Bizik, abenduaren 5ean, ostiralarekin, Urruñan AHTari buruzko hitzaldia antolatzen du, CADEko eta ELA sindikatuko kideen parte-hartzearekin. Diskurtso ofizialek aitzinatze gisa goresten badute ere, AHTak ez du aterabiderik ekartzen: arazo larria da ingurumenaren, jendartearen eta demokraziaren ikuspegitik. Alta, alternatiba serios bat bada.
GPSO (Hego-mendebaldeko Proiektu Handia) AHTaren lineei buruzko proiektua da: alde batetik Bordele Tolosarekin lotu nahi du, eta bestetik Akizerekin eta ondotik Irungo norabidera luzatu. Alain Rousset-ek, mende honetara egokitu ez den Eskualdeko Kontseiluko lehendakariak, AHTa bere “Obra Nagusi” bilakarazia du. 2021etik geroz Hego-mendebaldeko Trenbide Proiektu Handiaren sozietatearen arduradunekin batera, komunikazio ekintzak eta erabaki politiko frango gauzatu ditu egitasmo suntsitzaile eta xahutzaile hau berrikuntza ekologiko gisa saltzen entseatuz.
Azken 30 urteetan, Ipar Euskal Herriko biztanleek argi eta garbi azaldu dute AHTaren kontrako jarrera: debaldetasuna, kostua eta inpaktu ekologikoa salatuz. 10.000 pertsona atera ziren Baionako karriketan 2012an. Tokiko hautetsien gehiengo zabalak ere kontrako iritzia du. Agintaritza eta batzorde publikoen txostenek behin eta berriz ezarri dute zalantzan proiektuaren errentagarritasuna, baliagarritasuna eta ingurumen-eragina; 2013an, gainera, gobernuak proiektua baztertu zuen.
Zer gordetzen da Abiadura Handiko Trenbide proiektuaren diskurtso ofizialaren gibelean?
Gai honetan urte luzez mobilizatu diren ingurumeneko (CADE) eta klimaren aldeko (Bizi!) eragileek azalduko dute zergatik AHTa ez den aterabidea, baizik eta arazo ekologiko, sozial eta demokratikoa.
ELA sindikatuko kide den Gipuzkoako sindikalista batek, hegoaldeko AHTaren lanetan ikusi diren lan-baldintza prekarioen eta gehiegikerien inguruko lekukotasuna ekarriko du; errealitatea, askotan, biziki urrun da AHTaren aldeko diskurtso ofizialetatik.
Hitzaldia deneri irekia da. Kazetariek ere parada ukanen dute proiektuaren nondik norakoen inguruko informazio zehatza eskuratzeko.
Urruña, Iturbidea gela
Abenduaren 5ean, ostiralarekin, 19:30ean