Bizi !

[:eu]2020rako CO2 isurketak %40 gutxitu behar direla gogorarazi du Bizik

2020rako CO2 isurketak %40 gutxitu behar direla gogorarazi du Bizik

Klima aldaketaren larritasuna salatzeko, bizikleta martxa antolatu du Mauletik Baionara

Aitor Renteria.

Baiona

Klima aldaketaren karira, estatuen hipokresia salatu du Bizi mugimenduak, nazioartean estatu aberatsek kutsatzeko eskubidea erosten dietelako herri txiroenei. Bizik gogorarazi du 2020rako CO2 isurketak%20 gutxitu nahi dituela Frantziak, eta %5 AEBek. Egiazki klima aldaketan eragin nahi bada 2020rako isurketak %40 gutxitu behar direla azpimarratu dute, eta 2050ean kopuru horrek %80 izan beharko duela.

Klima aldaketaren larritasuna salatzeko asmoz, Bizi mugimenduak bizikleta ibilaldia eginen du, Zuberoatik Lapurdira. Irailaren 25ean Mauletik abiatuko da, eta hilaren 27an Baionara iritsiko da. Ibilbidean hainbat informazio bilkura egingo dituzte, Ainhize-Monjolosen, Ezpeletan, Donibane Lohizunen eta Arbonan.

Klima aldaketaren kontra goi mailako erabakiak ez ezik tokiko jendearen engaiamendua ere behar dela azaldu du Mari Larzabalek. Hizpide hartu dute abenduaren lehen hamabostaldian Nazio Batuen Erakundeak Kopenhagenen egingo duen goi bilkura.

Bizikleta martxa ez da izanen klima aldaketaren larritasuna salatzeko ekimen bakarra. Heldu den astelehenean, mundu osoko deialdiari jarraikiz, elkarretaratzea eginen dute Baionako Herriko Etxearen aitzinean, 12:18etik 12:23ra. Tenoreak Kopenhageko bilkuraren bukaera ekartzen du gogora, abenduaren 18a, alegia. Ordurako engaiamendu zehatzak eskatzen dituzte.