Bizi Mugimendua

Bizik Urruñako Herriko Etxearen legez kanpoko eta klima suntsitzaile den antolaketa salatzen du

Doi doia hautatua, Urruñako Herriko Etxeko gehiengo berriak bizikleta-antolaketa bat kendu du, legea eta bere klimaren aldeko engaiamenduak mespretxatuz.

Hilabete hastapenean, Urruñako Herriko Etxeak lanak egin ditu Zokoako karrika berriz bi noranzkoetan ezartzeko, Itsas Ondo karrikaren eta Kattalin Agirre karrikaren arteko zatian. Horrela, bi noranzkoko bizikleta-bide bat eta EHPADaren aitzinean oinezkoen jarraikitasuna bermatzen zuen oinbidea kendu ditu. Aitzineko Herriko Etxeko gehiengoak antolaketa horiek iaz egin zituen, karrika hori noranzko bakarrean ezarri zenean.

Bizik deitoratzen du Urruñako kargualdi berriaren lehen inbertsioak Kilmaren eta Euskal Herriko Biztanleen aldeko Ituneko neurrietako bati uko egitera bideratuak izatea, Urruña Itun horren izenpetzaile baita. Izan ere, Herriko Etxeak engaiamendua hartu zuen espazio publikoaren banaketa bidezkoagoa antolatzeko eta lehentasuna oinezkoei, txirrindulariei eta garraio publikoari emateko. Zehazkiago, kargualdiaren lehen urtean zirkulazio-planaren aldatzea esperimentatzeko hitza eman zuen, segurtasuna hobetzeko eta bizikletaz eta oinezko joan-etorriak sustatzeko, bereziki abiadura apalduz, iragaitzazko trafikoa mugatuz edo zenbait bidetan mugikortasun aktiboari lehentasuna emanez.

Elkarteak salatzen du, ber maneran Ingurumen Kodeko L. 228-2 artikulua urratzen duen legez kontrako antolaketa bat. Artikulu horren arabera, «hiri-bideen eraikuntza edo berritze lanak egiten diren aldi oro, autobideak eta bide lasterrak salbu, bizikleta-ibilbideak plantan emanak izan  behar dira, tokiari egokituak diren antolaketekin».

«Klima-aldaketaren ondorioak gero eta lasterrago larriagotzen ari diren honetan, Etchebarne auzapezak diru publikoa xahutzen du legea urratzen duen antolaketa batean, eta oinez nahiz bizikletaz segurtasunez mugitzeko aukera emanen duten antolaketak egiteko hartu dituen engaiamenduen arras kontrakoa egiten du», salatu du Nathalie Jacquaultek, Biziko bozeramaileak.

Alta, garraioa da gaur egun Ipar Euskal Herrian berotegi-efektuko gas gehien isurtzen dituen sektorea, auto indibidualaren erabilera nagusi delako. Horrez gain, isurketak oraino apaltzen ez diren sektore bakarra da. Gainera, Ipar Euskal Herriko Klima Planak sektore horretan aurreikusten ditu murrizketarik handienak: auto bidezko joan-etorrien partea %77tik (2020an) %52ra (2030ean) apaltzea, eta aldi berean oinezko joan-etorrien partea %15etik %25era eta bizikletarena %1etik %8ra emendatzea.

«Mugikortasun ohiturak aldatzea lortu duten lurraldeek espazio publikoaren partekatze orekatuagoaren alde egin dute, oinezkoentzat eta txirrindularientzat antolaketa jarraikiak  eta seguruak garatuz», gogorarazi du Nathalie Jacquaultek, Biziko bozeramaileak. «Bero-boladek markaturiko kargualdi hastapen honetan, Urruña etorkizuneko erronkei  buru egiteko egokiak diren antolaketen  kontrako adibide gisa agertzen da».