2025eko martxoaren 2an,
Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboak Baionako hiriguneko publizitate guziak kendu ditu igande honetan, martxoaren 2an, herriko biztanleei publizitaterik gabe beren hiribarnea nolakoa izanen zen erakusteko. Indarrean den Euskal Kosta eta Aturri aldeko Herriarteko Tokiko Publizitatearen Araudia (RLPi / HTPA) salatzen du, azken honek ondare eremu honetan publizitatea ezartzeko salbuespenak baimentzen baititu. Publizitatea Geldi kolektiboak Jean-René Etchegaray auzapezari dei egiten dio Ipar Euskal Herriko RLPi-HTPA babesgarri berri baten alde ager dadin, etorkizunean horrelako salbuespenak ez daitezen posible izan.
«Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboak plazerrekin eskaintzen dizu publizitaterik gabeko igande hau Baionan. Sartu harremanetan Etchegaray jaunarekin gure hiria publizitatetik babestua izan dadin galdatzeko.» Hau da kolektiboak igande goizean Baionan hiriguneko iragarki taula bakoitzean utzi duen mezua, iragarki-afixa guziak kendu eta gero.
“Publizitatea hain agerikoa da, non jada ez giren konturatzen bere presentziaz eta eraginaz. Ekintza honekin auzoko biztanleei publizitaterik gabeko eguna eskaini nahi izan diegu», azaldu du Elise Ayrault, kolektiboko bozeramaileak. “Publizitatea gainkontsumoaren ideologia zabaltzeko tresna da. Azken honek, salgaien ekoizpena, baliabideen xahutzea eta klima-aldaketaren jatorria den berotegi-efektuko gasen isurtze gero eta handiagoa sustatzen du. Paisaian, bioaniztasunean edo gure osasunean duen eragina, energia-kontsumoa, estereotipoen zabaltzea, bereziki sexistenak, biziki untsa dokumentatuak dira eta ez dira onargarriak 2025ean».
Kolektiboak 41 iragarki zenbatu ditu Baiona Ttipi eta Handiak osatzen duten ondare nabarmen eremuan. Ingurumen-kodeak normalean sektore honetako publizitate guziak debekatzen ditu. “Gure tokiko hautetsiek 2022an bozkatu zuten tokiko Euskal Kosta Aturri publizitate araudia da, publizitatea eremu babestu honetan sartzea ahalbidetu duena. Hau soberakina da!» azpimarratzen du Elise Ayraultek. Ibilbidea aldatzeko parada hor dugu: RLPi/HTPA berria, Euskal Elkargoko 158 Herriko Etxeetara hedatuko dena, landua izaten ari da.
Kolektiboak hautetsiei eta Herriko Etxeei arau babesle baten aldeko jarrera eskatzen die: panel digitalen debekatze osoa, taulen gehienezko neurriaren mugatzea, publizitaterik gabeko “arkitektura eta natura ondare” gune bat plantan ematea, etab. Otsailaren 17an, kolektiboak gutun ireki bat bidali zien hiri-altzarien kontratuak (1) dituzten 9 Herriko Etxeetako hautetsiei, Baiona barne. Bertan eskatzen zuen “logika errotik aldatzea, babesa arau bilakatuz eta dispentsa salbuespena.» 2034a arte publizitate hedatzaile den JCDecaux-rekin indarrean den kontratua duen Baiona bezalako Herriko Etxeei aterabide teknikoak eskaintzen ditu.
Lurraldeko Herriko Etxeak RLPi/HTPAren anbizio mailari dagokionez ez direlarik hitz batekoak, Jean-René Etchegarayk ez du jarrera publikorik hartu orain arte. «Publizitatearen eragin anitzak, ordea, ez dira gehiago frogatzekoak. Zabalduak diren mezuak Euskal Elkargoaren politika publikoen kontra doaz: Klima Plana, Mugikortasun Plana, Lurralde Elikadura Proiektua, Tokiko Osasun Kontratua, etab. Etchegaray Jaunari dei egiten diogu argi eta garbi ager dadin Herriko Etxe proaktiboekin RLPi/HTPA babesgarri baten alde, eta bereziki gure gutun irekian aurkezturiko puntuetan.» dio Elise Ayraultek.
Kolektiboak Baionako biztanleak beren auzapezarekin harremanetan sartzea gomitatzen ditu gaiari buruz duen jarrera publikoki ezagutaraz dezan. Aitzinetik prest den gutun eredu bat eskuragarri da sarean desmartxaren errexteko.