Bizi !

Lan legea : Bizi ! eta Colette Capdevielle PS-en diputatuaren arteko gutun trukaketa

Colette Capdevielle-i,

Pirinio Atlantikoetako
5. bozkaguneko diputatuari

Baiona, 2016eko ekainaren 8an

Gaia : zure 2016eko maiatzaren 27ko gutunari erantzuna

Anderea,

Gure maiatzaren 24eko gutun irekiari ekarri diozun erantzunaz eskertzen zaitugu. Alegeratzen gira zurekin guttienez bi jarreraren partekatzeaz: gure errefus amankomuna El Khomri legearen 2. artikuluari dagokionez. Honek zalantzan emaiten du Frantses Estatuan lan zuzenbidearen giltzarria den normen hierarkia. Eta gure dezadostasuna lege proiektu horren hautatzeko 49-3 delakoaren erabiltzeari dagokionez.

Hala ere pentsatzen dugu 2. artikulua ez dela urrundik ere arazo larria ekartzen duen bakarra lege proiektu honetan. Beste anitzek, gure aburuz, berekin dakarzkite ataka larriak (kanporaketak, UBER langileen estatusa, lan denbora, etab.) lan kodeak langileei eskaintzen dizkien babes sozialei. Lan ikuskari ohia den eta gai horietan aditua bai eta zure alderdiko batzorde nazionaleko kidea den Gérard Filoche-ek bere blogean azterketa izigarri on bat egiten du, zehazki hemen: www.filoche.net/2016/05/28/ils-aggravent-en-douce-tous-les-articles-de-la-loi-uber-el-khomri-retrait. Bertan erlatibizatzen ditu besteak beste aintzinamendu garrantzitsu batzu bezala aurkezten dituzun hainbat punduren egiazko ondorioak.

Lan legearen gaur egungo eduki errealari buruz Gérard Filoche-ekin eztabaidatzera jiteko gomita arraberritzen dizugu, ostirala honetan ekainaren 10an arratseko 19:00etan, Baionako Lan Burtsan.

Zure gutunan baieztatzen diguzu Lehen Ministroari idatzi diozula hari galdegiteko “testu horri buruz elkarrizketa baten ahalbidetzea biltzarrean eta Legebiltzarreko 2. irakurketan, Konstituzioko 49-3 artikuluko marrazatik berriz pasatzeko beharra ukan gabe.

Erantzunik ekarri ote dizu? Hala balitz, zer xede adierazten dizkizu? Ez badizu erantzunik ekartzen eta sekulan berriz adierazten badu berriz prest litaikela 49-3 artikuluaren erabiltzera, zer egiteko xedea duzu?

El Khomri legean den normen hierarkiaren alderantzikatzeak gure jendartean den laneko harremanen eta erregulazio sozialaren moldatzeko sistemaren pundu garrantzitsu bat uzkailiko luke. Nola irudikatu ondorioz horrelako nahasmendu bat egiten ahal dela aintzinetik eragile sozialen artean elkarrizketa luzerik ukan gabe, eztabaida sakon bat ukan gabe herri osoan? Eta nola onartu horrelako aldaketa sakon bat joko araudietan, milioika langilek borrokatzen dutena, iritzi publikoaren gehiengoak gaitzesten duena bai eta ere zure alderdiak berak (ikus 2015eko ekainean Poitiers-en iragan den Kongresuan gehiengoa ukan duen A mozioa: “normen hierarkia berriz ezarri behar da: legea akordio kolektiboak baino indartsuago da eta hura bera inposatzen da lan kontratuari“) gauzatzen ahal litaikela parlamentuan gehiengorik gabe 49-3aren bidez inposatua litaiken lege batetaz?

Hor zinez bada demokraziaren eta elkarbizitzaren gaiak hunkitzen dituen arazo bat.

Horrelako egoera batean, nola aski izaiten ahal da ahozko oposizio batekin? Ekintza eta jestu indartsuak baitezpadakoak dira. Usaian ez bezala grabe den horrelako egoera batean, lege honen zentsuratzeko egin ahal guzien ez egitea eta 49-3aren erabilpenaren kontra ez egitea indarrez pasatze kezkagarri honen bermatzea litaike.

Horregatik berriz galdegiten dizugu, eta zure lehen erantzuna ezezkorra izanik ere, datorren zentsura mozio ezkertiar eta ekologistaren izenpetzerat, lan legeari bidea oztopatzeko edo gutienez diputatu bakoitza behartzeko bere konzientziaren arabera jendarte ororen oinarrizko joko araudi demokratikoen kontrako aurrekari izigarri larri honi aurre egiten.

Han artean onar ezazkizu gure agurrik ekologista eta solidarioenak.

Bizi !


[:eu]Deskargatu[:fr]Télécharger[:] (PDF, 84KB)


[:eu]Deskargatu[:fr]Télécharger[:] (PDF, 84KB)