Euskal Elkargoko lehendakaria hautatzeko eginen den elkargoko lehen biltzarraren bezperan, Bizi! elkarteak elkargoko hautetsiei dei egiten die Klima eta Euskal Herriko Biztanleen aldeko Ituna gauzatzeko engaiamendua hartu duen hautetsi baten alde bozkatzera. Jean-René Etchegaray eta Alain Iriarten kasua da, baina ez Peio Etxelekurena. Elkargoak eginkizun erabakigarria du tokiko metamorfosi ekologikoan, Herriko Etxeek baino obrabide handiagoak baititu.
Duela aste batzuk, Copernicus behatokiak jakinarazi zuen azken 11 urteak sekula Lurrean neurturiko beroenak izan direla. Estatu Batuek eta Israelek Irani egin erasoak eta petrolioaren eta gasaren prezioen emendatzeak gogor ekartzen dute gogora erregai fosilekiko dugun menpekotasuna. Bestalde, CITEPAk aste honetan adierazi du Frantzian berotegi-efektuko gasen isurpenak %1,5ez baizik ez direla apaldu 2025ean, 2050erako karbono-neutraltasuna lortzeko beharrezkoa den %4aren ordez.
Hamarkada honetan abiatuko diren neurriak erabakigarriak izanen dira berantago ukanen ditugun jokatzeko manerak finkatzeko. Erronka ekologikoa altxatzeko, beharrezkoa da politika publiko guztietan ekintza egituratzaile eta koherenteen plangintza egitea.
Euskal Elkargoak, bere 21 eskumenen bidez, tokiko mailan eraldaketa ekologikoa bultzatzeko ahalbide erabakigarriak baditu. Euskal Herriko Klima eta Biztanleen Itunean, Bizi!-k 19 neurri proposatzen ditu, bakoitzak herri mailako eta elkargo mailako ekintzak barne hartzen dituena. Horrez gain, Euskal Elkargoak herriak laguntzeko gaitasuna badu, bereziki beharrezko ingeniaritza garatzeko baliabide ekonomiko eta giza baliabiderik ez duten herri eta hirigune ttipiak.
Ituna sinatu duten 28 herrik engaiamendua hartu dute, beren elkargoko hautetsien bitartez, Euskal Hirigune Elkargoaren mailan egin beharreko ekintzak babesteko.
Euskal Herriko Klima eta Biztanleen Itunaren norabideekin bat datorren lehendakaria eta exekutiboa hautatzea lehen berme garrantzitsua litzateke, ezinbestekoa kargualdi osoan norabide argiak hartzeko.
Hiru hautetsik iragarri dute Euskal Elkargoaren lehendakaritzarako hautagai izan nahi dutela: Baionako auzapeza eta egungo lehendakaria Jean-René Etchegarayk, Hiriburuko auzapeza Alain Iriartek eta Kanboko auzapeza Peio Etxelekuk.
Jean-René Etchegarayk eta Alain Iriartek soilik sinatu dute Euskal Herriko Klima eta Biztanleen Ituna, Peio Etxelekuk ez bezala. Gainera, Peio Etxeleku da hiru hautagaien artean bakarra AHT- GPSOren aurkako bi mozioen bozketan abstentzioa eman zuena elkargoan; aldiz, Jean-René Etchegarayk eta Alain Iriartek behargabeko proiektu inposatu horren aurka agertu dira, eta biek 2022 hondarrean abiatutako Irungo deialdia sinatu zuten.
Bizi! elkartea larunbat goiz honetan bertan izanen da Elkargoko biltzarraren sarreran, 232 elkargoko hautetsiei lurraldeko klima eta biztanleen aldeko lehendakaritza ausarta hautatzeko deia egiteko.