Bizi !

Bizi ! 5 urte jadanik eta trenpu ezin hobean ! Bizi! euskal mugimendu altermundialistaren urtebetetze alai eta ihardukitzailea

2009ko ekainaren 24ean sortua, klima aldaketaren inguruko Kopenhageko gailurrak pizturiko nazioarteko mobilizatze dinamikan, Bizi!k bere 5 urteak ospatuko ditu Baionan 2014ko ekainaren 20, 21 eta 22ko asteburuan. 5 urtetan doi doia 20 kideetatik 300 baino gehiagora pasatuz, 300 000 biztanleko lurralde ttiki batean, mugimendu honek ez du ezagutzen omenezko “militantziaren krisia”.

5 urteko ekintz eta lan etengabeko ikuspegi bat 3 mn bideoz hemen :

Larrialdi klimatikoa eta justizia sozialaren aldeko planeta mailako borrokan kokatuz, Bizik tokiko mailan (Euskal Herria trantsizioan, tokiko moneta, zaborrak, eko-etxegintza, udalerrien tresna kutxa, kontsumo arduratsua, errepidezko garraioari alternatibak, AHT berriaren aurkako borroka…) zein mundu mailan (Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenaren ondotik Baionako Alternatibaren antolaketa, COP21ari begira mobilizatzea, kutsazergaren aldeko borroka, Australiako Alpha Coal proiektutik Société Générale bankua kentzeko kanpaina etab.) lan egiten du.
Baionan ekainaren 20ean (arratseko 19:00etan Paul-Bert plazako IUTko anfiteatro haundian), hitzaldi berezi batek ariketa hainitzeko 5 urte horiek gainbegiratuko ditu eta Bizi!ren egimolde “erradikal-pragmatikoa” aurkezten saiatuko da.
Ekainaren 21 eta 22an, mugimenduaren militante eta lagunak Baionan eta Angelun bilduko dira, 5. urtebetetze hori behar bezala ospatzeko, eta horrela Bizi!n aritzearen besta giroko elgarlana erakutsiz. Egitarau zehaztua hemen : https://bizimugi.eu/eu/biziren-5-urtebetetzea/

Bizi leku ta janari emaiten dion sagarra
Bere ezaxolkeriaz usteltzen ari den harra.
Hara nausi den sistema, planetaren zoritxarra
Laster pasatuko dugu bueltarik ez duen marra
Bainan hau ez da patua, ez gure halabeharra
Gaurdanik lotu zaitezke, goaitatu gabe biharra
Badugu zure lanaren ta laguntzaren beharra
Mundua anitza baita, bainan planeta bakarra

Bost urte iragan dira, zer fite doan denbora
Dotzena bat kide hasi, gaur hirurehunez gora
Jendearen interesa piztu duenaren froga
Bainan bidea luze da ta indarra beharko da
Larrialdi Klimatikotik krisi ekologikora,
Justizi sozialik gabe ere ez goaz nehora
Hurbildu mugimendura, hurbildu gure ondora
Erronkak ereman gaitzan Bost gehiotik hordagora