Biziren 10. urtemuga karietara grabatu aurkezpen bideoan, 2min40 segundutan Bizi!ren ezaugarri ezberdinen ikusteko parada baduzue.
Jarraian, Biziren alde nagusiak aurkeztuko dizkizuegu PDF dokumentoko orri bakoitzarentzat beherean aurkituko dituzuelarik idatzizko zehaztapenak:
Bizi 2009an sortu zen Ipar Euskal Herrian, aldaketa klimatikoaren kontra borrokatzeko. Arazo hau « borroka guzien ama » gisa identifikatu baitzen, hots, beste guziak baldintzatzen dituen borroka gisa: demokrazia, bakea, justizia soziala, eskubideen berdintasuna, pobretasunaren kontrako borroka eta abar.
Harrigarria da hain denbora laburrean eta hasierako militante talde ttipi batek bultzaturik lortu den ekintza maila.
Gaur egun 670 bat bazkide gara.
Ezaugarri nagusiak:
2
Erronka klimatikoa eta justizia soziala lotzen ditugu. Guretako ekologia krisiak hertsiki lotuak dira ekonomia eredu batekin. Kapitalismoa – mugarik gabeko liberalismoa.
Eredu horrek beti irabazi gehiago bilatzen ditu, gutiengo ttipi batentzat, planetaren kaltetan. Lurraren mugak zartarazten ditu. Ondorioz lurreko bizi-baldintzak zalantzan ezartzen dira.
Aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak handitzen ari dira gero eta gehiago.
3
Guk beste eredu bat eraiki nahi dugu, jendartea eta planeta errespetatzen dituena. Bi logika desberdin badira eta guk erakutsi nahi dugu beste mundu bat posible dela eta abian dela. Alternatiba anitz abiatuak dira jadanik eta erakargarriak dira. Zorion iturri izan daitezke.
4
Bortizkeriarik gabeko mugimendua da, erran nahi du desobedientzia zibila erabiltzen dugula baina bortizkeriarik-eza deliberatuaren eredua segituz. Guk, pentsatzen dugu, epe luzean, estrategikoki, gehiago irabazten dela bortizkeria erabili gabe. Bortizkeriarik-eza sustatzen dugu Ipar EHan eta Frantzian, adibidez G7aren karietara.
5
Entseatzen gara beti ekintza originalak eta umoretsuak egiten. Umorea tresna gisa baliatzea fama guziz ona ekarri digu jendartean. Komunikazioa eta pedagogia lantzen ditugu. Jendearen arreta pizten dugu baina mezu argi baten pasarazteko, beti kanpaina landu baten barnean. Mamia eta itxura lantzen ditugu.
6
Aldi berean bertako eta mundu mailako ekimena
2009ko Kopenhageko Gailurraren karietara, nazioarteko mobilizazioen testuinguruan sortu zen Bizi eta hastapenetik loturak izan ditugu nazioarteko plataforma batzuekin.
Baina argi da gure ekintza eremua Ipar Euskal Herria dela, gure komunikazio guzia elebiduna da, euskaraz eta frantsesez. Tokiko gaiak lantzen ditugu. Adibidez, trantsizio ekologikoaren bultzatzeko lan garrantzitsuak eramaten ditugu udalekin eta herriekin.
7
Salatu eta proposatu elkarren artean osagarri
Entzuten ahal da elkarte edo pertsona batzuk beti denen kontra direla. Baina Bizi beti aritu da salaketak eta diagnostiko kritikoak egiterakoan, aldi berean
aterabideak eta bestelako bide zehatzak proposatzen. Bizi!-k formakuntzak antolatzen ditu, ekimenak bultzatzen…
Adibidez bizikletendako bideak eskas dira Miarritze-Angelu-Baiona eremuan. Egoera hori fermuki salatzen dugu baina aldi berean, txostenak egin ditugu agintariei aterabideak proposatzeko, gaiaren inguruko lan taldeetan parte hartzen dugu etabar. Horregatik erraiten dugu erradikalak eta pragmatikoak garela. Erradikalak salatzen dugulako eta pragmatikoak gauzen aldatzeko neurriak hartzen ditugulako.
8
Lan egiteko manera anitz landu dugu
Gure ekintzak beti estrategia baten barnean kokatzen dira, eta pentsatuak dira publikoa sentsibilizatzeko eta prentsa mugiarazteko. Ekintzak erakargarriak izateko pentsatuak dira, umoretsuak eta eraginkorrak. Sakonki prestatuak dira. Gure funtzionamendua ere eraginkorra izateko asmatua da. Eta horretarako ezagunak gara.
