Bizi !

Aulki bahitzaileak : Poliziak berriz ere galdezketatzen ditu Bizi-ko 4 militante

Bizi mugimenduko 4 militante berriz ere deituak izan dira komisaldegirat arteart huntan, 2016ko urtarrilaren 16an. 2015eko azaroaren 2an Baionako HSBC bankuaren agentzian burutu den aulki bahiketaz (ikusi bideoa hemen) eta COP21ean Montreuil-en iragan den 196 aulkien gailurraz galdezketatuak izan dira.

Anartean HSBC edo BNP bezalako bankuek hedadura haundiko zerga ihesa sistema antolatzen segitzen dute, diru sarrera publikoetarik miliarka euro desbideratuz. Klimaren eta trantsizioaren aldeko dirua existitu existitzen da… paradisu fiskaletan kokatzen da !

Urte bat baino guttiagotan laugarren aldikotz, Bizi-ko militante batzu deituak dira Baionako komisaldegirat eta poliziak galdezketatzen ditu zerga ihesan inplikatuak diren bankuetan burutu diren aulki bahiketetaz. Aldi huntan, agintariak Baionako HSBC bankuan gertatu bahiketetaz eta COP21ean abenduaren 6ean Montreuil-en iragan den Aulkien Gailurraz interesatu dira.

Aulkien bahitzaileak : bortizkeriarik gabeko mugimendu deliberatua

HSBC bankuko Baionako agentzian gertatu den lehen aulki bahiketaren ondotik otsailaren 12an, bortizkeriarik gabeko mugimendu herritar zabala abiatu da : aulki bahitzaileak .

Zonbait hilabetez bakarrik, ehunka herritarrek 243 aulki bahitu dituzte 40 banku agentzia ezberdinetan, zerga ihesan parte hartzen duten bankuetan (BNP, HSBC, Crédit Agricole, Société Générale). Ekintza horiek, bisaia estali gabe burutuak Hexagonoko xoko anitzetan eta Belgikan ere, pertsonalitate eta intelektual batzuek bultzatu zuten deiari erantzunez eginak izan dira.

Hau da 196 (COP21ean ordezkatuak diren parteen kopuruari doakio) aulki bahitzea zerga ihesaz eta trantsizioaren diruztatzeaz gailur herritarraren antolatzeko, azkenean COP21aren denboran iragan dena 2015eko abenduaren 6an.

Aulkien bahiketen mugimendua nazioarteratzeko deia

Mundu osoko gizarte zibileko 196 ordezkari, kultura desberdinen eta nahasketa klimatikoaren kontra engaiatuak diren elkarteen aniztasunaren ikur, jarri dira bahituak izan diren 196 aulkien gainean, abenduaren 6an, Montreuil-en antolatua izan den Aulkien gailurran eta Munduko Alternatiben Herrixkan. Gizarte zibileko eragile nagusi batzuek parte hartzen zuten gertakari hortan, besteak beste John Christensen (Tax Justice Network), Aissatou Diouf (Enda), Bill McKibben (350.org), Lidy Nacpil (Jubillee South – Asia/Pacific Movement on Debt and Development), Vandana Shiva (Navdanya), Aurélie Trouvé (Attac Frantzia), Antolin Huascar (Via Campesina), eta Jagoda Munic (Amis de la Terre International).

Hindou Oumarou Ibrahim (Txadeko populu autoktonoen emazteen elkarteko koordinatzailea)

Mundu mailako gailur herritar horretan Marcos Arruda (ekonomista brasildarra), Hindou Oumarou Ibrahim (Txadeko populu autoktonoen emazteen elkarteko koordinatzailea), Anabella Rosenberg (sindikalista), Yeb Saño (Filipinetako COP21eko negoziatzailea), Txetx Etcheverry (Bizi, Alternatiba) eta Susan George (Attac) bezalako pertsonalitateek eta bost kontinenteetako beste bozeramaileek Herrien aterabideak trantsizioaren diruztatzeko aldarrikatu dituzte : « diru transakzioen zerga, karbono zerga, zor publikoaren berregituratzea, monetaren sortzea klima eta enpleguaren alde, erregai fosiletatik gibelerat egin…».

196 aulkien gailurra aulkien bahiketa nazioarteratzeko « Aulkiak justizia klimatikoaren alde » deiarekin bururatu da. Honek « mundu osoko mugimendu herritar oro » deitzen du, « metodo sinple hori, bortizkeriarik gabekoa eta irudimenezkoa erabiltzea, munduko eztabaida publikoaren baitan zerga ihesa eta paradisu fiskalen gaia kokatzeko, hainbat aldiz erranak bainan usu diru lobien presio pean baztertuak diren erabakien gauzatzea lortzeko ».

Ez dira bortizkeria eza erabiltzen duten eta bisaia agerian interes orokorraren alde ari diren militanteak auzipetu behar, baizik eta zonbaitzuren probetxuko zerga ihesa sistema zabala nahitara antolatzen dutenak !