Bizi Mugimendua

Bizikutzu 67 – 2026ko azaroa

« Mundu zaharra hiltzen ari da, mundu berria berantarekin agertzen ari, eta argi-ilun horretan munstroak sortzen dira. »
Antonio Gramsci

Editoriala

Bizi dugun garaia nahasia dela erratea guti erratea da. Historialarien lana izanen da garai hau bere konplexutasun osoan aztertzea, ulergarri bilakarazteko.

Baina horra, gaur egun denak, gure begien aitzinean idazten ari den historiaren garaikide, eragile eta, batzuetan, biktima gira.

Historia hori bizkortzen ari da, eta aterabide baten bila dabil; guk nahiko ginukeena alegia, elkartasunean, justizia klimatikoan eta sozialean oinarriturikoa, ez den aterabide baten bila.

Alderantziz, mugimendu atzerakoi eta oldarkor bat hedatzen ari da bost kontinenteetan. Bizidunekiko eta gure hurkoekiko enpatia pixkanaka desagertzen ari da, hedabide eta sare sozial boteretsuen eraso errepikatuen ondorioz. Hedabide eta sare sozial horiek ez dute gehiago gordetzen ultraeskuinarekin duten konplizitatea; azken horrek, berriz, gertakarien egia bera ukatzen du.

Gure esku da, beraz, munstro horiei buru egitea eta argi-ilun horretarik ateratzea, biharko historiak ez gaitzan gogorregi epai.

Potreta : Noëlie – 28 urte – Baiona

«Bizi! euskarazko sozializazio gune bat da niretzat, hizkuntza lurraldeari lotua baita, klima-erronkak bezalaxe».

Bizi! 2023an ezagutu nuen, Burujabe egunean. Blanquefortekoa naiz eta duela bost urte Euskal Herrian bizi naiz. Greta Thunbergekin batera klimaren alde mobilizatu zen belaunaldikoa naiz, eta ekonomiako ikasketek ingurumenaren dimentsioa zalantzan jartzera eraman ninduten.

Bizin militante izateak klima-justiziaren, justizia sozialaren eta ingurumenaren aldeko borrokan elkarteetan engaiatzeko dudan nahia betetzen du. Publizitatearen kontrako ekintzak egin nituen, eta, ondotik, eskuin muturreko ideiei buru egiteko lan-taldean sartu nintzen.

Aurten koordinaketara batu naiz. Talde hori ezagutu nuenean, hemen den militantzia profesionaltasunak harritu ninduen, bai antolakuntzari dagokionez, bai engaiamendu kolektiboari dagokionez. Harrigarria da Bizik sortu zenetik lurraldeari egin dion ekarpena. Euskara ikasi dut maite dudan eta defendatu nahi dudan herri honetan sustraitua sentitu nahi dudalako.

Bizi! euskarazko sozializazio gune bat da niretzat (nire lantokia bezala). Horrek zentzua du, hizkuntza lurraldeari lotua baita, klima-erronkak bezalaxe. Bileretan eztabaidatzeko dugun moldeak ere markatu nau: hitz egiteko txandak errespetatzea, emakumeen eta gizonen hitz hartze denborak zenbatzea… Nik, bat batean mozteko edo berehala erreakzionatzeko joera dudan honek, taldean hausnartzeko beste molde bat dela iruditzen zait. Bakoitzari bere tokia segurtatuz, adierazteko parada ukan dezan.

Kanpoko berri : Frantses kanoiaren parean: Herri Harresia!

Besta giroko otorduaren  aitzakian, P. E. Stérinek antolaturiko elgarretaratze hau eskuin muturra Ipar Euskal Herrian errotzeko saiakera besterik ez da. Horren parean harresi bat eraikitzea beharrezkoa da.

Artistak, elkarteetako militanteak edota nazismoaren biktimen ondorengoak… Ipar eta Hego Euskal Herriko 100 pertsona ezagunek deia sinatu dute heldu den azaroaren 28an Biarritzen egin nahi den Frantsez Kanoiaren otorduaren kontra. Bizi! deialdi horren sinatzailea da, eta prestatzen ari den mobilizazioan aktiboki parte hartzen ari da.


Lehen helburua, eskuin muturreko Pierre-Édouard Stérin miliardunak sustatzen duen ekitaldia bertan behera uztea bada, edozoin kasutan, segurtatu nahi da ia 2.000 lagunek izena eman duten otordu horren garapen normala eragoztea,  ber momentoan gure lurraldearen zinezko irudia erakutsiko duen besta herrikoi eta jendetsua antolatuz. Kantuak, musika, dantza, antzerkia, joaldunak eta elkarrekin partekatzeko piknika: egitarauan, besta, lagun arteko eta familia giroko mobilizazioa  izanen da, Frantses Kanoiak zabaltzen duen eskuin muturreko ideologiari ezetz errateko.


Bortizkeriarik gabe eta bisaiak agerian  eramanen den ekintza honen bidez, baieztatuko dugu eskuin muturreko ideiak ezingo  direla inoiz Euskal Herrian errotu, erresistentziarik  azeman gabe.
Mobilizazio honetan parte hartzeko interesa duzu? Kanpaina zabal honetako informazioa eta ekimenak ahal bezain bat jendek segitzeko WhatsApp komunikazio-kanal bat sortu berri dugu. Hemendik juntatzen ahal zira: https://whatsapp.com/channel/0029Vb8vfqb6GcGKb2lfpN3T
Mobilizazioaren kanaletan sartzeko.

Frantses kanoia eta haren mundua, ez hemen, ez nehon!