Demokrazia, parte hartzea, eraginkortasuna, erabakitzeko ernetasuna batzen ditugu. Gure bilkurak tenorez hasten dira eta tenorez bukatzen dira. Parte hartuko dutenei gai-zerrenda bidaltzen diegu eta bertan zehaztua da zenbat minutu pasatuko ditugun gai bakoitzaren lantzeko. Animatzaile batek bilkura kudeatzen du eta hitza banatzen du. Keinu batzuk erabiltzen ditugu komunikazioaren errexteko. Beharbada interes gutikoa iduritzen zaizue, bainan erraiten ahal dugu Biziren bilkurak ezagutuz, biziki zaila dela beste bilkura batzuetan egotea, hain luzeak eta ez eraginkorrak izanez… Gure bilkurak beti biziki sakonak dira. Hala ere besta egiten badakigu, eta elkarrekin denbora goxoa pasatzen dugu, giro onean.
Biziren lan osoa ezin dizuegu aurkeztu, baina 4 arlo hautatu ditugu.
9
Euskal Herritik kanpo ibiltzen den mugimendu bat sortu dugu: Alternatiba. Alternatiba jendartearen mobilizazio prozesu bat da, aldaketa klimatikoaren desafioari buru egiteko. Lehen Alternatiba herrixka 2013an egin da, Baionan. Honek proposamen anitz agerian eman ditu, adibidez, eguneroko bizian jakiteko zer egin klima arazoa areagotu gabe ongi bizitzeko. Proposamen praktikoak, tailerrak, mintzaldiak… Geroztik 130 herrixka izan dira europan eta munduan zehar eta bi bizikleta itzuli, klima aldaketaren gaia gehiago ezagutarazteko.
10
Bizik bultzaturik, bortizkeriarik gabeko elkarte bat sortu da Frantzian: ANVcop 21. Elkarte horrekin, potreten kanpaina abian eman dugu, Macronen politikaren salatzeko, ingurumenari dagokionez. Macron lehendakariak klimaren txapeldun gisa aurkezten du bere burua munduan zehar, bainan Frantzian, gutxiegi egiten du klimaren alde. Horren salatzeko, bere potreta, bere argazkia kentzen dugu Udal Etxeetatik, leku huts bat utziz, bere politikaren hutsa islatzen duena. Horrek erakutsi nahi du Macronen politika itxurazkoa dela bakarrik. Macronen 128 potret edo argazki kendu ditugu eta batzuk berriz erakutsi ditugu, buruz beheiti, G7aren karietara.
Atxiloketa anitz izan dira, militante anitz auzitan dira horretarako, 5 urteko presondegi zigorra eta 30 000 euroko isuna arriskatzen dute. Baina kanpainak oihartzun handia ukan du Frantziako eta munduko prentsan.
11
Euskal Herri burujabe.
Gure ustez, beste mundu baten eraikitzeko, mundializazioari aurre egiteko, maila egokiena lurraldea da. Lurralde burujabeak behar ditugu, elkarrekin lotuak. Proiektu bat diseinatzen ari gara burujabetza handitzeko eremu desberdinetan: elikadura, energia, zaborren kudeaketa, kultura, etabar. Proiektu hau jende anitzekin landu dugu eta ez da bukatua, osatzen ari da. Baina zabaldu nahi dugu beste lurralde batzuk ere has daitezen logika berean lan egiten. Euskal Herrian, dinamika berezi bat badugu eta baliatzen ahal dugu laborategi gisa, gauza berri batzuen eraikitzeko.
12
Euskal Herria trantsizioan
Lan hori 2014an abiatu zen udal hauteskundeekin eta beste urrats bat eginen du 2020an, auzapezak (alkateak) eta beren taldeak berriz hautatuko ditugulako. Tresna kutsa bat egin genuen udalen mailan klima-energia saileko politikan zer egiten ahal den azaltzeko, hainbat alorretan, hirigintza, mugikortasuna, energia, eraikuntzak, laborantza, ekonomia, kontsumo eko-arduratsua, zaborrak. Hauteskundeak aitzin, hautagai gehienek engaiamendu batzuk hartu zituzten. Eta gero Bizik segitu zuen, lagunduz, akuilatuz… Txosten bat egin dugu erakusteko herri bakoitzak nola bete duen hitza. Gauza bera berriz eginen dugu heldu diren hauteskundeetan.
