsa da!».

Izan ere, ANV-COP21ek eta Bizik Insure our Future-en txostena azpimarratzen dute. Txosten horrek erakusten du, besteak beste, AXAk energia fosilen ustiapen proiektuak asuratzen dituela, bereziki Gas Natural Likidoa (GNL), Freeport LNG terminala bezalakoa Estatu Batuetan, urtero 75 milioi tona CO2 isurtzen dituena, hau da, Frantziak isurtzen duenaren laurdena.

Bitartean, nahasmendu klimatikoa gero eta larriagoa da, egunero ikusten diren ondorioekin, eta orain zuzenean eragiten digutenak. Ipar Euskal Herrian, urriaren 18 eta 19an gertatu diren uholdeak, edo Balentzian urriaren hondarrean gertatu diren uholde suntsitzaileak, AXAk ziurtatzen digun etorkizunaren zorigaiztoko adibideak dira.

Lehen aldikotz, Insure our Futuren txostenaren arabera, azken 20 urte hauetan, fenomeno meteorologikoei loturiko aseguratuak diren kalteen herena klima aldaketari egotzi dakioke, hau da, 600 miliar dolar 2002–2020 epean.

Gaur egun, 1000 eta 2000 herri artean, frantses Estatuan asurantza ezin atzemanez ari dira beren arriskuak estaltzeko, karioegiak direlako. Jadanik 2015ean, Henri de Castrie AXAko zuzendari nagusi ohiak adierazi zuen «+4 graduko mundu bat asuratzeko ezinezkoa izanen zela». Alta desoreka hori bizkortua da AXA bezalako asegurutzaileen jokamolde ulertezinagatik.

Orain dela zenbait urte, asurantza talde hau izan zen ikatz ustiapen proiektu berriak asuratzeko kontrako jarrera sendoa hartu zuen lehena. Jarrera hartze horren ondorioz, finantza munduko beste eragile askok jarraitu zuten, ikatza baztertzeko egiazko politika martxan ezarriz. “Gaur, AXA urrunago joan dadin igurikatzen dugu, eta bidea erakuts dezan, energia fosil mota orori lotuak diren proiektuak aseguratzeari utziz” jarraitzen du Lilas Dinclaux-k.

Proiektu fosilek asurantza behar dute, baina aseguratzaileek ez dute proiektu fosilik behar: energia fosilekin lotuak diren AXAren aktibitateak honen negozio zenbateko zati ttipi bat baizik ez da. Arrazoi bat gehiago atea hetsi eta etorkizunera begiratzeko, behin betiko.