Bizi !

AKUSATZEN DUGU!

Vincent Bru jauna, Pirinio Atlantikoetako 6. bozka-eremuko diputatua;

Max Brisson jauna, Pirinio Atlantikoetako senataria;

Denise Saint-Pé anderea, Pirinio Atlantikoetako senataria

« Gure eskari batzuei emaniko erantzun eskuzabalentzat dugun esker onean, utziko ote gaituzue zuen aintza justuaz arduratzen diren eta orain arte hain zoriontsuak dituzuen izarrak tatxa lotsagarri eta ezabaezinekin mehatxatuak direla erraitera?

Baina zer lohi tatxa den zuen izenetan immigrazio lege higuingarri hau! Eta orain egina da, historiak idatziko du zuen agintaldi garaian eta zuen laguntzarekin halako krimen soziala posible izan zela.

Lege honek legez kanpoko egonaldiaren delitua berriz ezartzen du, lehentasun nazionalaren printzipioa plantan ematen, familiak bateratzeko eta egonaldi-baimenak eskuratzeko sistema gogortzen, lur-eskubidea urratzen, laguntza sozialen eskuratzea gogorki baldintzatzen… Hainbat neurri hamarkada hauetan Front National aitzinean eman dituenak eta zuen konplizitatearekin errealitate bilakatzen direnak. »

Egungo egoeraren larritasuna ikusita, jaun-andere parlamentariak, ulertuko duzue Zolaren gutun historikoari eginiko borondatezko aipamen hau. Antisemitismoaren biktima baten defentsaz harago, gaur ere gutun honek oihartzuna badu, hain zuzen ere, historia garaikideko oren ilunenen aitzinean alarma gisa.

Ostegun honetan, urtarrilaren 25ean, Kontseilu Konstituzionalak 2023ko abenduaren 19ko egun triste hartan zuek, legebiltzar-kideek, onartu zenuten “immigrazioa kontrolatzeko, integrazioa hobetzeko” legea konstituzioaren araberakoa denetz erranen du.

Jaun diputatua, legelaria zira formazioz, eta gure lurraldeak bere historian eta bere eguneroko elkartasunean duen berezitasunaz jabetua. Zure muga aldeko bozka-eremuan eta zure aitzineko agintaldian, 8 gizon hil ziren erbesterako bidean. Badakizu ez dela Bidasoa hiltzen duena, ez direla trenak bizitzak hartzen dituztenak, baina Frantziako Estatuaren baliabide maltzurrak eta emazte, gizon eta haur hauen kontra gero eta gogorragoak diren zuen legeak direla heriotza hauen erantzuleak.

Jaun senataria, eta Andere senataria, gogoan izango dugu zuen eginkizuna izan ondorio inhumanoak dituen lege bat gogortzean, izan honen onartzean. Brisson jauna, zinismoa erakutsi zenuen “barneko arrangura izpirik gabe” bozkatu zenuen “zinezko lege” batez hitz egiteko. Gogoan izango dugu ere zure hitzen oihartzuna eta, oro har, zure alderdi errepublikanoaren ardura erabakigarria da, eskuin muturraren politikarako bihurgune negargarri honetan eta haren ideologia xenofoboaren finkatzean.

Jaun-Andere legebiltzarkideak, bozka hori oraino asumituko ote duzue jendartearen kontzientzia kolektiboa iratzarriko denean (hori baita beti gertatzen noizbait) eta gero eta gehiago gizon eta emazte hiltzeko sistemaren ezarpenean parte hartu dutenak zorrotz ikertuko dituenean?

Front National-ak atzo amesten zuen eta gaur gure begien aitzinean eraikitzen ari den sistema hau.

Sinatzaileak:

Patricia Leuenberger – Attac comité local Pays Basque

Jean-Marc Sarthou – Bizi!

Sarah Boursier – EELV

Gaby Arestegui – EHBai

Christel Blondé – Etorkinekin/Diakité

Clément Pottier – FSU

Cécile Faure – Génération écologie

Eñaut Aramendi – LAB

Luis Emaldi Azkue – NPA

Jean François Luquet – Une École, un Toit, des Papiers