Ipar Euskal Herriaren metamorfosi ekologikoaren aldeko ituna. petizioa
Bilduma baten egiteko, lan eta iniziatiba horiek guziak burutu dira lan eta antolaketa metodo zorrotz eta lagun girokoari esker.
Klima aldaketa larritzen ari da, borroka hori ez da inoiz irabazia. Baina jendea gero eta kontzienteago da. Eta segur gara Bizi!-k bere partea egin duela horretarako. Bai Ipar Euskal Herrian, bai Frantzian, eraman ditugun borroka batzuek emaitzak badituzte. Jendeari erakusten diogu zerbait egiten ahal dela, aterabideak badirela, ez dela etsitu behar.
Denok elkarrekin sekulako indarra gara.
Milesker.
******************
[gview file= »https://bizimugi.eu/wp-content/uploads/2019/11/Karta-sozialarendako-powerpointa.pdf »]
Klimaren desafioa, Ipar Euskal Herritik ikusia
Pertsonen gorputzak 37,5 graduko tenperatura badu. 2 eta 5 graduko tenperatura igotzea ekartzen duen sukarrak, pertsona eri uzten, koman ezartzen edo hiltzen du. Hots, tenperatura minimo horien igotzeak, ez dio bakarrik pertsonari bero gehiago duela sendi arazten. Pertsonaren oreka biologiko guziak nahasten ditu. Eta nahasmendu horrek pertsona hiltzen ahal du.
Mundu mailako batez-besteko tenperatura 15 gradukoa da. Gaur egun dugun sukarra +1 gradukoa da. Tenperatura igotze ttipi hau da gaur egun ikusten ditugun nahasmenu guzien jatorria: izotzen hurtzea, ozeanoen igotzea, muturreko gertakari klimatikoen eta haien indarraren biderkatzea. Hots, gradu ttipi baten igotzeak ditu biderkatzen eta indartzen idorteak, oihanetan suteak, euri erauntsi bortitzak, uholdeak, tifoiak…
Aldaketa klimatikoa gaizkontzen da eta lastertzen ere. Gertakizun edo hipotesia hoberena kontsidera dezagun: munduko Estatu guziek, Pariseko akordioaren eta COP21eko gailurraren perspektiban, 2015ean berotegi efektu gasen emisioen ttipitzeko hartu zituzten engaiamenduak osoki errespetatzen dituzte. Maluruski hori ez da gertatuko. Eta gertakizun ideal horretan ere, mundu mailako batez-besteko tenperatura 3,2 gradoz goitituko da 2100 arte! Gaur egungo sisteman segituz, eta Pariseko akordioa osoki errespetatzen bada ere, ondorio dramatikoak sortzen ditugu munduko biztanleen parte handi batentzat. Egia erran, behar litaizke 2015eko engaiamenduak hirukoiztu +2 graduak ez gainditzeko. Eta bostez biderkatu behar litaizke +1,5 graduko beroketaren pean egoiteko.
Zientifikoek errepikatzen digute 2007ko IPCCaren 4 garren txostenetik geroz CO2 emisioek behar dutela 2020an berantenik gailur bat lortu, nahi baldin badugu 2 graduko beroketaren petik egoiteko xantza bat ukan. 2007a! 12 urte geldirik egote klima nahasmenduaren mugatzeko eta emekitzeko! 12 urtez politika estrukturalik ez jendartearentzat ondorio nagusiak ukanen dituen maila baten ez gainditzeko xantza baten atxikitzeko. Horren ordez, berotegi efektu gasen emisioak goititu dira %3,2 (ehuneko 3 kakotx 2z) 2018an. Beroketa 1,5 gradu bainoa guttiagokoa izaiteko, beharko dira ondorioz emisioak %7,6ez ttipitu urtero ! Eta beroketa +2 graduen azpian atxikitzeko, beharko dira emisioak %2,7z ttipitu urtero datorren hamarkadan, jakinez hamarkada honetan, batez beste urtero %1,5ez goititu direla. Hamar urte galdu ditugu deus egiten, eta horren ondorioz, zer egoeratan gira gaur egun? Atmosferan den CO2 maila konparatzen ahal da duela 4 milioi urtekoarekin. Garai horretan itsasoen maila gaur egungoari konparatuz 10 eta 20 metro artean gorago zen!