Bisita gidatua: Migratzaileak lan-taldea

Migrazioari eta klimari buruzko auziak hurbiletik lotuak dira.  Horregatik, Bizin gai horri lotua den lan-talde bat bada. Bizin, Etorkinekiko elkartasunaz arduratzen den lan-taldea 2019an sortu zen, migrazioak eta klima hurbiletik lotuak diren gaiak direla oharturik. Hiru helburu finkatu ziren: immigrazioari buruzko informazioa ematea, sentsibilizatzea eta aurreiritziak deseraikitzea; salatzeko, buru egiteko eta erresistentzia antolatzeko ekintzak egitea; eta, azkenik, jadanik arlo hortan ekiten duten erakundeei sostengua ematea.
Hiru animatzailek eta noizbehinka parte hartzen duten hamar bat laguntzailek osatzen dute taldea. Hilabetean behin biltzen dira, eta Telegram-en bidez komunikatzen dira. Bi proiektu nagusi eramaten dituzte aitzina: elkartasunezko urte bukaerako besta eta Etorkizuna plataforma.
2025eko abenduaren 31n, urtats solidarioaren zazpigarren edizioak sekulako diru-bilketa handiena lortu zuen: 3.870 euro. Bildu dirua Bestearekin, Une école, un toit, des papiers eta Etorkinekin federazioari banatu zitzaien.
Laguntzaileen engaiamendua azpimarratzekoa izan zen: lan txanda guziak hartuak izan ziren, egun handia baino bi aste lehenago! 2026ko edizioa Baionako Gaztetxean eginen da, eta aurten ahalegin berezia eginen da ekitaldian euskararen presentzia indartzeko.
Etorkizuna Harrera Lurraldea web plataformak, aldiz, migratzaileekin elkartasunean ari diren egitura guziak zerrendatzen ditu, eta laguntzaileekin harremanetan sartzeko aukera ematen du. 2027an prentsa aitzineko handi bat egitea aitzinikusia da, oraindik aski ezaguna ez den proiektua ezagutarazteko.

Egin dugu! Enpresa kutsatzaileen gezurrak salatzea

Publizitate-kanpaina kario eta engainagarriak eginagatik ere, enpresa handi batzuk biodibertsitatearen suntsiketan parte hartzen dute. Nazioarteko mugimendu batek salatzen ditu.

Egia-osteko aroaren printzipioa (ikus Bizikutzu 59. zenbakia) ez dagokio soilik mundu politikoari; ekonomiaren eta enpresen munduan ere hedatzen da, bereziki publizitate-kanpainen bidez.
Kanpaina horiek usu  berdez tindatzen dira, kontsumitzaileei eta bezeroei ingurumenarekiko errespetuzkoagoak direla sinetsarazteko. Baina, ardura, itxurakeria hutsa da. AXAren kasua da horren adibide argia. Konpainiak koralezko arrezifeak, mangladiak eta kostaldeko ekosistemak babesten dituela harrotasunez aldarrikatzen du; bitartean, gas-ustiapenerako proiektu berriak aseguratzen ditu Ozeano Bareko Koralezko Triangeluko biodibertsitate-gune paregabean.

Hizkera bikoitz hori eta klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen suntsiketaren erantzule nagusietako diren erauzketa-proiektu berriei ematen dien sostengua salatzeko, hainbat ekintza egin dira bost herrialdetan.

Estatu Batuetan, Espainian, Erresuma Batuan, Alemanian eta Frantzian, ANV-COP21 mugimenduak Rennesen eta Nizan egindako ekintzen bidez, hipokrisia salatzeko mobilizazioak antolatu dira.
Hendaian ere, Biziko militanteek nazioarteko mugimendu zabal horretan parte hartu dute. Txingudiko badiaren parean, hiri-altzarietan publizitate faltsuak ezarri dituzte, honako lelo honekin: AXA: Ozeanoaren suntsiketa aseguratzen dugu. Babesten dugula erraten dugun bitartean.

Egutegia

Azaroaren 4an, asteazkenarekin   19:00 – 21:00   
Biziren hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako 20 – Baionan

Azaroaren 6tik 8ra, ostiraletik igandera
Lurrama
Irati Aretoa – Biarritz

Azaroaren 9an, astelehenarekin   17:30 – 18:30
Urtats solidarioaren antolaketa bilkura

Azaroaren 9an, astelehenarekin   18:30 – 21:00
Begirale Ekologikoen hilabeteroko topaketa 
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako 20 – Baionan

Azaroaren 18an, asteazkenarekin   19:00 – 21:00
Euskaraz Bizi!n lantaldearen bilkura
Enbataren lokalean
Kordelierren karrikako 3 – Baionan

Azaroaren 21ean
Euskararen aldeko manifestaldia Baionan

Azaroaren 26an, ostegunarekin    19:30 – 21:30
Hitzaldia “Klima eta energia burujabetza: zer aterabide gure lurraldean?”
StopFosilak, ELB eta EHLG
Ainiza-Monjoloseko EHLGren egoitzan

Azaroaren 28an, larunbatarekin

Frantses Kanoiaren kontrako manifestaldia Irati aretoan Biarritzen  

Abenduaren 2an, astelehenarekin   19:00 – 21:00
Biziren hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako 20 – Baionan

Abenduaren 4an, ostiralarekin   19:30 – 21:30
Hitzaldia “Klima eta energia burujabetza: zer aterabide gure lurraldean?”
StopFosilak eta  I-ENER-ekin
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako 20 – Baionan

Abenduaren 14an, astelehenarekin   18:30 – 21:00
Begirale Ekologikoen hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako 20 – Baionan

Abenduaren 16an, asteazkenarekin   19:00 – 21:00
Euskaraz Bizi!n lantaldearen bilkura
Enbataren lokalean
Kordelierren karrikako 3 – Baionan

Abenduaren 31n, ostegunarekin
Urtats solidarioa
Baionako Gaztetxean