Bizi !

Potreta: Guénolé, 45 urte, Baiona

Bretainian handitu nintzen, diseinu grafikoa Parisen ikasi nuen eta, 2001ean, Baionara bizitzera jin nintzen. Emeki-emeki, lurralde honi eta hemengo jendeari lotu natzaie.

Nahiz eta kontzientzia ekologikoa aspaldidanik badudan, eta gizarte eta ingurumen alorreko zuzengabekeriek aspaldidanik hunkitzen nauten, denbora eman nuen Bizi mugimendutik hurbiltzeko (2016 hondarrean), zeharkako bideak harturik, Euskoaren bitartez, bereziki.

Hunkitzea eta kexatzea ez zitzaidan gehiago aski ene buruarekin lasai egoteko.

Justizia sozialaren eta ingurumenaren alde mugitzea hil ala bizikoa dela agertu zait, desafio ikaragarria baita eta urgentziazko egoera batean baikaude. Uste dut erantzukizun kontu bat dela, bai maila pertsonalean, bai maila kolektiboan. Biziki fite ohartu naiz ene engaiamenduak zerbaitetarako balioko zuela. Irudiaren alorrean ditudan gaitasunak ekartzera entseatzen naiz (argazkigintzan, batez ere), gaur egungo borrokak bide horretatik ere irabazten baitira. Beste gaitasun batzuk ere garatu ditut, beste militanteei esker, eta beti aberasten ditut, bai maila teknikoan, bai harremanen mailan, bai maila intelektualean.

Inguratzen nauen munduari behako zuzenagoa ere ematen diot, hobeki konprenitzen baitut eta gero eta gehiago maite baitut.