Ongi ulertu behar da gaur egungo egoeraren garrantzia. Eta ongi ulertu behar dira egoera horrela jarraitzen uztearen ondorio ikaragarriak: klimaren borroka hori galtzen badugu, harekin batera beste borrokak galtzen ditugu. Utopia bat da pentsatzea bakea, demokrazia eta justizia soziala bizirik aterako direla kaos klimatikoa ezagutuko duen mundu batean.
Sistema kapitalista eta produktibista da gaur egungo jendarteak sufritzen duen arazo erraldoiaren kausa. Jendarteak presazko erantzun bat atxeman behar du arazo horri. Kapitalismoak ez du jendartearen beharrei erantzuteko helburua. Irabaziak egiteko helbrua du. Horretarako gero eta gehiago saldu behar du, eta ondorioz, gero eta gehiago ekoiztu. Garapen eta muga gabeko metatzearen logika hori gure planeta bakarraren mugek geldiarazten dute. Eta bereziki klima desorekatzen duten berotegi efektu gasen absortzio gaitasunek.
Ondorioz sistema aldatzea, baitezpadakoa bilakatu da, epe laburrean. Gure ekoizpen, banatze, kontsumo, aloimendu, garraio eta lurralde antolaketa moduak bai eta gure sistema energetikoa aldatu behar dira lehentasunez. Mugimendu sozial, alderdi, sindikatu, kolektibo, jendartearen sektore bakoitzak behar ditu gaurdanik berriz ikusi bere programa, borrokak, aldarrikapenak mundu mailako desafio honen araberan.
Azken urte honetan, Ipar Euskal Herriko lurraldean, klimaren gaia bilakatu da mobilizazio sozialaren etengabeko erronka bat. Gure borrokak eta alternatibak eraikitzen dira, 300 000 biztanle bakarrik dituen lurralde baten maila xumean. Iniziatibak, ekintzak eta manifestaldiak biderkatu dira, bereziki Ipar Euskal Herriak dituen berotegi efektu gasen emisioen 2 iturri nagusien arloan : laborantza eta garraioak.
Aurten, Lurramak, Laborantza Ganbarak antolatzen duen laborantza herrikoiaren eta iraunkorraren saloiak, 20 000 pertsona elkarretaratu ditu « Klima, bizia da ! » gaiaren inguruan. 2005ean sortu denetik geroz, Laborantza Ganbarak lan egiten du aldaketa klimatikoaren kontrako borrokarekin bateragarriak diren laborantza eta elikagai ereduen esperimentatzeko eta aitzinean emaiteko. Sail batzuren birtokiratzea, banatze sare laburren garatzea, pentzeen funtzioa eta oihanetako laborantza lagun, karbonoaren atxikitzeko gaitasun naturalaren zaintzea, etxalde ttipien atxikitzearen erronka, laborantza industrialaren, intentsiboaren eta produktibistaren kontrako borroka, etab. Ber perspektiban lurraldeko beste hainbat aktorek, izan daitezen laborantzaren arlokoak edo kontsumoaren arlokoak, eskuz esku lan egiten dute.
Bizi mugimenduak klimaren eta energiaren gaiak zehazki lantzen ditu, beti justizia sozialaren helburuarekin lotuak. Bizi duela 10 urte 20 kiderekin hasi zen. Mugimenduak orain 700 kide ditu. Hori ainitz da Ipar Euskal Herriko mugimendu batentzat. Guretzat azken urte hau intentsitate handikoa izan da.
Garraioen arloa bakarrik aipatzeko, etengabeko borroka eraman dugu, autobusentzat bakarrik diren bide antolaketak galdegiteko, bizikletentzat segurtasun gehiago eskaintzen duten bide antolaketak galdegiteko, horren bidez autoaren beharrak eta tokiak ttipitzeko. Urte bakar batean, hiru martxa antolatu ditugu 1300 pertsona arte elkarretaratuz, eta bi manifestaldi bizikletaz antolatuz. Bigarrena, joan den igandean, abenduaren 8an izan da. Bertan 430 txirrindulari elkarretaratu dira, Baiona eta Biarritze lotzen dituen eta normalki bizikletei debekatua den BABko hiribidean. Desobedientzia zibileko arloko ekintzak biderkatu ditugu larrialdi klimatikoari aurre egiteko arras gibelatuak diren garraio politika publikoen salatzeko.
