Bizi! mugimenduaren kide bilakatzeko Bizi!ren Hitzarmenarekin adostasuna erakutsi behar da. Hitzarmen hortako «Funtsezko printzipioak» atalean, azpimarratzen da «Bizi ! mugimenduaren ekintza eremu nagusia Ipar Euskal Herria da. Bizi! nazio arte mailako mugimendu altermundialistan osoki kokatzen da. Gure ekintza kultur aniztasunaren borrokaren baitan naturalki sartzen da. Gure komunikazioa, elebiduna da, euskara/frantsesa.» Ondorioz Bizi!ri esker, euskara lagun, larrialdi klimatikoaren eta oro har larrialdi ekologikoaren arloan, justizia sozialaren haritik murgiltzea eta eragitea posible da!
Bizi !ren kide kopuruan ere euskaldunen portzentaia Iparraldearen heinekoa da: +/- %25a euskalduna da. Horietarik dotzena erdi bat pasa maila ezberdinetan engaiatzen dira Bizi!ren kanpoari buruzko «komunikazioan» euskararen presentzia segurtatzen. Hala nola, Bizi!k prentsa agiri bat, esku paper bat edo txosten berezi bat publiko zabalari zuzendu nahi duelarik, Itzulpen Taldeari bizi-itzulpen email zerrendari esker pasatzen zaio, eta testoaren luzatasunaren arabera, 24 orduz edo aste batez, lan talde hortako kide batek edo zonbaitek beren gain hartzen dute itzulpenaren egitea. Dena «beren etxetik» eta internetez kudeatuz. Lan horren molde eraginkorrean egiteko, tresna kutxa bat ere plantan emana izan da Bizi!ren arloan erabiltzen den frantsesezko hiztegi berezia euskaratzeko.