Biarritzeko auzapez anderea, Angeluko auzapez jauna, Baionako auzapez jauna,
Heldu den abenduaren 18an, Elkargoko Kontseiluak Euskal kostaldea Aturri eremuko Herrien arteko Publizitatearen Tokiko Araudia (RLPi / HPTA) finkatuko du, zuek kudeatzen dituzuen herrienak, baita Bidarte eta Bokalekoak ere. Dokumentu honek publizitateari lotutako afitxatzea arautzen du, bizi-ingurumena babesteko, ikusmen kalteak saihesteko eta energia- kontsumoa murrizteko.
GIEC(1)-eko zientzialariek gure produkzio eta kontsumo moduak errotik aldatzeko premiaz ohartarazten diguten garaian, Bizi!, CADE, Paysages de France eta Publizitatearen ihardukitzearen kontrako Erresistentzia eklarteak, bai eta herritarrak biltzen dituen, Euskal Herri Aturri Publizitatea geldi kolektiboak, bideo iragarki pantailen debekua defendatzen du.
Bidarte eta Bokale hiriek jadanik RLPi / HPTAn, dagozkien eremuetan, horiek debekatzea aurreikusten dutelarik, biztanle gehienen borondatea errespetatzea galdegiten dizuegu, bizi-ingurumen atsegina, segurua eta eko-arduratsua bermatzeko: bideo iragarki pantailak ere debekatzeko deia egiten dizuegu. Izan ere, BABn nonahi biderkatzen ari diren seinale hauek bizi- ingurumenaren kontrako eraso nabarmena dira, energia xahutzea, argi- kutsadura eta bide-segurtasunerako arriskua (2), gidarien kontzentrazioa ttipitzen dutelako.
Bulego teknikoko aholkulariak hitzartze bilkura batean erran zuenaren kontra, arras posible da RLPi / HPTA batean publizitate digitala debekatzea. Jadanik hori gertatzen da gaur egungo Bokaleko RLPi / HPTAn, baita Parisko RLPi / HPTAn ere eta jurisprudentziak baieztatzen du, RLPi / HPTA batean publizitate mota guziak osoki debekatzea posible ez bada ere, legezkoa dela publizitate gisa bat debekatzea, bizi- ingurumena babestekotan.
JC Decaux enpresarekin sinatutako kontratuek ezartzen duten oztopoaz jabetzen gira eta gertatu den gakotze demokratikoa salatzen dugu. 2016ko irailean RLPi / HPTA apailatze urratsa abian jarri eta laster, eragile eta herritarrekin egindako hitzartze bilkura baino lehen , Baiona eta Angelu hiriek publizitate kontratu bat sinatu zuten, 18 eta 15 urterako engaiamendua hartuz JC Decaux sozietatearekin: eztabaida demokratikoen konfiskatzea, 3 kargualdirako! Hitzartze bilkuretan egin genituen proposamen gehienak kontratu horien klausulen kontra zirela errana izan zitzaigun.
Beraz, gure lehen eskaera horren asmoari uko egiten badiozue, Euskal Herri Aturri Publizitatea geldi kolektiboak guttienez zuen herrikideen bizi-giroa zaintzeko borondate politikoa erakustea eskatzen dizue RLPi / HPTA delakoan bideo iragarkiak debekatuz (kontratuek ez dituzte hunkitzen), baita hiri- altzarietan diren iragarki digitalak ere, dagokien kontratuaren bukaeratik goiti.
Adeitasunez ,
Ipar EH-KO Aturri Publizitatea Geldi Kolektiboa
(1) Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldea
(2) Bide Seinaleei buruzko Hitzarmena : hainbat Estatuk jarraian den debekua izenpetu dute: «Ikusgarritasuna edo eraginkortasuna murrizteko arriskua duten, edo zirkulazioa erregulatzeko erabiltzen diren seinaleekin edo instalazioekin nahasiak izaiten ahal diren seinaleak, kartelak, markak edo instalazioak jartzea, edo bide-erabiltzaileak itsutzea edo haien arreta desbideratzea trafikoaren segurtasunarentzat molde arriskutsuan”.