Baina gure ekintza ez da garraioei mugatu. Jaka edo Txaleko Horiekin konbergentzia manifestaldi edo ekintzak egin ditugu justizia sozial eta klimatikoaren ozenki aldarrikatzeko. Desobedientzia zibileko hainbat ekintza burutu ditugu horren bidez salatuz gobernuaren alfer egotea klimaren arloan, bereziki, Macron Lehendakariaren potreta ofizialak Herriko Etxeetako murruetarik deslotuz. Azken urtean hiru egun greba, manifestaldi eta ekintza antolatu dituen, klimaren aldeko gazte mugimendu berria sustatu eta lagundu dugu. Sustengatu ditugu alternatiba zehatzen sortzeak hala nola Enargia-rena (hots Iparraldeko Goiener batena), Euskoarena, Konpontxoko Repair-Café-arena, Otsokop, tokiko laborantza ekoizpen biologikoendako supermerkatu parte hartzailearena. Euskal Elkargoarendako Klima Plan baten erredakzioan ere lan egiten dugu.
Ber maneran ere gauzatu dugu Euskal Herria Burujabe izena duen lan teoriko bat. Hortan esplikatzen dugu ekonomiaren eta gure jendarteen baitezpadako metamorfosiaren gauzatzeko, lurraldeak eskala egokienak direla. Hor dira, energia ekonomia, energia berriztagarrien garapen, karbonoaren naturalki lurrean atxikitzeko, ekonomia zirkularraren garapena, zaintzaren, harreman sozialen eta kulturaren ekonomiaren politikak egokituenak izanen. Lurralde bakoitzaren mailan, lagungiroko neurritasunaren, gure berotegi efektu gasen emisioen ttipitzearen, eta, jada martxan den klima aldaketaren eta etortzekoa den krisi energetiko saihetsezinaren ondorioen desafioari aurre egiteko estrategia hoberenak plantan emanak izaiten ahalko dira. Lurralde bakoitzaren heinean ere behar ditugu berreskuratu globalizazio kapitalistak kaltetu dituen gure burujabetza ezberdinak: elikadura, energia, ekonomia, kultura, demokrazia burujabetzak. Horrela posible izanen zaigu gure bizi baldintzen berreskuratzea.
Klimaren desafioak justizia sozialaren, eskubideen berdintasunaren eta demokrazia errealaren alde lanean ari den alderdi progresista edo aurrerakoiarentzat berrikuntza ideologiko eta estrategiko bat inposatzen du. Hori da gure maila xumean, Euskal Herria Burujabe proiektuarekin garatzera saiatzen girena.
Konbentzimendu horrekin ere Bizi engaiatu da, abenduaren 5eko greba inter-profesionalean, erretreten sistemaren Macron-en erreformaren kontrako borroka mugimenduan. Hortako diogu, Frantses Estatuan, bigarren gerla mundialetik atera den errretreten ereduaren defentsaren alde borrokatzea, ez dela bakarrik behar sozial bat. Ber maneran, ekologi ikuspundutik betebehar bat da.
Alabainan, erreforma honen helburua, beste hainbaten artan, jendeak gehiago lan eginaraztea da. Gaur egun den masa langabezia ez bada nahi ber denboran handitu, hori lortzen ahal da molde bakar batez: gehiago ekoiztuz! Gehiago ekoizteak erran nahi du molde sinplean lehengai gehiago ateratzea planetatik, berriztagarriak ez diren energia gehiago erretzea, eta nahasmendu klimatikoa gaizkontzen eta lastertzen duten berotegi efektu gas gehiagoren emisoa atmosferan ezartzea.
Klima larrialdiaren beharrak manatzen digu gure indar guziekin borrokatzea lana eta irabaziak partekatzen dituen erretreta modelo baten alde. Modelo bakarra da bakoitzari posibilitatea emaiten diona goizago erretreta hartzea, eta diru sartze duin batekin bizitzea, ekoizpen orokor mailaren igotzeko beharra ukan gabe, eta ondorioz desafio klimatikoaren errespetuarekin bateragarria dena.
Badakigularik, horrez gain, herri batean masiboki jarraitua den greba egun batek berotegi efektu gasen emisioak ttipitzen dituela, klima militante gisa, arrakastarik handiena bakarrik desiratzen ahal dut Hego Euskal Herrian heldu den urtarrilaren 30eko greba orokorrari.
