Bizi Mugimendua

Bero-bero, Patxokiaren azken besta!Betor Patxoki Berria

Ehunka ginen, joan den larunbatean, Azken Patxoki Dantza emateko. Momentu zirraragarria, emozio handikoa!

Mila esker Ikusiko, Zetkin, Izan eta DJ Lilzi gau osoan giroa pizteagatik,
Eskerrik asko PAFi poteoa antolatzeagatik, baita Patxondo eta Epaiskari beren esku ukaldiengatik,
Esker mila azken besta horretarako hainbeste eman duten laguntzaileei,
Eskerrak zuei denei, gurekin izateagatik.

https://bizimugi.eu/wp-content/uploads/2025/12/Patxokiko-azkena.mp4

Eraikina hurrengo asteetan eraisten hasiko da. Beraz, azken besta zen ezagutzen dugun bezalako Patxokian,… Baina Patxokiak ez du bere azken hitza erran, alderantziz!

Kasik lau hamarkadaz, harrera egin zaie bertan kontzertu, bilkura, formakuntza, logistika-atelier, laguntzaileen zintzur-bustitze-kilikatze, militante, egoera prekarioan diren pertsona, etorkin, AMAP permanentzia, konpon-kafe, elkarte material atxikitze, etab.… anitzei.

Patxa kolektiboaren lokal gisa abiatua eta “euskal rock erradikalaren” erreferentzia-leku gisa ezaguna, urte horietan guzietan eginkizun garrantzitsua izan du borroka eta dinamika abertzale, ekologista, feminista, antimilitarista, kultural, solidario (euskal preso eta migratzaileen aldeko mugimenduenak), birtokiratzaile (tokiko ekonomia eta elikadura berrantolatzearen alde), iraunkorretan (birziklapenean eta berrerabilpenean), eta abarretan.

Borroka-leku historiko horren desegitea ez da ibilbidearen bukaera, eskala-aldaketa bat baizik, Patxoki Berriaren eraikuntzarekin.

Lau estaiko eraikin berriak, bi urte barne, elkarteentzako lokalak, 160 laguneko konferentzietarako eta biltzar nagusietarako gela, ostatu-jatetxe herrikoia, bizileku eta ostatatatze gune kolektiboa, eta etxebizitza sozialak bilduko ditu.

Diru-bilketa bat hasia da, Patxoki Berria eraikitzeko behar den sosaren biltzeko. Ekarpen bakoitza etorkizuneko borroken hazia izanen da!

Lehen bezala orain ere: besta bai, borroka ere bai!

Patxokia