Bizi Mugimendua

Akatsetatik ikasi

Duela sei hilabete baino gehiago, Bizi egoera zaila bizitzen ari da. Hunkituak diren pertsonenganako errespetuagatik, egoera horren xehetasunak ezin  ditugu publiko egin, baina garrantzitsua iruditzen zaigu gure kide eta laguntzaileei azaltzea zergatik Bizi azken hilabeteetan ez den izan hain aktibo, jendarte- eta klima-justiziaren aldeko gure borroketan (nahiz eta jarduera ez den osoki gelditu), kolektiboki nola antolatu garen eta zer ikasgai atera ditugun egoera honetatik.

Zailtasun larriak agertu dira Biziko langileen taldean. Langileetako batek bere lankide gizonezkoaren jokabide bereziki arazotsuak salatu ditu (komunikatzeko molde oldarkor eta gutiesgarria, besteenganako konfiantza falta, desadostasunak onartzeko zailtasuna etab.), bai egoera salatu duen langileari, bai beste militante batzuei buruz. Azaroan, Biziren eta Manu Robles-Arangiz Fundazioaren barne-organo bateratua den Jokabide Arazotsuen Prebentzio eta Kudeaketarako Batzordera jo zuen.

Gertaeren deskribapena

Sei hilabete baino gehiagoz, batzorde horrek —Biziren zuzendaritza taldeko (Koordinaketako) kidez osatua— jardun du inplikaturiko pertsonak entzuteko, egoera objektiboki ulertzeko eta diagnostiko bat proposatzeko. Eta aitortu eta egiaztatu du langile horren erantzukizuna, baita haren jokabide batzuek hainbat militanteengan sufrimendua eta konfiantza-galera eragin izana ere, jokabide horiek onartezinak direla ondorioztatuz. Baina, aldi berean, erantzukizun kolektiboa agerian uzten duten barne-funtzionamenduko hainbat hutsune ere identifikatu ditu: klima-larrialdiari buru egiteko, Bizik bere buruari ezartzen dizkion anbizio handien ondoriozko presiopean diren langileak behar bezala lagundu eta gainbegiratzeko giza baliabideen esparru egokirik ez izatea; arazoak, berriz gerta ez daitezen, hasieratik atzeman eta tratatzeko mekanismorik ez izatea; lan-talde batzuetan generoaren araberako mekanismoak erreproduzitzea; eta egituraren barnean genero-desberdintasunak berriz sortzea saihesteko neurri ausartik ez izatea, besteak beste.

Aipaturiko langilearen erantzukizun indibiduala estali gabe, funtsezkoa da gure erantzukizun kolektiboa aitortzea. Izan ere, gure egituretan denen ardura da esparru sanoa bermatzea: jokabide mingarri eta desegokiak berehala identifikatzea, zuzentzea eta pertsonei hobetzeko laguntza eskaintzea. 

Dolu dugu alerta-seinaleak beranduegi identifikatu direlako, eta porrot kolektibotzat jotzen dugu gure langile kaltetuak otsailean lan-harremana adostasunez etetea eskatu izana. Bestalde, aipaturiko beste langileak gertakariak onartu ditu, eta konponbidearen eta formakuntzaren bidean engaiatu da.

Proposaturiko neurriak

Beraz, akats hori aitortzen dugu, eta gure prozesuak hainbat neurri adostea ahalbidetu du: zigortzea, konpontzea eta berreraikitzea helburu dute, betiere lan-zuzenbidea errespetatuz:

  • Langileari probaldiko neurriak ezartzea, bere eginkizunak egokitzea eta geroan ber arazoak prebenitzeko eta geldiarazteko neurriak hartzea. Kontzientzia-hartze horretatik hona erakutsi duen jarrerak zinez aldatzeko gaitasuna duela pentsarazten digu.
  • Lanpostua uztea erabaki duen langileari laguntza emateko neurriak hartzea, eta hark adierazi bezala, Bizin militatzen jarraitzeko aukera eskaintzea.
  • Gure funtzionamendu kolektiboa hobetzeko neurriak ezartzea, langileek zein militanteek beren engaiamendua esparru egoki batean garatu ahal izan dezaten.

Elkarrekin aitzinatzea

Ia hamabost urte dira Bizi etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko lanean ari dela, gizarte- eta ingurumen-justizian oinarrituriko proiektu baten eta guretzat funtsezkoak diren baloreetan oinarriturik. Emazteen kontrako diskriminazioen kontrako borroka, baita diskriminazio eta injustizia guzien kontrakoa ere, gure oinarrizko balioetarik dira. Pentsaera ekofeministaren ildotik, badakigu bizia salbatzeko beharrezkoa dela menderatze-mekanismoak desegitea, bai Lurraren gainean, bai gizakien gainean gauzatzen direnak. Sinesten dugu gure akatsak —banaka zein kolektiboki— aitortuz ere aitzina egin dezakegula. Norberaren hutsegiteak onartzeak, konponketaren bidean engaiatzeak eta formakuntzak aukera ematen diete akatsak egiten dituzten guziei aldatzeko.

Badakigu krisia ez dela bukatua, biderik luzeena oraindik aitzinean baitugu: zauriak konpondu, gure burua berrantolatu eta aldaketak lagundu behar ditugu. Eta, sekula baino gehiago, gure helburu komuna gogoratu behar dugu: krisi ekonomiko eta ekologikoetatik etekina ateratzen duten indar erreakzionarioei buru egitea, pertsonak elkarren kontra  ezartzen dituztenei eta ahulenen eskubideak zapaltzen dituztenei buru egitea; gero eta nabarmenagoa den eta pertsona zaurgarrienak miserian barnago ematen dituen klima-aldaketa  geldiarazteko gure indar guztiak mobilizatzea eta, elkarrekin, gure lurraldearen eraldaketa ekologiko eta soziala eraikitzea.