B.Etxepare Lizeoko Ikasleen galdeei Biziko militante baten erantzunak:
Zeure burua aurkeztuko zenuke?
Antton, 52 urte, Bankarra, Itzultzaile autonomoa (euskara – frantsesa)
Zergatik inplikatzen zara mugimendu honetan?
BIZIn sartu nintzen gure gizarteak ingurumenari eta planetari egiten dizkien kalteak gero eta argikiago ikusten hasi nintzelako. Horrela segitzen badugu, gure planeta, gure bizileku den mirakuluzko altxor hori, ezinbizitzekoa bilakatuko dugu, guk, gure belaunaldiak. Errealitate horretaz oharturik, ezin nuen deus egin gabe egon. BIZI hautatu nuen, bere ekintza moldea gustatzen zaidalako. Bortizkeriarik eza (Euskal Herriko historia politikoak bortizkeriarik ezaren bidea hobestera eraman nau), baina ekintza zuzenak eginez (zinezko eragina ukan nahi badugu, ezin dugu hauteskundeen bidea soilik erabili).
Zein bide hartu duzu ikasketei begira? Zure lanbideari begira?
Euskara ikasketak (lizentzia), gero ikastolako irakasle, itzultzailea
Zerk bultzatu zaitu militantismoan sartzea (Bizin?)
Lizeoan hasi nintzen militatzen, orduko “Komite Lycéen” taldean. Geroztik, hainbat talde eta mugimendutako militante izan naiz. Orain, BIZIn ari naiz, gehien bat, baina ez bakarrik. BIZIn, partikulazki, gorago azaldu arrazoiengatik. Pentsatzen baitut klima aldaketaren ondorioen mugatzeko lana gizadiak parean duen desafio nagusia dela heldu diren hamarkadetarako.
Zein da elkartearekin, zure iduriko, egin duzun ekintzarik garrantzitsuena ekologiaren izenean?
Eta oroigarriena?
Garrantzitsuena, ene ustez, eguneroko lana, itzultzaile taldeko partaide gisa. Aipagarriena, erran nuke Departamenduko Kontseiluko teilatuan igotzea izan dela, duela bizpahiru hilabete. Baina baita ere bizikleta bideen eta autobus bideen eskatzeko hainbat ekintzatan parte hartu izan dut, bereziki Baionan eta Biarritzen.
Errol berezi bat betetzen duzu erakundean ? Ildo honetatik, zer nolako errola duzula kontsideratzen duzu jendarteari dagokionez?
Jada erran bezala, itzultzaile taldeko partaidea naiz, bai eta Euskaraz BIZIn taldeko partaide ere. Azken honek Bizin euskara sustatzea eta biziaraztea du helburu. BIZIn euskararekin harremanik ez duten giro eta eskualdeetatik heldu diren kide anitz bada. Ni eta beste batzuk zubiak gara euskal munduaren eta pertsona horien artean.
Zeintzuk dira elkartearen ezaugarri aipagarrienak (ideologia, ezaugarri bereziak)?
Bizi 2009an sortu zen Ipar Euskal Herrian, aldaketa klimatikoaren kontra borrokatzeko. Arazo hau “borroka guzien ama” gisa identifikatu baitzen, hots, beste guziak baldintzatzen dituen borroka gisa: demokrazia, bakea, justizia soziala, eskubideen berdintasuna, pobretasunaren kontrako borroka, etab..
Gure lan eremua ipar Euskal Herria da nahiz eta mugimendu batzuk sortu Frantzia mailan (Kaderen arrapatzaileak, Alternatiba, ANV COP 21). Bi hizkuntzetan komunikatzen dugu eta euskarak lekua du gure elkarte bizian.
Gaur egun 690 bat bazkide gara.
Ekintza eta mobilizazio determinatuak garatu nahi ditugu estrategia klandestino edo ekintza bortitz oro argiki baztertuz. Bi zangoen gainean ibiltzen gira: salaketak eta proposamenak.
Ekologia eta arlo soziala lotzen ditugu.
Azal dezakezu Bizi!ren historia? (jatorria/sorrera,eboluzioa, etab…)
Bizi! herritar mugimendu altermundialista da. Larrialdi ekologikoak eta justizia sozialak mundu edo tokiko mailan sortzen dituzten erronkei erantzunen ekartzeko urratsak egiten ditu. 2009ko ekainaren 24ean sortu zen, beraz. Kopenhageko gailurra aitzin hain zuzen. Haren ekintza eremua Ipar Euskal Herria da eta bere komunikazioa bi hizkuntzetan egiten du (euskara/frantsesa). Bizi! ez da alderdi politikoen edo botere publikoen menpe eta ekintza bortitzak ez ditu onartzen.
Biziren ibilbideak jadanik abentura ttipi baten eitea badu. Metodologia militante bat landu dugu. Metodologia horren hainbat ezaugarrietan “bi zangoen” gainean ibiltzearena aurkitzen dugu. Bi zangoen gainean ibiltzen gira: salatzea eta proposatzea.
Zertan oinarritzen da justizia klimatikoaren aldarrikapena (baliabideak /ekintzak,ekitaldiak )?
Erronka klimatikoa eta justizia soziala lotzen ditugu. Guretako krisi ekologikoak hertsiki lotuak zaizkio ekonomia eredu bati: Kapitalismoari, mugarik gabeko liberalismoari.
Eredu ekonomiko eta sozial horrek beti irabazi gehiago bilatzen du, gutiengo ttipi batentzat, planetaren kaltetan. Lurraren mugak zartarazten ditu. Ondorioz lurreko bizi-baldintzak zalantzan ezarriak dira.
Aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak handitzen ari dira gero eta gehiago.
Guk beste eredu bat eraiki nahi dugu, jendartea eta planeta errespetatzen dituena. Bi logika desberdin dira. Guk erakutsi nahi dugu beste mundu bat posible dela eta eraikitzen ari garela. Alternatiba anitz abiatuak dira jadanik eta erakargarriak dira. Zorion iturri izan daitezke.
Bortizkeriarik gabeko mugimendua da, erran nahi du desobedientzia zibila erabiltzen dugula baina bortizkeriarik-eza deliberatuaren eredua segituz. Pentsatzen dugu, epe luzean, estrategikoki, gehiago irabazten dela bortizkeria erabili gabe. Bortizkeriarik-eza sustatzen dugu Ipar EHan eta Frantzian, adibidez G7aren karietara.
Entseatzen gara beti ekintza originalak eta umoretsuak egiten. Umorea tresna gisa baliatzea fama guziz ona ekarri digu jendartean. Komunikazioa eta pedagogia lantzen ditugu. Jendearen arreta pizten dugu baina mezu argi baten pasarazteko, beti kanpaina landu baten barnean. Mamia eta itxura lantzen ditugu.
Elkartearen kide gehienak boluntarioak dira?
Bizi! mugimenduko ia 700 kideek urtesariaren ordainketa molde automatikoan egiten dute eta horrek elkarteari gaur egun ahalbidetzen dio koordinatzaile postu finantzatzea eta administrazio lanentzat postu erdi baten ukaitea.
Dirua eskuratzen duzue ekintzak antolatzeko? Bai baldin bada, zeren bidez?
Bizik bere kideek ordaindu bazkidetza sarien bidez, ekintzen auto-finantzatzeko plantan emaiten dituen ekitaldi berezi batzuen bidez (bestak etabar…) edo diru bilketen bidez (Crowdfunding-eak adibidez) finantzatzen ditu bere aktibitateak. Biziko lan talde bakoitzak bere ekintzen auto-finantzatzeko moldeak pentsatu/asmatu behar ditu, ahal bezainbat.
*****
Zure burua aurkeztu? (Izena, elkartea, lanbidea).
Antton, 52 urte, Bankarra, Itzultzaile autonomoa (euskara – frantsesa)
Nola, noiztik, eta zerbatik inplikatu zinen Bizi elkartean?
BIZIn sortu eta biziki fite sartu nintzen. BIZIn sartu nintzen gure gizarteak ingurumenari eta planetari egiten dizkien kalteak gero eta argikiago ikusten hasi nintzelako. Horrela segitzen badugu, gure planeta, gure bizileku den mirakuluzko altxor hori, ezinbizitzekoa bilakatuko dugu, guk, gure belaunaldiak. Errealitate horretaz oharturik, ezin nuen deus egin gabe egon. BIZI hautatu nuen, bere ekintza moldea gustatzen zaidalako. Bortizkeriarik eza (Euskal Herriko historia politikoak bortizkeriarik ezaren bidea hobestera eraman nau), baina ekintza zuzenak eginez (zinezko eragina ukan nahi badugu, ezin dugu hauteskundeen bidea soilik erabili).
Zer pentsatzen duzu azken urteetan Euskal Herrian izan diren ingurumenarekiko babes prozesuez?
EHn, mugimendu anitz bada. Beste lurralde anitzekin konparatuz, zinez gauza anitz egiten da. Borrokan ari gira inposatuak zaizkigun eredu eta proiektu batzuen kontra (CADE, Lurzaindia…) eta alternatiba anitz sortzen ditugu (EHLG, Euskal Moneta, Txirrindola, Konpontxoko, Enargia, I-Ener, Otsokop…), baina askoz gehiago egin beharko da. Horrelako alternatibak garatu eta biderkatu beharko dira. Adibidez, ENARGIA Argindarra %100ean berriztagarria, EHko hornitzaile batek horniturik. EDFren prezio berean da eta energia berriztagarria eskaintzen du (adibidez, zentral nuklerretarik heldu den elektrizitaterik gabe), baina jende gutiegik egin du hautu hori, oraino.
Aurkezten ahalko zenuke Bizi elkartea ?
Bizi 2009an sortu zen Ipar Euskal Herrian, aldaketa klimatikoaren kontra borrokatzeko. Arazo hau “borroka guzien ama” gisa identifikatu baitzen, hots, beste guziak baldintzatzen dituen borroka gisa: demokrazia, bakea, justizia soziala, eskubideen berdintasuna, pobretasunaren kontrako borroka, etab..
Gure lan eremua ipar Euskal Herria da nahiz eta mugimendu batzuk sortu Frantzia mailan (Kadera bahitzaileak, Alternatiba, ANV COP 21). Bi hizkuntzetan komunikatzen dugu eta euskarak lekua du gure elkarte bizian.
Gaur egun 690 bat bazkide gara.
Ekintza eta mobilizazio determinatuak garatu nahi ditugu estrategia klandestino edo ekintza bortitz oro argiki baztertuz. Bi zangoen gainean ibiltzen gira: salatzea eta proposatzea.
Zer bilakaera izanen da zure ustez ingurumenarekiko hurrengo 30 urtetan?
Zaila da jakitea, segur aski klima nahasmenduak aldaketa anitz ekarriko ditu gure bizi baldintzetan. Beste garai batera pasatzen ari gira. Baina gauza anitz gure esku dira: gure lurraldea nola prestatzen dugun, gure burua nola prestatzen dugun etorriko diren aldaketei egokitzeko eta aurre egiteko. Inportanteena da jendarte gisa pentsatzea, ez bakoitza bere aldetik, zeren denak lotuak baigira eta jendarte bat hobeki egokitzen baita kolektiboki jokatzen badu.
Zuk zer helburu zenuke ingurumenarentzat gaur egun?
Mailaz aldatzea:Ingurumenari lotu gaiak oinarrizkoak dira eta denen gogoan izan beharko lirateke, ez beldurra edo antsietatea sortzeko, baina beste eredu bat garatzeko: zuzenagoa, ingurumena eta jendea gehiago errespetatzen duena, maitarriagoa. Jendarte gozoagoa eta ederragoa eraikitzen ahal dugu denek elkarrekin baina orain hasi beghar da eta horretarako denen beharra badugu.
Zure ustez zein neurri hartu beharko lirateke ingurumenarekiko?
Badira 3 maila neurriak hartzeko:
- Indibiduala: bakoitzak egiten ahal duena, adibidez bizikleta edo autobusa hartu autoa erabili ordez, mugikorra ez urte guziz aldatu, haragiaren kontsumoa ttipitu eta hobetu (ona, tokikoa eta biologikoa lehenetsiz)
- Kolektiboa; adibidez Gaztetxeak antolatzen dituen ekintzak horren arabera pentsatu, erosketak egiteko momentuan (non erosten diren, zer erosten den…), hondakinak bereizi…
- Hauteskundeen bidez, bozkatzeko adina ukan eta, neurri ekologikoak eta sozialak abian ezartzen dituenen alde bozkatuz eta besteei presioa eginez neurri horiek aplika ditzaten:
- Bakarkako autoaren alternatibak garatzeko (garraio publikoak, bizikleta, auto-partekatzea)
- Energia berdeak (eraikin publikoetan eguzki-panelak, metanoa erabiltzeko zentralak, zentral hidraulikoak…)
- Hemengo ekoizleen alde (kantinetan hemengo produktuak, kalitatezkoak…)
- Hemengo ekonomiaren alde (Euskoa…)